ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Tereshkhova eta Ride, antzekoak eta desberdinak

2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Elhuyar Zientzia

Hil honetan, bat egiten dute lehen emakume kosmonauta eta astronauta lehen aldiz espaziora joan zireneko urteurrenak. Hain zuzen, ekainak 18 zituela eman zuen pauso hori Valentina Tereshkovak, eta 16an, berriz, Sally Ridek. Bi eguneko tartea dago, beraz, bi efemerideen artean. Urteak aintzat hartuta, baina, tartea dezente handiagoa da: estatubatuarrek lehen emakumezko astronauta, Ride, espaziora bidali zutenerako, baziren 20 urte errusiarrek lorpen hori eskuratu zutela, Tereshkovari esker.

1963an joan zen espaziora Tereshkova, Vostok 6 ontzian. Espaziora bidaiatu zuen lehen emakumea ez ezik, espazioan bakarka egondako bakarra ere bada oraindik ere. Gainera, lehen zibila ere izan zen, haren aurretik espaziora joandako guztiak militarrak baitziren, eta, bere bidaian, astronautek espazioan guztira igarotako ordu kopurua gainditzea lortu zuen. Izan ere, ia hiru egun eman zituen; denbora-tarte horretan, 48 orbita osatu zituen Lurraren inguruan.

Horrela, espazio-lasterketaren buruan jarri ziren errusiarrak, beste behin ere: haiek jaurti zuten lehen satelitea (Sputnik-1, 1957an), bidali zuten lehen animalia (Laika, 1957an hura ere) eta lehen gizakia (Yuri Gagarin, 1961ean), eta espaziora bidaiatu zuen lehen emakumea ere kosmonauta zen, ez astronauta.

Hogei urte igaro ziren estatubatuarrek lehen emakumea espaziora bidali zutenerako. Sally Ride izena zuen, fisikaria zen, eta Challenger ontzian egin zuen lehen bidaia hura, STS-7 misioan. Eta beste alderdi batean ere izan zen lehena: espaziora bidaiatu dutenen artean, bere burua LGTBIQ kolektibokoa dela onartu duen lehenengoa da Sally Reid, eta, oraingoz, bakarra.

Bestela, espaziora joan zen hirugarren emakumea izan zen, bera baino urtebete lehenago joan baitzen bigarren kosmonauta: Svetlana Savitskaya. Berez, 1960-1970 hamarkadetan, AEBetan egin ziren saiakerak emakumezko bat bidaltzeko espaziora, baina beti bide estraofizialetatik, ez NASA ez gizartea ez zeudelako halakorik onartzeko prest. Astronautak herrialdearen heroiak ziren, eta heroiak gizonezkoak izan behar zuten, nahitaez.

Hortaz, 1983ra arte ez zuten pauso hori eman AEBetan, eta, hala ere, prentsaren matxismoa jasan behar izan zuen. Esaterako, «Bidaiak zure ugal-organoei eragingo die?», eta «Negar egiten duzu lanean gauzak gaizki ateratzen direnean?» galdetu zioten misioaren berri emateko egin zuten prentsaurrekoan.

Espazioko karrera bukatutakoan, Tereshkova politikan sartu zen. Ride, berriz, fisika-irakasle aritu zen Kaliforniako Unibertsitatean, eta umeentzako zientzia-liburuak idatzi zituen, bere bikotekidearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.