Proposamenak

Aniztasuna jai bihurtuta

Juduen, musulmanen eta kristauen kulturak batzen dituen jaialdia egingo dute Tuteran. Bihar hasi eta irailaren 17an amaituko da

Jende ugari bildu zen iazko Hiru Kulturak festan, Tuteran. MAITE ASIN.
Igone Urtaza
2023ko irailaren 02a
00:00
Entzun
Hiru kultura batzen dituen herritzat ezagutzen da Tutera (Nafarroa); izan ere, Erdi Aroan, kristauak, juduak eta musulmanak bizi ziren bertan. Garai horiek gogoan izateko antolatu du herriko udalak Hiru Kulturak festa. IX. mende hasieran judu ugari iritsi ziren Tuterara. Garai hartan, musulmanak ziren herriaren jabe. 1119. urtean, ordea, Nafarroako errege Alfontso I.ak juduen eskubideak bermatu zituen. Geroztik herrian bizi izan zirela ziurtatzen duten dokumentuak badaude.

Juduen Sarean parte hartzen du Tuterak. Guztira, 21 herri biltzen ditu sareak: Lizarra (Nafarroa), Sagunto (Valentzia, Herrialde Katanalak), Bartzelona... Tuterako Udalak adierazi duenez, 800 judu familia bizi ziren herrian Erdi Aroan. Maite Asin Tuterako turismo teknikariaren hitzetan, antzekoa zen arabiarren eta musulman familien kopurua ere.

Festa bihar hasi eta irailaren 17an amaituko da. Aurten, bisita gidatuarekin hasiko dute jaia. «Gidariek herriko zenbait txoko erakutsiko dituzte, eta kristauen, juduen eta musulmanen eraikuntzen nondik norakoak azalduko dituzte», azaldu du Asinek.

Bisita gidatuak ez ezik, ibilbide historikoak eta hitzaldiak ere antolatu dituzte. Hitzaldiak irailaren 13an eta 14an izango dira. «Biak ala biak Nafarroako eraikinen oinarri kulturalez eta erlijiosoez mintzatuko dira». Asinek edonori gomendatzen dio Hiru Kulturak festa: «Familiakoekin nahiz lagunekin etor daiteke. Bertako eta inguruko jendea etorri ohi da».

Merkatu berria

Aurtengo berrikuntza nagusia irailaren 15etik 17ra bitartean egingo den merkatua da. Asinek adierazi duenez, zenbait garaitako eta zenbait kulturatako postuak jarriko dituzte: «Erdi Aroko produktu kristauak, arabiarren tea edota juduek egindako gazta dastatzeko aukera izango da plaza zaharrean». Kultur teknikariak azaldu du herriaren erantzuna ona izan dela urtero: «Batzuek postu bat jarriko dute merkatuan; beste hainbatek, berriz, ekintzetan parte hartuko dute».

Kontzertu bat ere prestatu dute festaren egitarauan. Irailaren 14an izango da, 20:00etan: La Munza Band musika taldeak joko du aurten Fernando Remacha musika eskolan. Folk musika egiten du taldeak, eta ez da Tuteran izango diren lehen aldia.

Hiru Kulturak festa

Bihartik irailaren 17ra bitartean, Tuteran (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.