Antirrazismoaren giltzaren bila

M-21 Arrazakeriaren Aurkako Plataformak Iruñean antolatutako manifestazioan Nafarroako erakundeen konpromisoa eskatu du, arrazismoa eta Gazako genozidioa amaitzeko.

Manifestazio antiarrazista gaur, Iruñean
'Eskubide guztiak denontzat' pankartaren atzetik sartu dira manifestariak Iruñeko Udaletxe plazan. JESUS DIGES /EFE
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko martxoaren 23a
18:00
Entzun

Inor ez da ilegala kartelak, esku beltzak eta Palestinako banderak elkartu dira Iruñeko Merindadeen plazan. Hasieran hutsik zegoen plaza, baina poliki-poliki betetzen joan da: kartoizko pankartak eskuetan eta maskara koloredunak jantzita agertu dira protestariak, oihu egiteko gogoz. M-21 Arrazakeriaren Aurkako Plataformak antolatutako manifestazioan ehunka pertsona bildu dira, arrazakeria estrukturala ozenki salatzeko eta Nafarroako erakundeen inplikazioa exijitzeko.

Hiru kartel eraman ditu beso azpian Ana Hernandezek, bere lagunei bana emateko. «Ez naiz arrazista, baina...» idatzi du berean: «Kolonbiatik etorri nintzenetik milaka aldiz entzun dudan esaldia da». Arrazagatiko Diskriminazioa Deuseztatzeko Nazioarteko Eguna izan zen ostegunean, eta egun hori ez dela ospatu behar azpimarratu du Hernandezek, arrazakeria amaitzeko antolatu baizik: «Azkenean, arrazakeriak guztioi eragiten digu. Denok ezagutzen dugu sufritu duen norbait, eta gure inguruan dagoen zerbait da».

Gizartean arrazismoa «lasai-lasai» ibiltzen dela salatu du Arantza San Julian M-21 plataformako koordinatzaileak: «Gaur mobilizatu gara gaur egungo sistema eta gizartea oraindik arrazistak direlako». Arrazismoaren bidea egun batez oztopatu nahi dute plataformakoek. DJ Reimyk gidatutako manifestazioa Merindadeen plazatik atera da, Eskubide guztiak denontzat pankartarekin. 

Benetako performanceak

Manifestazioak, tren bat balitz bezala, hainbat geldialdi egin ditu hirian zehar, eta hiru performance egin dituzte, arrazismoa eta orokorrean bazterkeria pairatzen dutenen egoera erakusteko. Lehendabizikoa Karlos III. Noblearen etorbidean izan da, banketxe baten aurrean. Kolorez margotutako maskarekin atera dira batzuk, eta kartoiak lurrean jarri eta etzan egin dira. Geldirik geratu dira, isil-isilik, beste manifestariei begira. «Bereziki mingarria da kalean, sarbiderik gabe edo gizarte babeseko sistematik kanpo daudenen egoera», esan du Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako kideak.

Bigarren performancean sukaldaria izan da protagonista, bere lapikoan janari goxoa prestatzen. Maskaren atzean dauden pertsonek ez dute jakirik jaso: bakarrik sukaldariaren mespretxua eta bazterkeria. Azkeneko antzerkia Udaletxe plazara iritsi baino lehen egin dute. Maskaradunak paretaren kontra jarri dituzte poliziaz mozorrotuko batzuek, eta borrarekin jo. «Ezin duzue grabatu!», oihukatu dio poliziaz mozorrotutako batek manifestari bati. Pauso bat atzera eman dute ikusleek; performancea errealitatetik gertuegi zegoen. «Pixka bat gogorra izan zara haiekin», esan dio manifestari batek poliziaren mozorroa kendu duen gazteari; «Pixka bat bakarrik?», erantzun dio gazteak.

Trenak Udaletxe plazan egin du azkeneko geldialdia. Orduan irakurri du San Julianek plataformaren oharra: «Atzerritarren Legea eta araudi baztertzaile guztiak, mozal legea eta Migraziorako eta Asilorako Europako Ituna indargabetzeko eskatzen dugu! Itxi ditzagun behingoz CIEak!». Giltza zuri bat jarri diote udaletxeko atarian dagoen estatua bati, eta mezu argi bat zeukan idatzita letra beltzez: «Errolda denontzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.