ana galarraga aiestaran
Elhuyar zientzia

Zientziaren kontra, bizitzen kontra

2025eko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez daukagu denborarik, ez lekurik, Donald Trumpek esaten dituen kirtenkeria guztiei taxuz erantzuteko. Harena ez da ahoberokeria hutsa: estrategia bat da. Zerbaiti aurre egiteko antolatzen hasi orduko (ikerketa bide batzuk debekatzea, diru laguntzak ukatzea, atzerriko ikertzaileei ateak ixtea…), beste sute bat pizten du. Adibidez, haurdunek parazetamola ez hartzeko gomendatuz, autismoa eragiteko arriskua duelakoan.

Geroztik bota ditu zientziaren kontrako zentzugabekeria gehiago, baina merezi du parazetamolaren eta haurdunen auziari erreparatzea, Trumpen gobernuaren asmoaren adibide argia baita: bizitzen kontra egitea. Bizitza jakin batzuen kontra, noski.

Ez baitie denei gomendatu parazetamola baztertzea: haurdunak seinalatu ditu. Sabelean daramaten fruitua babesteko. Hari minik ez emateko sufritu behar dute amagaiek. Mehatxua ez da nolanahikoa: pairamena arintzeko botika hartzen badute, jaioberria autista izan daiteke. Ez-normala, alegia. Eta errua amarena izango da.

XX. mendearen erdialdean «ama hozkailuen» hipotesia babestu zuten psikologo eta psikiatrek: autismoaren arrazoia amen portaera hotza zen. Geroago, zientzialariek —tartean, Isabelle Rapin neuropediatrak— erakutsi zuten ez zegoela hori arrazoitzeko ebidentziarik. Asaldu neurobiologiko bat zela frogatu zuten, eta, diagnostiko goiztiarrarekin eta tratamendu konduktual egokiarekin, ordura arte zutena baino bizimodu hobea izan zezaketela, haurrek zein familiek.

1998an, ordea, berriro agertu zen mamua: The Lancet aldizkari ospetsuak Andrew Wakefield izeneko mediku baten ikerketa argitaratu zuen, non baieztatzen baitzen txerto hirukoitzak autismoa eragiteko arriskua sortzen zuela. Berriz ere amak ziren errudunak. Eta gero Wakefieldek iruzur egin zuela frogatu zen arren, txertoen kontrako mesfidantzak iraun egin du. Horren ondorioz, haur batzuek ez dute txertorik jasotzen, eta larri gaixotzen dira prebentzio erraza duten gaitzekin.

Orain, parazetamolaren txanda da. Trumpek ikerketak ere aipatu zituen parazetamola eta autismoa lotzeko. Baina zientzialariek irmo ezeztatu dituzte azterketa horiek, eta azpimarratu dute egindako ikerketa zabalenek ez dutela lotura hori frogatzeko ebidentziarik aurkitu.

Gainera, dosi egokietan, parazetamola botikarik egokiena da haurdunentzat, min-mota asko arintzeko eta sukarra jaisteko. Eta gogorarazi dute mina eta sukarra oso kaltegarriak direla fetuarentzat ere.

Horrekin guztiarekin batera, aipatzekoa da ikerketa medikoetan hutsune nabarmena dagoela paziente haurdunen gainean. Izan ere, botiken saio klinikoetan sarritan kanpoan uzten dira, enbrioiak edo fetuak kalteak jasan ditzakeelakoan. Horrek dakar haurdunek haientzat seguruak direla frogatu diren botika gutxi izatea aukeran.

Horrenbestez, zientziaren kontra egitean, bizitzen kontra ere egiten dute; batez ere, emakumeen, haurren, gaixoen, ez-normalen, pobreen… bizitzen kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.