Ugaztunak eta hegaztiak izaki homeotermoak dira: inguruneko baldintzak edozein direla ere, gorputzeko tenperatura nahiko konstante mantentzeko gai gara, hain zuzen ere. Horrek konpromiso energetiko ikaragarria eragiten du. Esaterako, gizakiok ekoizten dugun energiaren %60-70 bero gisa askatzen dugu, eta bero hori, neurri handi batean, gure gorputzeko tenperatura konstante mantentzeko erabiltzen da. Energiaren gainerako %30-40, besteak beste, muskuluak uzkurtzeko, digestioa egiteko eta zelulek zein organoek behar bezala funtzionatzeko erabiltzen da.
Gizakiok beroa ekoizteko estrategia ezberdinak garatu ditugu. Batetik, atsedenaldian, gorputzak egiten dituen oinarrizko funtzioei esker (arnasketa, bihotzaren taupadak, etab.) beroa ekoizten dugu. Modu aktiboagoan, elikagaiak digeritzean eta ariketa fisikoa egitean ere berotu egiten gara. Hotzak gaudenean, berriz, muskuluek hotzikarak izaten dituzte berotzeko. Baina inoiz erreparatu badiozue, jaioberriek ez dute hotzarekin dardararik egiten. Hotzari aurre egiteko ehun arrea aktibatzen dutelako da. Hibernatzen duten animaliek ere, hala nola hartzek, saguzarrek eta marmotek, gantz arrea erabiltzen dute neguan gorputza bero mantentzeko.
Ehun arreak termogenina deitzen den proteina berezi bat du, eta, horri esker, lipidoak eta glukosa kontsumitzen ditu beroa ekoizteko. Ondorioz, gorputzeko gantz kantitatea murrizten laguntzen du, eta pisu handitzea prebenitzen du. Hori horrela, ehun arre asko edo bereziki aktiboa duten pertsonek obesitatea eta 2 motako diabetesa pairatzeko arrisku txikiagoa dutela ikusi dute. Are gehiago, badira garatzen ari diren zenbait botika termogeninaren aktibitatea sustatuz obesitateari aurre egin nahi diotenak. Baina berriki, aurkikuntza batek arreta gunea beste proteina batzuetara desbideratu du.
Mitokondriaren gelaxkak
Termogenina izango balitz ehun arrean beroa sortzeaz arduratzen den proteina bakarra, termogeninarik gabeko organismoek hotzari aurre egiteko arazoak eta gainpisua izango lituzketela espero genezake. Baina saguekin egindako ikerketa batean aurreikuspen horiek ez dira bete. Hori dela eta, ehun arrean mekanismo gehigarri bat dagoela ondorioztatu zen.
Energia sortzeaz arduratzen den makineria ia guztia, termogenina barne, mitokondria izeneko zelulako gelaxkan kokatzen da. Lehengoz frogatu dute peroxisoma izeneko gelaxketan ere beroa ekoitzi daitekeela nutrienteak erabiliz; ez termogeninaren bidez, baizik eta FASN-ACOX2 proteinen bidez. Hortaz, hurrengo erronka argia da: FASN-ACOX2 proteinak aktibatzeko gaitasuna duten farmakoak edo bestelako bideak garatzea. Mitokondriak eta peroxisomak elkarlanean jarriz gero, gainpisuari eta horrekin erlazionatutako gaitz metabolikoei aurre egiteko aukera gehiago izango ditugu