Animalien bedeinkatzeak, azokak eta beste

Amurrion gaur egingo dute San Anton azoka; Mungian, berriz, San Antontxu ospatuko dute asteartean

Asteartean, San Antontxu egunean, azoka egingo dute Mungian. MUNGIAKO UDALA / BERRIA.
Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Getarian ez ezik, Euskal Herriko beste hamaika txokotan ospatuko da San Anton. Egun handia bihar izango bada ere, herri batzuetan gaur bertan hasiko dira ospakizunekin. Amurrion (Araba) ehun erakusmahai baino gehiago bilduko dituzte gaur egingo duten azokan. Baserriko produktuak eta eskulangileenak izango dira salgai. 10:00etan zabalduko dute. 11:30etako meza eta gero, 12:30ean, karitatezko enkantea egingo dute.

Animalien zaindaria da San Anton, eta hainbat tokitan bedeinkatzera eramango dituzte bihar animaliak. Hala egiten zuten garai batean Tuteran ere (Nafarroa). Egun, beste ekitaldi batzuk antolatzen dituzte. Gaur esaterako, eskulangileen azoka izango da.

Bizkaian ere izango da ospakizunik. Urkiolan urtero bezala, ganadu feria egingo da San Anton egunean.

Mungian, berriz, San Antonen biharamunean izango dute egun handia, San Antontxu eguna ospatuko baitute mungiarrek.

Hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Ferialekuan, ganaduen erakusketa eta salmenta egingo dute, baita makineria, fruta arbola eta landare apaingarriena ere. Foruen enparantzan, berriz, bertako produktuak izango dira aukeran. Mungiako Udalak jarritako karpan, hainbat erakustaldi egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.