Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Ugarteren arrazoia

2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Bumeran efektua. Presoei buruzko dokumentala zuten hizpide Boulevard-eko solasaldian herenegun Lurdes Perez, Mariano Ferrer eta Javier Ugartek. Azkenak, zera galdetu zuen: ea zer arraio dela-eta guztiok finantzatu behar ote dugun ez dakit noren ideiak bilduko dituen dokumentala. Maiz, galdera bera bururatu ohi zaigu entzuleoi, irrati publikoan zenbait kazetari, idazleā€¦ aditzen ari garenetan; bera aditzen ari garenetan, esaterako. Alegia, argi dagoenean ez dituztela hautatu analista zorrotz, argi eta bide urratzaileak izateagatik, ideia politiko batzuk (agintearekin ulerkor direnak) defendatzeko baizik.

Sekuentzia. Sandra Carrascori hots egin zioten asteazken goizean SER katetik, Frantzian bi lagun atxilotu bezain pronto. Aitaren hiltzailea zela bat, eta ea zer sentitzen zuen galdetu zioten. Alaba ezustean harrapatu zuten, eta hiltzaileak aspalditik atxilotuta zeudela pentsatuta bizi zela erantzun zien; hala ere, kazetariak esan berri ziona sinetsi, eta aitortu zuen poza sentituko zuela aurrerantzean. Egoera muturreraino eraman, eta Sandraren eta entzuleon sentimenduak maiseatu zituzten, gugan berehalako zirrara emozionala eragiteko ustez. Eta, egunen batean, hiltzailetzat jotakoak errugabe direla erabakiko balu epaileak?

Greba, SER katean. 1.400 langilek greba egin zuten herenegun. De la Morena izan zen eskirol bakarra; Ukrainan zalaparta batean ibili zen teknikari baten bila, etxekoen ezetza jaso eta gero. Eguneko programazioa aurreko asteetan aireratutako irratsaioekin bete zituzten; orduz orduko albistegiak, berriz, katekoak ez ziren Vigoko kazetariekin. Miseria gehiegi irrati horren barrunbetatik datorkiguna azken aldian, kazetaritza eredugarritzat eta audientzia kontuetan ukiezintzat jo izan den irratiaren ospea hankaz gora jartzeko lain. Batez ere, Prisa inperioko presidente gisa urtean zortzitik gora milioi kobratzen dituen Juan Luis Cebrian kazetari ohiak 200 langile kaleratu eta soldatak jaitsiko direla iragarri duenetik.

Fidagarria. Zuzendaritzak langileen %55ak greba egin zuela aipatu zuen; erabatekoa izan zen, langileen ordezkarien ustez. Etxeko kontu zehatzak horrenbesteko aldeaz kontatzen dituztenek, fidatzekoak ote dira munduan zehar egunero sortzen den errealitatea jakinarazi behar digutenerako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.