Ane Muñoz.
Maratila

Ustekabeko arrakasta

2014ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ona, txar-txarra, oso dibertigarria, barregarria, txorakeria hutsa... Ba ez dakit zer esan. Kritikak gogor jo badu ere, izugarrizko arrakasta izaten ari da herritarren artean. Jendeak gustura ikusi eta barre egiten du, aretoak gainezka daude... Sarrerarik gabe geratu denik ere ezagutzen dut. Sarrerarik gabe! Hori ez al zen Zinemaldian soilik gertatzen? Filmaketan parte hartu nuenez, banekien 8 apellidos vascos-en zer zegoen. Gidoia ezagutzen nuen, banekien zer filmatu zen eta zer eraman genuen labera. Eta zalantza handiak neuzkan ea txiste topiko zaharkitu pila hura ez ote zen gehiegizkoa, pasatuxea ote zegoen eta batik bat bertako askorentzat txorrada bat izango zela ere pentsatu nuen. Orain, berriz, estreinatu denean, ez dakit zer esan. Batetik, kritika zorrotzak jaso ditu, batzuk arrazoi guztiz, besteak ez hainbeste. Eta bitartean, kaleko jendea poz-pozik dago emaitzarekin, asko gustatu zaie. Gaztetxoek eskolan hitz egiten dute, helduek lanean eta ile-apaindegian, eta ziur honezkero igogailuren batean ere komentatua izan dela. Takillak irakiten jarri ditu!

Gogoan dut filmaketa garaian eszena batek ez zuela graziarik esan, eta zuzendariak erantzun zidana: «Ez genuke publikoaren iritzia gutxietsi behar». Eta zer esango diot orain. Azken finean ez zebilen hain oker. Bere helburua bete du, publikoari grazia egin dio, eta min ematen badigu ere, gizartearen zati handi batek halakoak nahi dituenaren seinale. Filma ona dela, txarra, erdipurdikoa? Agian ez da jaialdietara joango, ez diote saririk emango eta kritikaren egurra jasotzen jarraituko du. Baina publikoa alde dauka, eta publikorik gabe... akabo zinema.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.