Izortze Santin.
EHUko irakaslea eta Biobizkaia institutuko ikertzailea

Zientziak politikari, zer?

2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Hego Euskal Herriko hiru herrialdetan hauteskunde ziklo berrian sartuta gaude. Batetik atera, eta bestean sartu, déjà vu bat izango balitz bezala. Kanpaina ezberdinetan entzun ohi da politikoa pertsonala dela, eta pertsonala politikoa. Eta zientzia? Ba, zientzia politikoa izatetik urrun dago. Izan ere, politika oso subjektiboa da, eta zientzia, berriz, erabat objektiboa. Noizean behin ebidentzia zientifikoen interpretazio interesatuak egiten diren arren.

Argi dagoena da politikaren eta zientziaren arteko elkarrekintza funtsezkoa dela gizarte baten aurrerapenerako eta ongizaterako. Zientziak ezagutza eta beharrezko tresnak ematen ditu, gizarteak aurre egin beharreko erronka konplexuak ulertzeko, klima-aldaketatik hasi eta osasun publikoraino; politikak, berriz, arazo horiei eraginkortasunez heltzeko erabakiak eta ekintzak ezartzen ditu. Beraz, ezinbestekoa da politika ebidentzia zientifiko sendoan oinarritzea. Eta ez naiz ezer asmatzen ari; historian zehar ebidentzian oinarritutako politikek eragin zuzena izan dute jendartearen ongizatean. Adibidez, John Snow-k XIX. mendean koleraren transmisioari buruz egindako azterketen ondoren, kolera (eta beste gaixotasun batzuk) ekiditeko, kontsumo publikorako ura desinfektatu behar zela ondorioztatu zen. Horrek edateko ur eta ur-hondakin sistemetan aldaketak egitea bultzatu zuen. Zaku berean, errubeola desagerraraztea lortu zuten txertaketa masiborako kanpainak egongo lirateke, baita espazio publiko itxietan erretzea ekiditen dituzten legeak ere.

Arazo guztien konponbidea ez da zientziaren eskutik etorriko, noski, baina arazo askoren jatorria ulertzeko eta arazo horiei aurre egiteko estrategiak diseinatzeko lagungarriak diren ebidentzia zientifikoak, behaketa, esperimentazio eta azterketa zorrotzen bidez lortu daitezke. Ebidentzia zientifikoan oinarritutako politikak garatzeko, erakundeen eta foro zientifikoen arteko elkarlana bermatuko dituzten espazioak eta bideak sortzea ezinbestekoa izango da. Zentzu horretan, Euskal Herrian sortu berri den Inpakta, inpaktu sozialerako ikerlanen akta, lanabes erabilgarria izango da. Aldizkariak gure herriak dituen erronkei erantzuteko gizarteari, kulturari, ingurumenari edo ekonomiari ekarpena egiten dieten ikerlanak bilduko ditu. Zalantza barik, ezinbesteko baliabidea izango da arlo horietan lan egiten duten erakunde eta eragileentzako.

Ebidentzia zientifikoan oinarritutako politikak garatzen direnean, ezinbestean kontuan eduki beharreko beste ertz bat dago, komunikazioa. Ebidentzia zientifikoan oinarritutako neurriak eta politikak eraginkortasunez komunikatzea funtsezkoa da jendarteak neurri horien garrantzia uler dezan eta bere egin ditzan. Zientziak oinarri sendoa ematen du zenbait erabaki politiko hartzeko, baina horien atzean dauden arrazoiak argi eta garbi jakinarazi ezean, mesfidantza sortzen da. Aldiz, komunikazio argi eta gardenak gizartearen parte-hartze aktiboa sustatzen du, neurriak borondatez betetzea sustatuz eta erantzukizun kolektiboaren zentzua indartuz. Orain arte euskal erakunde gehienek komunikazio hori bereziki ongi egin ez badute ere, burura etortzen zait COVID-19 pandemiaren garaian egondako komunikazio eraginkorraren falta, epe labur zein ertainean aurrean izango ditugun erronkek komunikazio zientifikoa indartzera behartuko gaituzte.

Historiak erakutsi digu zientziaren ekarpena oso garrantzitsua dela politika publikoen diseinu eta garapenean. Gure herrian ikerkuntza-kapital izugarria dugu, eta horretaz baliatu behar dugu gure gizartearen bizi-kalitatea hobetuko dituzten politikak garatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.