Hainbat aldiz idatzi dut ardo apardunei buruz. Champagnen izan gara hainbatetan, eta Kataluniako cava bikainak ere ezagutzeko parada izan dugu inoiz.
Alemaniako Sekt ere aipatu dugu inoiz, eta Italiako Prosecco eta Franciacortaz ere aritu gara noiz edo noiz.
Eta ardo horiek guztiek duten ezaugarri komuna zera da: aparra hartzeko bigarren hartzidura egin behar izaten dutela, batzuetan botilan (champenoise metodoa) eta beste batzuetan depositu handietan (charmat edo Martinotti metodoa).
Baina, orain arte, sekula ez dut ez entzun, ez irakurri ere, hartzidura hirukoitzaz egindako apardunik bazegoela. Garagardoetan bai, baina ardo apardunetan… Ez.
Lagun baten bitartez iritsi zitzaidan berria, eta, egia esan behar badut, dudan jarri nuen hark esandakoa: «Ez ote da erratu?», pentsatu nuen.
Baina ez, arakatzen hasi han eta hemen, eta lagunak emandako datuekin aurkitu nuen ardoa; eta baita dastatzeko aukera ere. Eta esan behar da merezi duela, benetan.
Alberto Quacquarini du izena ardoak eta baita upategiak ere. Italiakoa da ardo bitxi hori, Marche eskualdekoa, Macerata probintzian eta Serrapetrona herrian. Alde batetik, herriak ematen dio jatorri izena ardoari; eta, bestetik, erabiltzen den mahatsak (vernaccia). Beraz, ardo horrek Vernaccia di Serrapetrona du jatorri izena.
Vernaccia Nera da ardo bikain hori egiteko erabiltzen den mahatsa, eta badirudi latineko vernaculum (bertakoa) hitza duela jatorrian. Bi motatako ardo apardun beltz egiten dira, bata lehorra eta bestea gozoa.
Baina bitxiena ardotze prozesua da, bata bestearen atzean hiru hartziduraren ondorioa delako: mahats bilketaren ostean, mahats kopuru bat urrian bilakatzen da ardo; eta beste parte bat pasifikatzen jartzen da, hiru hilabetez. Pasifikatutako mahats horietatik lortutako muztioa, hartzitu eta gero, beste ardoari gehitzen zaio, eta, aparra hartzeko, hirugarren hartzidura egiten zaio, Charmatedo Martinotti metodoari jarraituz.
Ardo hori bitxia da, aipatutako ardoztatze prozesu berezia duelako, eta bitxia da, baita ere, dituen ezaugarri organoleptikoengatik. Hasteko, kolorea, apardun beltza delako. Errubi kolore bikainekoa apar gorri distiratsu eta dotorearekin. Sudurrean oso fina da, basoko fruitu gorriak eta ekialdeko espeziak gogorarazten baititu.
Ahoan gozoa da, baina ez du nekatzen, oso orekatua baita. Egituratua da, eta fruta gorriak nabarmentzen dira ahoan, eta amaieran mingostasun bikaina erakusten du.
Ez da komeni oso hotz hartzea, eta oso ondo uztartzen da fruta gorriekin zein milorriarekin. Topa!

Elikadura. Ardoxka
Quacquariniren hartzidura hirukoitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu