Santi Leone.
Maratila

Otordua

2013ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Eguzki amandrea ortzian galai, Hondarribian geunden, hondartzarako aitzakian. Ohitura dugu itsasorik gabeko nafarrok, gernu isuriak bertan askatzekoa. Izan ere, etxean bezala sentitzen gara Hondarribian; are Nabarralde sortu zenez geroztik. Azala dagoeneko erre usaina jaulkitzen hasi zelarik, atxamartak hartu, eta herri aldera jo genuen, Jaizkibel mendiko lanbrodun pintxoa dastatze aldera.

Orduantxe gertatu zen. Hamaika pauso ere ez genituen eman, artean fresko, pintaketa bat ikusi genuenean: «Hondarribia ez da Nafarroa». Ikuspuntu administratibo batetik Hondarribia Nafarroa ez dela jakiteko ez da bereziki azkarra izan behar. Baina bertze gauza bat iradokitzen zuen pintaketa hark: hondarribiarrek ez dutela Nafarroa izan nahi. Zinez ulertezina.

Lehenik pentsatu nuen Diario Vascok uste baino hedatuago dituela tentakuluak, Bidasoa ertzeraino. Eta, bigarrenik, hondarribiarrak inozo samarrak direla. Nafar izateko harrotasunen artean aipatuko nieke bat, badakit eta itsasaldeko nafar hauek urdailaren bitartez konkistatzen direla: gure gastronomia. Eta ez gaztaina urrineko morokil-kabiarrezko esferaren hustuketa oteizarra. Ez. Gauza sinple baina kitzikagarriago bat, edozein hiritar, Barcina bera ere, nafar bilakatuko lukeena: espagetiak gorotz hondarrekin. Nola egon daiteke jendea, arte lan goren hori sortzeko gauza den erresuma bateko kide izan nahi ez duena? Koleratu nintzen, amorruz bete, espantuka hasi, garrasi batean.

Kolpetik esnatu naiz. Izerditan. Erizaina daukat aurrean, irribarre gozoa opari. Otordua dakarren erretiluari kontu egiten dio bi eskuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.