Orioko plazan inor ez. 23:00ak; zero gradu. Kolon Txiki tabernan eta Bordatxon itzali dira azken argiak. Kaian mugimendua sumatzen da, hala ere. Aizkorri Aranburu (Usurbil, 1980) eta Iñigo Onandia (Santurtzi, 1977) Aztiko biologoek uretako arropak janzten dituzte. Gorputza babestu behar da; itsasaldera ateratzean, ibaian gora hiru lokarrira, ez dago txantxa handirik txaluparen barruan. Nahikoa lan dute tresneria dena prestatzen: ur eta angula laginak jasotzeko potoak, salabardo bietatik iragazten den ur kantitatea neurtzen duten emari neurgailuak, ura sakonera desberdinetara jasotzen duen tresna, uraren gatza neurtzen duena… Angulatara doaz, baina Hiruharri zientzia txalupa da.
Haren patroi Inazio azaldu da halako batean «gau ederra» dagoela esanez… «Gaur jai dugu», dio irribarretsu. Ilargi betea dago, baina zerua oskarbi. «Ez da komeni; angula sartzeko euria behar du». Leman jarrita, Hiruharri-ren branka Orioko barra aldera jarri du. Ababorrean eta istriborrean salabardo bi handi daramatza ontziak, popatik branka aldera luze ipinita. Herriko plazako argiak txiki ikusten dira jada, baina Ilargiak argitzen du bidea.
Aranburu da laginak jasotzeko eta parametro desberdinak neurtzeko arduraduna. Brankan jesarri da, arkatz zorrotz batekin eta koadernoarekin. Onandia haren ondokoa da, teknikaria; hura Inaziorekin dago popan. Bakoitzak bere posizioa dauka ontzian, eta ordu batzuetan, bederen, ez da aldatuko.
«Hiru lekutan egingo ditugu arrantzaldiak: itsas zabalera ateratzear garela, autopistako zubiaren azpian eta ibaian behera, Zaikola aldean», azaldu du Aranburuk. Xehetasun guzti-guztiak apuntatzen ditu bere orrietan: sakonera arrantzaldia hastean eta bukatzean; txaluparen abiadura —1 eta 2 lokarri artekoa—, salabardoetan sartu den ur jarioa, hastean eta bukatzean, eta bi sakonetara, gainera —salabardo bakoitzari bi emari neurgailu jarri dizkiote, bat sarean eta bestea kirtenean—. Datuak pilatu egiten dira lehen arrantzaldia bukatzerako.
Itsaso zakarra eta 'Azor'
Patroiak jarri dio etena saioari. «Itsaso zakarra dago, atzera egingo dugu», esan du. Eta esan orduko olatu handiak oldartu dira brankatik. «Ondo heldu», bota du Inaziok. Eskarmentu handikoa izaki, berehala bezatu du Hiruharri, eta berriro Orio aldera jarri. Urteak dira erretiroa hartu zuela. Prentsan ez duela agertu nahi errepikatzen du etengabe, baina hamaika bitxikeriaren kontalari da. Aurretik arrantzontzi bateko patroia izan zen, baita marinel ere bolada batez itzal handiko ontzi batean: Francoren Azor-en. «Han behartuta, zerbitzu militarrean. Hark marinel euskaldunak nahi zituen bakarrik. Euskaraz aritzen ginen gure artean. Zahartuta zegoen ordurako, eta ez zuen kexarik arrantza baldin bazegoen». Horixe da orain falta dena: lehen saioan angula bakarra sartu da, ale bat. Onandiaren begi adituak ikusi du sarean mugitzen. Aranburuk potora sartu, eta bigarren arrantzaldirako prestatu da berriro apunteak eskutan hartuz. «Gero laborategira eramaten ditugu hainbat aldagairen inguruko informazioa lortzeko», azaldu du.
Ohartzerako arrantzaldiak mekanikoki egiten ditu Hiruharri-k. Patroiak eta Onandiak datuak esaten dizkiote Aranbururi: arrantzaldien ordu hasiera, bukaera, emari neurgailuaren zenbakiak… Biologoak ez du galdetu beharrik. Autopistaren azpian bada aldaketarik: gehiago ikusten da. Goiko porlanean eskegita argi zuriko farol indartsuak daude, eta haien laguntzarekin lupietara joan direnak badira, hotza gero eta handiagoa den arren. Arrantzaldiak egin eta egin, baina angularik apenas dagoen. Seigarren saioa bukatzerako, bost ale baino ez dituzte jaso. «Horregatik gaude bakarrik», esan du patroiak keinu esanguratsu batez. «Jendea nekatuta dago, aurtengo denboraldia desastrea izan da».
Itsasgorak ur gazia eramaten du ibaira, eta salabardoak beti marearen kontra egiten dira; txalupa ibaian gora doa arrantzaldietan. Zaikola aldera abiatzerako 02:00ak dira. Orioko herriko azken etxeak atzean utzi, eta puntako sakelakoak tenperatura eman du: bi gradu zero azpitik. Txaluparen zenbait atalen gainean kresala izozturik ikus daiteke.
Zaikolan zortea aldatu da, pitin batean behinik behin. Han ere hiru saio egin ditu Hiruharri-k, eta ezin esan angula askorik harrapatu duenik, baina zientziari lagunduko dioten dozenaka ale harrapatu dituzte salabardoek. Nekea eta hotza bat dira itzulerako bidean. Kafeak eta saldak arindu dute apur batean ahalegina. Hiruharri-ren motorra baino ez da entzuten gau hotzean; Donostiako danborren hotsa ez da iristen Oriara, behintzat, ezta elkarte gastronomikoren batean kiloa 700 euro inguruan erositako eta prestaturiko angulen usaina ere.
Ezarian
Angulatara zero graduan
Aurreko ilargi betean egin zuten angulatarako azken irteera Aztiko biologoek, San Sebastian egunez. Hotz handiari aurre eginez, denboraldiko azken angula aleak harrapatu zituzten 'Hiruharri' txaluparekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu