Ane Muñoz.
Maratila

Petanka

2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Ene, ze kalezaleak garen eguraldi ona lagun dugunean. Behar biologikoa izango bagenu bezala, berotasuna larruan sentitu eta aire epela arnasteko grinaz kanpora irteten gara, ahalik eta eguzki gehien aprobetxatzera. Kontsumi dezaketenek terrazak betetzen dituzte, eta besteek, pasealekuak, kaleak, plazak, parkeak...

Atzo Irungo auzoko parke batetik pasatu nintzen. Umeak tilin-talan, irrist eta «amaaa», «aitaaa», «agüelooo», «mamiii» zebiltzan bitartean, gurasoak hitz eta pitz, nerabeak sakelakoekin hipnotizatuta, eta han erdian, gizon edadetu batzuk petankan jolasten. Petankan!

Bitxia iruditu zitzaidan Madrileko auzoetako parkeetan maiz ikusitako eszena bera, ustez hain kastellanoa, berton ikustea. Hemen, eguzkia denean, zaharrak paseatzen ikusten dira, banku batean solasean edo paisaiaz gozatzen, gero eta gutxiago txikiteoan, eta, asko jota, baten bat tokan ere ariko da. Baina petankan...

Zahar bezain jolasti, ez zituzten laurogei urte baino gutxiago izango, eta hantxe zebiltzan, eguzkia lagun, beharbada sasoiko lehen partida zenaz gozatzen. Bata makuluarekin, besteak eskua gerrian ezin oinazeak disimulatu, potoloenak makurtzeko indarrik ez, eta taldeko txikitxoa, arinena izateagatik, to, aldiro bolak jasotzera. Ikustekoa zen nola harropuzten zen beste berritsu hura bolak ondo jota guztiek txalotzen zutenero. Kontzentratuta zeuden, mundutik at, petankan! Etxerakoan jakin nuen petanka berez Frantziako Proventzan sortu zela eta ez Gaztelan, kirola dela eta ez jolasa, eta ni bezalako ezjakin batentzat harrigarriena, zera, petankako euskal federazioa eta guzti daukagula. Ez nekien, ba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.