ARGI ALDIAN

Migrazio klimatikoak

Anju Anna John, Stefano Balbi
2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Munduko 3.300 eta 3.600 milioi pertsona artean bizi dira leku zaurgarrietan, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera. Arrisku klimatikoen aurrean bereziki zaurgarriak dira Afrika Mendebaldeko, Erdiko eta Ekialdeko herritarrak, Asia Hegoaldekoak, Erdialdeko Amerikakoak eta Hego Amerikakoak, garapen bidean diren uharte-estatu txikietakoak eta Artikokoak. Klima aldaketa ingurumenaren baldintzak okertzen ari da, eta horrek gero eta herritar gehiago behartzen ditu beren etxeak uztera. Ekonomiarako eta Bakerako Institutuak uste du 2050ean 1.200 milioi pertsonak lekualdatu beharko dutela hondamendi naturalek azken hamarkadetako erritmoan gertatzen jarraitzen badute. Estimazio kontserbadoreak dira, espero baita hondamendi naturalak areagotu eta orokortu egingo direla datozen hamarkadetan.

Zaila izan da klima aldaketak eragindako migrazioak aurreikustea, migrazioa hainbat faktorek eragiten baitute, eta, ia inoiz ez, faktore bakar batek. Ingurumen faktoreek gero eta gehiago eragiten dute migrazioak bultzatzen dituzten arrazoietan, hala ekonomikoetan (lanerako aukerak), nola sozialetan (hezkuntza, familia) eta baita politikoetan ere (jazarpena, gatazkak, pizgarri politikoak). Oxfamek duela gutxi kaleratutako txosten batek erakutsi ditu klima aldaketak eta goseak dituzten loturak munduko hamar erdigune klimatiko nagusietan. Muturreko fenomeno meteorologikoak (uholdeak, lehorteak) eta eboluzio moteleko fenomenoak (itsas mailaren igoera edo basamortutzea) elikagai segurtasunari eragiten ari zaizkio eta elikagaiak garestitzen ari dira abeltzaintzaren eta nekazaritzaren mende bizi diren eskualdeetan.

Lehen begi kolpean, migrazioak onurak ditu pertsonentzat, jatorrizko estatuarentzat eta harrera herrialdearentzat. Jatorrian, migrazioek komunitateei lagundu diezaiekete diru iturri berriak bilatzen eta ingurumen aldaketei hobeto eusten. Helmugan, immigrazioak eskulan merkea edo kualifikatua eskaini dezake herritarren zahartzeari eta jaiotze tasa apalei aurre egin behar dieten ekonomietan. Hala ere, hain aurreikuspen zitaletan ere, migratzeko erabakia ez da hain erraza. Migratzeak duen kostuak atzera eginarazten die pobreei —eta, sarritan, zaurgarrienei—. Indarrean dauden gatazkek ere eragotzi egiten diote jendeari eskualde horietatik joan ahal izatea. Migratzea lortzen dutenek zenbait pertsonen erreakzio xenofoboei aurre egin behar izaten diete helmugako herrialdeetan, pertsona horiek uste dutelako lanpostuak lortzeko lehiakideak eta segurtasunerako mehatxua direla. Ikerketek erakutsi dute zenbait faktorek oztopatu egiten dutela migrazioaren eraginkortasuna: migratzaileek jasan behar izaten duten esplotazioak; haien osasunean dituen ondorio kaltegarriek; eta gizonek lan bila emigratzen duten herrialdeetan emakumeen eta haurren genero zaurgarritasuna handitzeak.

Horrek guztiak erakusten du erabakigarria dela agintari politikoek klima aldaketa arintzeko neurriei ekitea. Aldi berean, migrazio klimatikoari aurre egiteko lan egin behar dute. Horretarako, migrazio klimatikoa definitzeko, neurtzeko eta aurreikusteko ahalegina egin behar dute datozen urteetan. Klima aldaketa arintzeko konponbideetako bat izan daiteke naturan oinarritutako konponbideak onartzea, hau da, ekosistema naturalak eta aldatutakoak babestuko, modu iraunkorrean kudeatuko eta lehengoratuko dituzten ekintzak. Indigenen komunitateen jakinduria oso baliotsua izan daiteke horretarako.

Ez da beranduegi gure karbono isuriak gutxitzeko eta komunitate zaurgarrienei bitartekoak (finantzieroak) emateko, egokitze eraginkor bat, eta, ziurrenik, naturan oinarritutakoa, ahalbidetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.