Askotan esan dut eta gaur berriz ere esango dut: zenbat eta gehiago ikasi, zenbat eta gehiago aritu ardoaren mundu aberats eta konplexu honetan, orduan eta gehiago konturatzen naiz zeinen gutxi dakidan. Badira urte batzuk ardoaz gozatzen, ikasten, dastatzen, aztertzen ari naizela, baina aitortu beharra dut duela egun gutxi batzuk arte behin ere ez nuela entzun gaurkoan hizpide izango ditugun mahaspasa ardoak edo... egosiak edo, ez dakit nola itzuli Errioxan vinos supurados deitzen diren ardoak. Harrigarria iruditu zitzaidan duela aste batzuk hona ekartzeko nobedade bila nenbilela vino supurado hitza irakurri nuenean, eta interesgarria iruditu zitzaidan, eta bitxia.
Ardo bitxi horiek nekazariek lehortu eta mahaspasa moduan jateko gordetzen zituzten mahatsetan omen dute jatorria, zeinak Gabonak arte gordetzen baitzituzten. Horretarako, mahats ale helduenak aukeratzen ziren, ahalik eta askeen ziren aleak; beren artean ukitzen ez ziren aleak, alegia. Gehienetan garnatxa ziren eta hilabete batzuen ostean ura galdu eta deshidratatu egiten ziren, eta horregatik omen supuratuak izena. Gabonetan soberan zeuden mahats mordoak prentsatu eta hartzitzen jartzen ziren garrafoi eta bestelako ontzietan. Hilabete batzuk pasatu ondoren, eta hartzidura amaituta zegoenean, azukre ugaria zuen ardo bat geratzen zen. Ardo hori, oso gozoa izan arren, freskoa ere bazen, mantentzen zuen azidotasunari esker, eta postrerako ardo gisa eta ardo medizinal moduan erabiltzen zen, bere ezaugarri suspergarri eta indargarriengatik.
Hainbat ahalegin egin dira azken urte hauetan, baina badirudi azukre gehiegirekin-edo ateratzen zirela ardoak eta arazoak egon direla.
Azken uztaldi honetan, nabarmentzekoa da Dinastia Vivanco upategi ezagunak egin duen ahalegina ardo berezi eta bitxi hau berreskuratzeko.
Antzina etxeetan soberan geratzen ziren mahatsekin egiten baldin baziren ere, gaur egun badirudi egokiagoa ikusten dela mahats aleak mahastian bertan uztea eta mahats pasifikatu horiekin ardoa egitea, beste hainbat tokitan egiten diren mendema berantiarren antzera...
Mahatsak, besteak beste, botrytisak ekar lezakeen onura izateko utzi dira mahastian, Sauterneseko ardoetan bezala, edo goizetako behe lainoek Ebro ibaiarekiko hurbiltasunari esker botrytisa ahalbidetu dezakeelako eta horrek ardoari konplexutasuna eta zahartzeko gaitasuna areagotu egin diezaiokeelako.
Urtarrilean aritu ziren tempranillo, garnatxa, graciano eta mazuelo mahatsak biltzen Brionesen Dinastia Vivanco upategikoak. Egun ardo hau ardo esperimental moduan onartuta dago Errioxa jatorri izenean.
El Cantillo lur sailean aukeratu dituzte ardo hau egiteko mahatsak; Brionesen upategia inguratzen duen lur sailetan, hain zuzen ere.
2009an ere kopuru txiki bat ardoztatu zen, etorkizuneko erreferentzizko parametroen bila. Beraz, bigarren uztaldia izango dela esan daiteke.
Probatu beharko dugu...
Elikadura. Ardoxka
Mahaspasa ardoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu