Nora Fernandez
EHUko Genetika Irakaslea

Izturitze

2026ko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udaberriko oporretan, Nafarroa Beherean egon naiz familiarekin, eta aspaldi ikusi dudan altxorrik hunkigarri eta miresgarriena ezagutu dut: Izturitzeko kobazuloa. Edo Izturitzeko kobazuloak, miatu dugun leize bakoitza aurrekoa baino harrigarriagoa egin baitzait. Geologikoki, lurrazpian ezkutatzen den katedrala da, akustika paregabekoa, distiratsua batzuetan, museo-artelan besteetan. Mariren jauregia izan liteke, ama lurraren beraren tenplua. Zoologiaren ikuspuntutik, kobazuloaren barren-barrenean kobazuloetako hartz handiaren hezur eta aztarnak topatu dira, haren gordeleku ere izan zen seinale.

Bestetik, antropologikoki, paregabea da: duela 40.000 urteko lepokoak egiteko milaka bolatxo aurkitu dituzte lehen kameran, jatorri eta material ezberdinekoak, hamaika bidaia luzeren eta gizatalde anitzen arteko harremanen lekuko koloretsu. Bertan, itsasoko animalien eta mamuten aztarnen eta gure espezieko hezur eta arrastoen artean, neandertal baten hezur-masailaren bi zati aurkitu dituzte. Barrualderago, duela ia 20.000 urte ehunka pertsona bateratzera iritsi omen zen kamera erraldoia, harrian animaliak irudikatzen dituen grabatu zein musika egiteko txirulekin. Arte biziaren eta elkarbizitzaren mendi barneko gotorlekua, liluragarria eta biziki hunkigarria egin zitzaidan, benetan.

Lehen kamerako neandertal arrastoen gaiari helduta, sapiensenak baino zaharragoak dira, 40.000 urte inguru zaharragoak alegia, eta, ikertzaileen aburuz, sapiensek mugitu zituzten kobazuloaren sarreratik barrualdera; baina hau guztia ikusita, ezin dezaket interakzioak irudikatzearen tentaldia saihestu. Izan ere, sedimentuetako DNAk, milaka urtez lurrean atxikitako aztarna genetikoak, hezurrek isiltzen dituzten istorioak kontatzen hasi dira: Denisova bezalako kobazuloetan, teknologia horrek denboran oso hurbil gertatutako denisovarren, neandertalen eta gizaki modernoen okupazio txandakatuak agerian utzi ditu. 

Zentzu honetan, aipagarria da otsailean Science aldizkarian argitaratutako artikulua, non gure genoma modernoko X kromosoman neandertalen ekarpena txikiagoa izateari azalpen posiblea eman zioten: X kromosoman, esperotakoa baino neandertalen DNA gutxiago dago, eta ez du ematen azalpena hautespen naturala denik. Hau da, ez du ematen X kromosomako gene neandertalak kaltegarriak izateagatik hautespenarengatik ezabatuak izan direnik. Ordea, berriki argitaratutako lanaren arabera, azalpenik probableena honako hau da: neandertal eta sapiensen arteko gurutzaketan, emakume sapiensak eta gizon neandertalak elkartu zirela maiztasun handiagoz, kontrara baino nabarmen sarriago. Sedimentuetako zein hezurretako DNAk, beraz, gizataldeen arteko elkarrekintzei buruzko hamaika istorio konta diezaguke, eta baita gure antzinako portaera, kultura eta gizarte-egiturari buruzko zantzuak eman ere.

Nork daki, agian egunen batean Izturitzeko DNAk ere Euskal Herriko eta Europako mendebaldeko bizikidetzaz, erreleboez edo nahasketaz hitz egingo digun. Bitartean altxor miragarri hau bisitatzea gomendatu baino ezin dezaket egin; ez zarete damutuko, eta bihotza bete-bete aterako zarete bertatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA