Roberto Sarriugarte
Elikadura. Ardoxka

Ziries

2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Flequi Berruti nahiko ezaguna da ardoaren unibertso zoragarri honetan aspaldian gabiltzanontzat.

Nik Lavinia dendan, Madrilen,lan egiten zuenean ezagutu nuen, eta ordurako bere ardoarekiko pasioa nahiko nabarmena zen. Lavinia utzi eta beste zenbait proiektutan murgildu zen buru-belarri, betiere bere ardoarenganako pasioa eta bihotzak esaten zionari jarraituz. Besteak beste, la Tintoreria Madrilgo ardo dendarik interesgarrienetarikoa martxan jartzeko.

Baina Flequi Berrutik (bere benetazko izena oso gutxik ezagutzen dute) bere ardoa egitea zuen buruan, eta hori lortu arte ez zen gelditu.

Upategia sortu zutenean Bodegas Lobecasope izena jarri bazioten ere, egun Bodegas Ziries du izena.

Sei lagunen ametsei jarraiki sortu zen upategia. Lurra, mahastia eta, nola ez, ardoa maite zuten hiru lagunen ametsak ziren. Egun Flequi bera, Sonia Lopez eta Javier Castro dira upategiko buruak.

Ziries jatorria Aljerian zuenberbereen dinastia bat zen.Haietako adar bat Al-Andalusera joan eta 1013 Granadako taifa fundatu zuten. Artea, arkitektura eta ondo bizitzea zuten gogoko, eta luzera, beren izena artea eta eraikin zibilekin lotzea lortu zuten.

Zergatik aukeratu zuten izen hori upategirako? Auskalo.

Toledoko Mendien inguruan aurkitu zituzten mahastiak, San Pablo de los Montes eta Cuervan (hor dago upategia), ia 900 metroko garaieran, lur limo hareatsuetan. Mahasti zaharrenek hirurogei bat urte dituzte; eta gazteenek, berriz, hogeitabost bat urte. Sei hektareako lursaila dute, eta nekazaritza biodinamikoan sinesten dute. Oinarria garnatxa bada ere, tempranilloa eta cariñena pixka bat ere erabiltzen dituzte.

Hiru ardo egiten dituzte, hirurak oso desberdinak eta hirurak erabat interesgarriak: Navalegua,erabat garnatxarekin egina dago, mahastiak 40 urtekoak dira, eta 300 litroko upel frantziarretan bederatzi hilabetez ondutakoa da ardo hori. Ardo freskoa, fruta beltza nabarmenarekin, ahoan haragitsua, tanino oso helduekin, amaiera oso luzearekin, dotorea eta oso prezio onarekin. Ziriesi —oinarrian garnatxa badu ere—tempranilloak eta cariñenak bere ukitua ematen diote. Oso basatia da, zuzena, laranja ukituekin, menta eta gazitasun ikutu bitxi batekin; bere lurra, terroir-a, oso ondo islatzen duen ardoa. Eta azkenik Melé, garnatxa oso zaharrez egina, lursail bakar batekoa, material granitikoz osatua, mineraltasun izugarriarekin, fruta gorri freskoa sudurrean; ahoan fina, dotorea, belusatua, freskotasun eta azidotasun nabarmenarekin. Kolore askorik ez badu ere ezin ukatu ardo zuzena eta bikaina dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.