Izortze Santin.
EHUko irakaslea eta Biobizkaia institutuko ikertzailea

Minbiziek diotena

2026ko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezagutzen diren minbizien artean, pankreako minbizia da hilgarrienetakoa. Behin minbizia diagnostikatuta, gaixoen biziraupena, bost urtera, %13 ingurukoa da. Hori dela eta, azken urteetan ahalegin handia egin da minbizi horren kontrako tratamendu berrien bilaketan.

Pankreako minbizia bi azpitaldetan bana daiteke. Alde batetik, hereditarioak daude, eta pankreako minbizi guztien %10 dira horiek; bestetik, somatikoak daude, eta pankreako minbizien %90 dira horiek. Batzuetan zein besteetan, gene zehatzetan gertatzen diren mutazioek eragiten dute minbiziaren garapena. Mutazioek, gene horietan dagoen informazio genetikoa aldatu, eta ehun osasuntsuetan ekoizten ez diren proteinak ekoiztea eragiten dute. Esklusiboki tumoreetan ekoizten diren proteina berri horiei neoantigenoak deitzen zaie, eta azken urteotan pankreako (eta beste mota batzuetako) minbiziak tratatzeko itu terapeutiko bilakatu dira.

Joan den maiatzean Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean, neoantigeno tumoral horietaz baliatuz, RNA mezularian (mRNA) oinarritutako txertoekin egindako entsegu kliniko baten berri eman zuten. Lehendabizi, pankreako minbizia zuten pazienteei tumorea kendu zieten, kirurgiaren bitartez. Paziente bakoitzaren tumorearen DNA eta RNA aztertuz, tumore bakoitzak ekoizten zituen balizko neoantigenoen zerrenda egin zuten. Ondoren, neoantigeno horiek ekoizteko beharrezkoak ziren mRNA mezulariak sortu, eta txerto pertsonalizatuak egin zituzten; paziente bakoitzak bere tumoreak espezifikoki ekoiztutako neoantigenoen txertoa jaso zuen, immunoterapiarekin eta kimioterapiarekin konbinatuta. Paziente bakoitzaren sistema immunitarioa entrenatzea zen helburua, neoantigeno horiek ezagutu eta horiei kontra egiteko.

Entsegu klinikoaren lehenengo fasearen emaitzek itxaropen handia sortu zuten. Tratatutako hamasei pazienteetatik erdiek tumorearen kontrako erantzun immunitarioa garatu zuten, eta, horien artean, %85,6k bizirik jarraitzen zuten sei urte geroago. Kontuan hartuta pankreako minbizia diagnostikatu zaien pertsonen biziraupena oso txikia dela, entsegu kliniko horren emaitzak oso onak direla esan daiteke.

Pankreako minbizian lortutako emaitzetatik harago, tumoreek ekoiztutako neoantigenoetan oinarritutako mRNA txertoak baliagarriak izan daitezke beste minbizi batzuetarako ere. Estrategia argia da: minbiziek diotena entzun, eta horretaz baliatu haien kontrako tratamenduak garatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE