Nerea Osinalde.
Biokimika eta Biologia Molekularra saileko irakasle titularra

Neuronak: minbizidun zelulen aliatuak

2026ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizirik irautea muturreko kirola izango balitz, minbizi zelulak txapeldunak lirateke, etenik gabe ugaltzeaz gain heriotzari askotan ihes egiten baitiote. Horretarako makina bat mekanismo garatu dute, eta horiek ezagutzea ezinbestekoa da minbiziari aurre egiteko terapia eraginkorrak diseinatzeko.

Tumoreetan zelulak oso azkar hazten direnez, energia eskariak gainditu egiten du odol hodiek tumorera oxigenoa eta nutrienteak eramateko duten gaitasuna, eta tumoreen barruan horien eskasia egoten da. Minbizi zelulek seinale kimikoak askatuz gorputzari laguntza eskatzen diote odol-hodi berriak sortzeko. Farmako batzuek, hala nola Bevacizumab-ek, tumorera heltzen den odol fluxua murriztuz erasotzen diote minbiziari.

Horrez gain, ingurune zail horretan bizirauteko, minbizi zelulek beren metabolismoa birprogramatzen dute. Zehazki, oxigenoa behar duten bide metaboliko motel eta eraginkorrak erabili beharrean, oxigenorik behar ez duten bidezidor ez hain eraginkor baina oso azkarrak erabiltzen dituzte energia ekoizteko. Hori dela eta, fase klinikoan dauden farmako askok oxigenorik behar ez duten bidezidor horiek blokeatzea dute helburu. 

Askok galdetuko diozue zeuen buruari zergatik gure sistema immuneak ez duen ezer egiten minbizi zelulak suntsitzeko. Minbizi zelulek azukrez estaltzen dute beren gainazala, sastraka bat balitz bezala, eta horrek ikusezin bihurtzen ditu immunitate sistemako zelulentzat. Horregatik, garapen bidean dauden tratamendu batzuen helburua ikusezintasun geruza hori ezabatzea da. Gainera, zelula gaiztoek, substantzia ezberdinak jariatuz, immunitate sistemako zelulak inaktibatzen dituzte. Horregatik, Nivolumab, Pembrolizumb edota Atezolizumb bezalako antikantzerigenoek tumore zelulek askatzen dituzten itzaltze seinaleak blokeatuz suspertzen dute immunitate sistema.

Minbiziaren aurkako tratamendu eraginkor ugari egon arren, egun, minbiziak heriotza gehien eragiten duen gaixotasuna izaten jarraitzen du. Minbiziari aurre egiteko estrategia berriak diseinatzea ezinbestekoa da, eta horrek zelula gaiztoen biologia sakon aztertzea eskatzen du. 

Duela urte batzuk ikusi zuten tumoreen inguruan neurona ugari daudela. Horien presentziak tumoreak oldarkorragoak izatea eragiten du, eta metastasia sortzeko joera handiagoa da. Tumoreak neuronen hazkuntza bultzatzen duela ikusi zuten, horren zergatia ulertu gabe. Berriki jakin da minbizi zelulek gertuko neuronen mitokondriak, hots, energia ekoizteko lantegi txikiak bereganatzen dituztela bi zelulen artean eratzen den tunel antzeko egitura baten bidez. Horren ondorioz, minbizi zelulak indartsuago bihurtzen dira, eta metastasirako beharrezko energia ekoizteko gaitasuna lortzen dute. 

Aurkikuntza paregabe horrek minbiziari aurre egiteko tratamendu berrien diseinurako ateak ireki ditu. Adibidez, neuronen eta zelula gaiztoen arteko hartu-emana blokeatuz gero, tumore zelulek metastasiak eratzeko zailtasun gehiago izango lituzkete, eta hori, zalantzarik gabe, albiste bikaina litzateke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA