Elikadura. Hazkurri kontuak

Munduko hoberenak, segun…

2013ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bat

Astelehenean eman ziguten albistea: katalan bat, munduko onena; Mugaritz laugarrena; Arzak, zortzigarrena, etc. Hego Euskal Herriko prentsak espainiarren berri eman du, baina ez du aipatu Iñaki Azpitarteren merituek 14. tokia lortu dutela. Akaso espainola ez delako.

Euskal chef gazte horren Chateaubriand jatetxea Parisen dago, luxuzkorik ez du, bertan afaltzeko 16 hilabetez itxaron behar da eta menu bakarra eratzen eta eskaintzen du, merkatuaren arabera, 60 euro ordainduta.

Sagardotegiaren biko, alegia, munduko 14. hoberena.

Atxondoko Etxebarri erretegi bizkaitarra 44. postuan kokatu da aurten; honek, gainera, webgunea ingelesez eta espainolez bakarrik egin du. Hala ere, aipamenik ez.

Goraxeago, zerrenda horretako 31. tokian agertzen da Mikel Alonso eta Bruno Oteiza donostiarren Biko jatetxea (Mexiko). Isilik «gure» prentsa.

Jatorrizko testua «kopiatu eta itsatsi» aurretik, ongi irakurri al dute kazetariek?

Bi

Zerrenda horretako buru Ferran Adria agertu izan da lehenago. Espainiarrak liluratuta daude sukaldari katalan horrekin, «munduari espainiar gastronomiak nolako maila duen eta espainolei ongi jatea zer den irakatsi» dielako.

Ostalari abangoardista horrek luze jardun du bi muga «sakratu» zeharkaturik:

Janaren kostua ahaztu egin zaio, nonbait, jasotzen zituen diru-laguntza ugariekin eta mahaikideei kobratzen zienarekin irauteko aski izan ez duelako. Fikzioan bizi izan da. Okerrena, herritar denek ordaindutako zergetatik pribilegiatuei bakarrik zabaldu die jatetxeko atea, langabetu, ikasle, pentsiodun eta langile xumeek ez dutelako hango menua pagatzeko adina diru libre.

Jatetxean kontua da osotasun harmoniko bat lortzea. Jatuna harritzea, jatuna liluratzea, etc. ez da azken bazterreko elementua, ezta behinena ere. Jana jangarri ez denean, jatuna nekatu egiten da, edukazioz haserrea agertzen ez badu ere.

Bukatzeko, espainolei ongi jaten irakatsi diena ez da Adria; gehienez ere, nor bere etxeko sutondoan probaren bat egitera ausartuko zen, Bulli-ko eraginez. Ongi jaten irakatsi diena Argiñano da (barkatu gure ortografia, Karlos), hogeita lau urtez estatu horretako jende askoren ohiturak dezente findu dituelako telebistatik, gastronomiaren mesedetarako. Espainiako restauranterako bidea Argiñanok erakutsi die herritarrei. Hegoaldean ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.