“Berdin zaigu Marijaiaren gonaren azpian zer dagoen, ez zaigun inporta”, esan du Bea Sever Naizen elkarteko eledun eta Bilboko jaietako pregoilariak Bilboko jaien hasieran. Arriagako balkoitik irakurri du pregoia, eta Itsasne Nuñez Pa... Ya! konpartsako kideak suziria botata hasi dira festak Bilbon, arratsaldeko zazpietan.
Adingabe transexualen familien elkartea da Naizen, eta hango eleduna aukeratu dute aurten Bilboko jaietan pregoilari izateko. Bere izendapenak Bilboren ezaugarriak erakusten dituela esan du: “Hiri irekia da”. Aniztasunaren aldeko pregoia egin du Severrek: “Mundua aldatzen ari gara, eta denontzako mundu bat sortu behar dugu”, esan du. Mundua aldatzeko giltza heziketa izango dela zehaztu du. Era berean, gehitu du Aste Nagusian ez dela onartuko eraso homofoborik eta eraso matxistarik.
“Anitzak gara, kolore guztiak ederrak dira” esanez amaitu du pregoia, eta mundua Aste Nagusi iraunkor bat izateko desioa azaldu du Severrek.