Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Kondesaren baratzea

2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainian, Andaluzian, Malagako probintzian hain zuzen ere, babestutako hiru sor-marka edo jatorri izen aurki ditzakegu: Malaga, Sierras de Malaga eta Pasas de Malaga.

Gaur ezagutuko dugun upategiak, Huerto de la Condesak, Sierras de Malaga jatorri izena du, eta etiketan Serrania de Ronda gehitu dezake, Rondako mendilerroan kokatuta baitago, Malaga barnealdean. Sor-marka horrek ardo lasaiak babesten ditu: zuriak, gorriak, beltzak eta beltz goxoak.

Huerto de la Condesa upategia Rondan dago, garai bateko Heredad de Nuestra Señora de los Dolores deritzon finkan, alegia. Rondako burgesiako pertsonaia famatua zen Carmen Abela Garciak (1849-1924) agindu zuen finka hori eta barruko guztia eraikitzeko.

Espainiako Alfonso XII.ak eman zion kondesa titulua, 1917an, eta hortik dator upategiaren izena, gaur egun antzinako onibar horretan kokatuta baitago upategia.

Filoxera izurritea iritsi arte, mahastizaintza izan zen Rondako nekazaritza jarduerarik garrantzitsuena. Ia mahasti guztiak galdu zituzten filoxerarekin, baina, XX. mende amaieran Alfonso de Hohenlohek egindako landaketari esker, berreskuratu egin ziren gehienak.

Rondako mahastietan mahats mota ugari aurki daitezke, lurzoru desberdin ugari daudelako eta baita altuera desberdinak ere. Hori guztia kontuan hartuta uler daiteke ardoen aniztasuna ere handia izan daitekeela.

Huerto de la Condesaren mahastia Guadalcobacin ibaiaren bailaran dago, hondarrez eta buztinez osatutako lurretan, drainatze gaitasun handiko lurretan. Erreka txiki bat igarotzen da lur horietatik, makal, intxaurrondo, elorri zuri, zume jator eta irasagarrez osatutako finka bitan zatituz.

Guadalcobacin ibaiaren eraginez, finka horretan tenperaturak leunagoak dira Rondako beste edozein tokitan baino, eta mahatsa behar den moduan heltzeko hain garrantzitsuak diren gauaren eta egunaren arteko oszilazio termikoa handia da.

2008an garnatxaz osatutako hektarea bateko mahastia landatu zuten eta handik bi urtera beste hektarea bat landatu zuten, syrah mahatsarekin, biak ala biak besondorako mahatsondoz osatuak.

Garnatxa eta syrah mahats motak Rondako klimara eta lurretara oso ondo egokitu direla ematen du.

Bost ardo desberdin egiten dituzte: lau beltz eta gorri bat. Beltzetan, bat baino ez da monobarietala —mahats mota bakarrarekin egina—, garnatxa mahatsez egina, El Pinsapo. Beste hirurak, Huerto de la Condesa, Los Cipreses eta Pampaneando, garnatxa eta syrah mahatsak nahasita eginak dira. Gorria ere, Los Cipreses Rosado, monobarietala da, garnatxaz egindako monobarietal bikaina.

Ardo horiek guztiek dute euren edertasuna eskaintzeko, baina El Pinsapo beltza eta Los Cipreses gorria nabarmenduko nituzke nik, beste guztien gainetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.