Iraia Garcia
EHUko Genetika Saileko ikertzailea eta irakaslea

Zientziatik osasun publikora

2025eko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaila da gaur egun irudikatzea Europako herrialde batean haurren garapen kognitiboa arriskuan egotea iodo faltagatik. Baina hori gertatzen zen Andaluzian duela mende erdi inguru. 1950eko hamarkadan, La Alpujarrako herrietan, biztanleen artean bozio endemikoa ohikoa zen. Lepoko handitze nabarmena eta, kasu askotan, garapen kognitibo eskasa zekarren patologiaren atzean arrazoi sinple bat zegoen: ureko eta lurzoruko iodo eskasia. Fenomeno hori Gabriela Morreale kimikariak aztertu zuen lehen aldiz bere doktoroego tesian. Morrealek erakutsi zuen dietan iodo osagarriak emanez osasun-arazo hori konpon zitekeela. Eta ez hori bakarrik: bere ikerketek bidea ireki zuten Espainian gatz arrunta iodatzen hasteko.

Morreale eta bere bikotekide Francisco Escobarrek ikerketa-lana Leideneko Unibertsitateko Endokrinologia sailean jarraitu zuten, tiroide guruinaren funtzionamendua ikertuz. Eurek erakutsi zuten tiroidearen hormonek funtsezko rola dutela ez bakarrik metabolismoan, baita garunaren garapenean ere. Horrek zuzenean ekarri zuen bigarren iraultza handia: jaioberriei odola hartzeko orpo-proba. Egia esan, proba bera ez zuen Morrealek asmatu: 1957an Robert Guthrie mikrobiologoak garatu zuen lehen aldiz, jaioberrien odol tantarekin hainbat gaixotasun metaboliko kongenito detektatzeko. Morrealek, ordea, izan zuen meriturik handiena Espainian proba hori txertatzen eta hedatzen, osasun publikoko programa sistematiko bihurtzeraino.

1976an Espainian abiarazitako programa pilotuan, Morrealek proposatu zuen jaioberriei orpoan ziztada eginez odol tanta bat aztertzea. Horren helburua hipotiroidismo kongenitoa garaiz detektatzea zen, hau da, jaiotzetik hormona tiroideo nahikorik ekoizten ez duten haurrak identifikatzea. Tratatu ezean,  gaixotasun horrek atzerapen mental iraunkorra eragiten du. Proba sinple horri esker, hainbat eta hainbat haur salbatu dira ezintasunetik, eta gaur egun ia mundu osoan aplikatzen da, UNICEFek eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) sustatuta.

Hirugarren ekarpen handia haurdunaldian ezarri zuen Morrealek. Bere ikerketek frogatu zuten fetoaren garuna bereziki sentikorra dela iodo faltaren inguruan: ama ez bada gai tiroxina hormona nahikoa ekoizteko, fetoak ez du nahikoa jasotzen, eta horrek ez du bere tiroide propioarekin konpentsatzeko aukerarik. Ondorioz haurrak lesio neurologiko larriak jasan ditzake. Hori ikusita, Morrealek emakume haurdunei iodo osagarriak sistematikoki ematea proposatu zuen. 1990etik aurrera, OMEk argi utzi zuen iodoaren kontsumoa haurren eta haurdunen eskubidea dela, eta gaur egun gomendio hori nazioartean dago onartua.

Orain ohikotzat hartzen ditugun neurri horiek, gatz iodatua, orpo-proba edo emakume haurdunentzako iodoa, iraultza handia izan ziren bere garaian. Eta iraultza horren atzean zientzialari bat dago, gure eguneroko osasuna bermatu zuen emakumea: Gabriela Morreale.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.