Ane Muñoz.
Maratila

Lo eta isilik egon

2014ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Hirigunera iristen, zuhaitz sendo batzuen atzean erdi estalita, lau izarreko hotel txiki bat dago. Logela gutxiko hotel garbi, txukun eta dotorea, jauregi txiki baten antzera dekoratua, eta lorategi eder bat aurrean.

Hortik pasatzen diren bezeroek badakite nora doazen eta zer aurkituko duten bertan. Hirian eta aldi berean mundutik urrun, bakea, intimitatea, diskrezioa. Gehienak turista atzerritarrak dira, inork gogaituko ez dituen toki goxo batean lasai egotera etorriak.

Aurretik adostua balitz bezala, hotel horretan ez du inork ozen hitz egiten. Ez ozen eta ez normal, xuxurlatuz komunikatzen dira, poliki, suabe. Eta ibili ere suabe ibiltzen dira, lurra zapalduko ez balute bezala. Ze isilak diren, ene, ze diskretuak. Horra mamuen hotela.

Eta, bat-batean, tatxaaan! Betiko filmaketa talde puñeteroak eszena batzuk bertan filmatu behar eta, «kukuuu, hemen gaude-eee». Horreur, iritsi da konpartsa.

Berez oso talde txikia hurbildu bada ere, teknikari gutxi eta hiru bat aktore, goizetik gauera matraka ematen aritu dira. Nola ez. Imajinatu, hotel horretan gauak balioko duenarekin, eta, bakea aurkitu ordez, zera, bat pasilloetan gora tripodearekin, dekoratzailea bere trasteekin, argiztatzaileak, pertika, monitoreak... Enpin, betiko inbasioa. Eta bezeroak non sartu.

«Ekin», «moztu», «isilik, mesedez»... Ezin dituzte eskailerak jaitsi ikusi egingo dituztelako, ezin igogailua erabili soinua egiten duelako, ezin dutxatu edo bonba bota soinuarekin eszena zapuztuko dutelako, ezin sexua...

Eta turistok oraindik ere inbaditzaileei mirespenez begira geratzen dira, traba guztien gainetik, filmatzea jainkoen gauza balitz bezala. Eskertzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.