Imajinatu zure urteroko osasun azterketan odol analisiaren ordez listu tanta bat nahikoa balitz zure gaixotasun arriskuen berri izateko. Zientzia fikzioa dirudien arren, gure ikerketa taldeak ehunka markatzaile molekular identifikatu ditu ahoan, minbiziaren, diabetesaren edota parkinsonaren arrastoak atzeman ditzaketenak.
Gaixotasunak pairatzeko arrisku genetikoa jaiotzen garenetik dugun ekipajea da; batzuek zama handiagoa daramate, beste batzuek txikiagoa. Baina herentziak ez du halabeharrez patua erabakitzen. Arrisku handiarekin jaio eta gaixotasunik garatzen ez duen pertsona ugari dago, eta arrisku txikia izan arren gaixotzen denik ere bai, elikaduraren, kutsaduraren edo infekzioen eraginez. Bizitzak erabakitzen du bilakaera.Â
Bizi izandako guztiak arrastoa uzten du genoman. Fenomeno horri epigenetika esaten zaio, eta geneak pizteko edo itzaltzeko etengailua da, kode genetikoa aldatu gabe. Markarik ezagunenak, DNAren metilazioak, jatorri genetikoa du batzuetan, eta beste batzuetan, ingurumenak edo bizimoduak eragiten du. Jatorria edozein dela ere, marka epigenetikoak pilatuz doaz gaixotuko diren organoetan (garunean, pankrean...) eta gaixotasunera garamatzaten aldaketa horiek aurretik antzematea giltzarri izan liteke diagnostiko goiztiarrerako eta prebentziorako.
Alabaina, tokian tokiko jarraipena egitea ia ezinezkoa da: biopsiak inbaditzaileak eta arriskutsuak dira, eta ezin dira behin eta berriz errepikatu. Orain arte, odola izan da ordezko bide nagusia, baina badago beste leiho bat: ahoa. 350 pertsona baino gehiagoren listuko marka epigenetikoak eta gaixotasunak pairatzeko arrisku genetikoa uztartuz, gure ikerketak erakutsi du listuko DNAren metilazioa gorputzaren ispilua izan daitekeela. Hau da, gaixotasunen sintomak agertu baino lehen, garuneko edo pankreako aldaketa epigenetikoak listuan ere hauteman daitezkeela. Bestalde, listu-analisiak aldiro errepika daitezke, minik gabe, arriskurik gabe eta profesional espezializaturik gabe. Mota honetako azterketen bidez, sortzetiko arriskuaren argazkiaz gain arrisku horren garapena ikusi ahal izango dugu denboran zehar. Epigenetika, gainera, ez da behin betiko kondena, itzulgarria baita, eta bizimoduko aldaketek eragin zuzena izan dezakete horretan, eta prebentzioa posible egin, bakoitzari bere neurrian. Batzuek nahikoa izango dute tabakoa uztea edo elikadura hobetzea. Beste batzuek esku-hartze medikoa beharko dute, eta agian botika profilaktikoak ere bai. Baina gakoa garaiz jakitea da.
Gure ikerketa hasierako fasean dago, eta emaitzak lagin handiagoetan berretsi behar dira. Baina pausoa emanda dago, eta datu guztiak katalogo publiko batean jarri ditugu, ikertzaileek beste gaixotasunen arriskuak ere azter ditzaten. Medikuntza prebentiboa ez da soilik patua iragartzea, norabide okerrean goazela ohartu eta aldatzeko modua dagoela jakitea baizik. Eta listuak uste baino gehiago du esateko, entzuten ikasiz gero.