ATZEKOZ AURRERA. Isabel Mellen. Filosofoa eta artearen historialaria

«Andreentzat, garairik ilunenak aurrerakoi gisa saldutakoak izan dira»

Gasteizko emakumeen historia ikertu du Mellenek, eta ohartarazi du mendeetan ezkutatu egin dela haien jarduna, boterea zuten gizonezkoen mesedetan. Hori apurtzeko beharra nabarmendu du.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun

Filosofoa eta artearen historialaria da Isabel Mellen (Gasteiz, 1986). Kontatu ez den Gasteizko andreen historiaren inguruan arituko da Iparralde gizarte etxean, hilaren 9an, 19:00etan. Erdi Arotik hasi, eta mendez mende ikertu du egoera. Orain arte azaldutakoari buelta bat eman ahal izatea da asmoetako bat, eta emakume horiek egindakoak argitara ateratzea.

 

Zer da kontatu ez dena?

Funtsean, dena. Herri mailan ez dakite ezer Gasteizko emakumeen historiaz. Historia unibertsal bat saltzen saiatu dira, baina populazioaren gutxieneko baten esperientziak baino ez ditu: gizon aberatsena, botere politikoa dutenena eta zuriena. Haiek bizi izandakoak ez du zerikusirik andreen bizipenekin. Elite horren propaganda ekintzak dira: botere handiagoa eta aintza lortzeko, beste kolektibo minorizatu batzuetako andreak bazter uzten dituzte.

Zuk bota duzu: nork kontatua den historia...

Boterea dutenek idazten dute historia. Eta hori ez da berria; betidanik dakigu. Baina kontua da inoiz ez genuela pentsatu nola eragiten duen emakumeengan. Oso modu gordinean ezkutatu eta ikusezin bihurtu nahi izan gaituzte historiaren kontakizunean; bide batez, ideologikoa da. Ez du gizateria osoa ordezkatzen, andreen bizipenak ezkutuan daudelako.

Eta noiz hasi zinen historia hau ikertzen?

Udaleko hezkuntza zerbitzuak ikastetxeentzako ibilbide bat diseinatzeko enkargua egin zidan, emakumeak ardatz hartuta. Lehenago ere genero ikuspegia landu izan dut, eta gai horri buruzko argitalpen bat ere badut: Tierra de damas. Las mujeres que construyeron el románico en el País Vasco (Damen lurraldea. Euskal Herrian erromanikoa eraiki zuten emakumeak). Banuen gogoa gai horretan buru-belarri sartzeko, eta panoramika interesgarria ematen du.

Zein da panoramika hori?

Mendeetan, eta arlo jakin batzuetan, emakumeen parte hartzea ikertu dut, Erdi Arotik hasita, hala nola politikan, lan munduan eta hezkuntzan, eta, era horretan, historiaren bestelako eskema bat lortzen da, maskulinoaren aldean oso ezberdina dena. Ohartzen zara aurrerakoi gisa saldu dizkiguten garai horiek, panoramika alderantziz begiratuta, ilunenak izan direla emakumeentzat; Ilustrazioa, kasurako.

Bide horretan, ba al dago erreferenterik?

Ikerketa honen gauza ederrenetako bat da asmoa ez dela emakume jakin batzuen bibliografiak berreskuratzea, baizik eta andreen egunerokoa mendeetan nolakoa izan den jakitea.

Nolakoa izan da eguneroko hori?

Faktore askoren mende dago; esate baterako, klase soziala. Emakumeok ez gara kolektibo homogeneo bat, bakoitzak bere egoera du. Erdi Aroko damek, adibidez, denetik egiten zuten, ia-ia gizonezkoen maila berean. Emakume langileek gizonezkoen lan berberak egiten zituzten, baina soldata txikiagoarekin eta lan baldintza okerragoetan, ezbairik gabe. Ilustrazioarekin, ordea, andreak etxeetan ixten hasi ziren.

Ikertu al duzu egungo egoera?

Ez dut asko sartu nahi XX. mendean. Ez da nire espezializazioa, eta oraindik ez dut aski perspektiba hori aipatzeko, baina frankismoaren alderdi batzuk ikertu ditut, eta esan behar da Gasteizko hiriaren historian, bederen, emakumeak orduan egon direla okerren. Hori, batik bat, genero indarkeriari dagokionez antzeman daiteke.

Nola?

Betidanik egon den gaitz bat da. Erdi Aroan badira kasuak, eta klase sozial guztiei eragiten zien berdin; heriotza zigorra aplikatzen zieten emazteak hil zituzten gizonezkoei. Aro Modernoan badira dibortzioak tratu txarrengatik, eta epaitegi batek tratu txarren egile bat zigortu zezakeen inork serio salatu ez bazuen ere. Bazegoen salaketa sozial bat. Baina XIX. mendearen amaieran indarkeria hori familiako sekretu bihurtu zen, bikotearen arteko kontu bat: andrea erabat mehatxatuta gelditzen zen erasotzailearen esku, babesgabe.

Hala ere, horrelakoen bidez andre horien ahotsa entzuteko aukera egongo da...

Jakina, eta, gainera, gai horiei buruz hitz egiten dudan bakoitzean, jendeak esaten dit gauzak ikusteko ikuspegia aldatu zaiela, barneratua zuten hori guztia birplanteatzen hasi direla. Gezurrak esaten dizkigute, emakumeak zapalduta egoteko statu quo-a mantentzeko interesarengatik. Baina oso garrantzitsua da diskurtso horiek haustea, eta ez bakarrik ikusgaitasunagatik, baita hausnarketagatik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.