Nerea Osinalde.

Tamainak axola al du?

2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Organismo baten genoma 1977an sekuentziatu zuten estreinakoz, eta ordutik milaka espezierenak sekuentziatu dituzte. Besteak beste, irailean, Wellcome Sanger Institutuak iragarri zuen 1.000 espezie berriren genoma sekuentziatu dutela, eta informazio hori guztia gordailu publikoetan jarri dutela, interesa duen edozeinen eskura.

Genomen sekuentziak ezagutu ahala, horien inguruko hainbat uste eta misterio argitu dira. Horien artean, hau: zenbat eta konplexuagoa izan organismo bat, orduan eta handiagoa izango da bere genoma. Baina zientzian ohikoa izaten den bezala, usteak erdi ustel. Munduan genomarik handiena duen espeziea Paris japonica da, Japoniako landare endemiko oso txiki bat. Landare horren genoma gizakiona baino berrogeita hamar aldiz handiagoa da. Hau da, giza zelula bakoitzak 2 m DNA gordetzen baditu, landare horren zelula bakoitzak 100 m DNA ditu osotara. Benetan harrigarria da, ezta? Baina ez uste landare horren kasua salbuespena denik. Izan ere, gu baino askoz sinpleagoak eta txikiagoak diren espezie askok guk baino genoma askoz handiagoa dute, besteak beste, anemonak, matxinsaltoak, pinuak edota tipulak. Beste behin ere, argi dago tamainak ez duela axola.

Genoma DNA kodetzailez, hots, proteinak kodetzen dituzten genez eta DNA ez kodetzailez osatua dago. Organismoen konplexutasunak gene kopuruan isla izan zezakeela pentsatzea ere logikoa zen arren, korrelaziorik ez dagoela frogatu da. Adibidez, gizakiok 23.000 gene inguru ditugu; gu baino 800 milioi aldiz txikiagoa den ur gezetako arkakusoak (Daphnia pulex), aldiz, 31.000. Bera da gene gehien dituen animalia, hain zuzen ere. Halere, oro har, landareek gene gehiago izaten dituzte. Esaterako, artoak (Zea mays) 53.000 gene inguru ditu, eta arrozak (Oryza sativa) 67.000 inguru.

Berez, organismo guztiek, izan landare, animalia edo bakterio zelula bakar, bizidunak izanik, behin jaiota, oinarrizko bi funtzio komun ditugu: hazi eta ugaldu, besterik ez. Eta zenbat gene behar dira horretarako? Hori da, hain zuzen ere, sekuentziazio genomikoaren aitzindari Craig Venter ikerlariaren lan taldeak berriki argitu duena. Ingeniaritza genetikoko teknikak baliatuz, genoma txikieneko eta gene kopuru txikieneko organismoa sortu dute. Genoma sintetikodun bakterio horren genomak 531.000 base pare ditu, eta, orotara, 473 gene. Ikerlariek esaten dutenaren arabera, makromolekulen sintesian eta prozesamenduan inplikatutako gene ia guztiak gordetzeaz gain, bakterio horrek funtzio ezezaguneko 149 gene ditu.

Hurrengo erronka argia da, beraz: bizitzarako ezinbestekoak diren funtzio horiek zeintzuk diren argitzea ezinbestekoa da, eta hori bideratzen duten molekulak deskribatzea. Betiko moduan, zientzian ate bat ixten dugunean hamaika irekitzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.