Ane Muñoz.
Maratila

Sorpresa!

2014ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Bi urte luze iraun duen amesgaiztoaren ondoren, gaixotasuna erabat gainditu eta sendatzea lortu du. Ze ondo, bejondeiela berari eta berak bezain gaizki pasatu duten ingurukoei. Etxean behin galdutako irribarrea berreskuratu dute, eta orain bai, datozela betiko jolasak, festak eta ospakizunak.

Pasatu duena pasatu duela, etxekoek Aste Santurako sorpresatxo bat zioten gordeta. Bidaia bat egingo zuten, baina ez zioten esango nora. Sorpresa hobe, emozio gehiago izango zuen horrela. A ze lanak, ordea, ume sendatu berriaren aurrean sorpresa eder hura isilpean mantentzea. «Baina nora goaz?». Ze zaila.

Kostata lortu dute, ondo lortu ere... bidaiaren bezperara arte. Hain justu egun horretan, etxeranzko bidean agurtu nituen. Emazte eta seme-alabak aurrera egin zuten, eta aita nirekin oporrez hizketan, kanpora zihoazela... «Benetan, aita, hara goaz?». Hara! Alaba, auskalo nondik aterata, begiak zabal-zabalik, zeharo emozionatuta. Aitak, «merde, entzun dit». Akabo sorpresa.

Hasieratik garrantzi handiagoa eman zion hanka sartzeari berez alabak sorpresa jakindakoan sentitzen ari zenari baino. Txikia poz-pozik zegoen jada, ez al zen nahikoa? Ba ez. Aitaren kezka bakarra etxekoen sorpresa zapuztu izana zen, eta nola hartuko zuten besteek. Bi aldiz pentsatu gabe, ume gaixoari ez ezer esateko eskatu zion, deus entzun izan ez balu bezala jokatzeko. Zentzugabea. Sorpresa harentzat ez zen, ba! Ez al zen konturatzen bizitzeko grina ezin ezkutaturik dagoen ume berpiztu berri haren ilusioa nahasi besterik ez zuela egiten hori eskatuta? Zera, biharamunera arte ez dakienarena egin eta berezko sentimenduak disimulatzera bultzatzea... Itxurakeriatan aritzea, txikitatik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.