Azken urte hauetan, mediku-ikerkuntzaren arlo garrantzitsuenetariko bat medikuntza erregeneratiboa izan da. Medikuntza erregeneratiboak kaltetutako ehun eta organoak birsortzeko aukera ematen du, eta, beraz, gaur egun sendaezinak diren gaixotasunak (parkinsona eta alzheimerra, besteak beste) etorkizunean sendatzeko itxaropena eskaintzen du. Bestalde, medikuntza erregeneratiboaren bidez transplanteetan erabiltzeko organo artifizialak lortu litezke. Organo hauek, paziente beraren zelulekin eginda badaude, ez lukete errefusa arazorik sortuko.
Ehun edo organo baten birsortzeko gakoa zelula ametan datza. Zelula horiek beste edozein zelula mota sortzeko gaitasuna dute, eta medikuntza erregeneratiboaren arloko esperimentuetan ezinbestekoak dira. Beraz, nondik atera ditzakegu zelula amak? Alde batetik, zelula amak enbrioi batetik lortu daitezke, baina prozedura honek arazo etiko-legalak sortzen ditu. Beste alde batetik, izaki heldu baten hezur muinean ere aurkitu daitezke zelula amak, baina oso urriak dira.
Hori dela eta, zelula amen lorpena errazten duten hobekuntza teknikoak oso garrantzitsuak dira, eta arreta asko jasotzen dute. 2006an Yamanaka ikerlari japoniarraren taldeak zelula normalak (larruazaleko zelulak, adibidez) zelula amak bihurtzeko prozedura bat asmatu zuen. Prozedura honetan, birusak erabiltzen zituzten zelula normal batean lau gene sartzeko. Gene hauen aktibitateak zelula ama baten ezaugarriak ematen zizkion zelulari. Yamanakaren prozedurarekin lortutako zelula amak iPS (induced pluripotent stem cells) izenaz ezagutzen dira. iPS zelulen erabilpenak aurrerapen nabarmenak ahalbidetu ditu medikuntza erregeneratiboaren ikerkuntzan, eta Yamanakak Nobel saria jaso zuen 2012an. Halaere, iPS zelulen aplikazio klinikoa mugatuta dago, birusen erabilpenak eta lau gene berrien aktibitateak tumoreen arriskua sortzen baitu. Muga hori ezabatuko lukeen beste aurrerapen bat iragarri zen orain dela bi hilabete. Nature aldizkarian publikatutako bi artikulutan, Haruko Obokata, beste ikerlari japoniar batek eta bere taldeak odol zelula normalak zelula amak bihurtzeko prozedura berri eta miresgarri bat deskribatu zuen. Prozedura hau estresean oinarritzen zen.
Estres hitzak esanahi ezberdinak izan ditzake, testuinguruaren arabera. Biologia zelularraren arloan, zelulak egoera ezeroso batean jartzen baditugu (adibidez, oxigeno kopurua aldatu edo tenperatura igotzen badugu) zelulak estresatzen direla esaten da. Estres horrek ondorio ezberdinak eragin ditzake zeluletan. Obokata eta bere taldearen arabera, sagu baten odol zelulak estresatzen direnean (adibidez, medio azido batean murgilduz) zelula amak bihurtu daitezke. Dirudienez, prozedura hori oso sinplea da, eta ez du Yamanakaren metodoarekin erlazionatutako arazorik sortzen. Prozedurak giza zelulekin funtzionatuko balu, medikuntza erregeneratiboaren aplikazio klinikoak nabarmenki erraztuko lituzke. Noski, aurkikuntza honek ikerketa taldea ospetsua egin du.
Hala ere, aste gutxi batzuk geroago, arazoak hasi ziren. Beste ikerketa talde batzuek, estres prozedura saiatu eta gero, ezin izan zituzten odol zelulak zelula amak bihurtu. Zientzi arloan, emaitzak ontzat emateko eta onartuta izateko froga definitiboa beste talde batek errepikatu ahal izatea da. Horrela ez bada, emaitzak susmopean geratzen dira. Bestalde, badirudi Obokataren tesian kopiatutako datu batzuk aurkitu dituztela.
Eta zer gertatzen da orain? Bi aukera daude puntu honetan, nire ustez. Nik espero dut beste talde batek Obokataren emaitzak errepikatuko dituela. Estres prozedura sinple izateak ez du esan nahi erraza denik. Baina estres prozeduraren emaitzak benetakoak ez badira, Nature artikuluak atzera egin beharko dituzte, eta Obokataren etorkizuna zientzian oso iluna izango da. Istorioaren bukaera ez dago batere argi. Baina ziur aski Obokataren laborategian zelulak ez dira estresatuta dauden bakarrak azken bolada honetan.

Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Obokataren estresa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu