Piztiak konpartsako kideak

Irene Barañano eta Josune Fernandez: «Antiespezismoak zapalkuntza guztien kontra egiten du»

Zezenketak baztertzea, Israelgo produktuei boikot egitea, eskaintza gastronomiko beganoa ematea eta beste ekintza asko bultzatu dituzte Piztiak konpartsako kideek Bilboko jaietan.

Piztiak konpartsako kide Josune Fernandez eta Irene Barañano. LINAS KORTA
Piztiak konpartsako kide Josune Fernandez eta Irene Barañano. LINAS KORTA
Bilbo
2026ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irene Barañanok (Laudio, Araba, 1998) bost urte daramatza Bilboko Piztiak konpartsa antiespezistan, eta hiru Josune Fernandezek (Laudio, 1997). Indarkeriarik gabeko jaiak sortzea eta animalien kontrako biolentzia ikusezina normalizatzeari uztea dute ardatz Bilboko Aste Nagusian.

Zer ekarpen egiten dio Piztiak konpartsak Aste Nagusiari?

IRENE BARAÑANO: Batetik, Bilboko konpartsen eztabaidetan, gure ikuspuntua ematen dugu. Adibidez, 2024an proposatu genuen Israelen produktuei boikot egitea, eta aurten ere egingo diegu. Beste borroka guztiak iruditzen zaizkigu oso garrantzitsuak. Intersekzionalak gara: antiespezismoak zapalkuntza guztien kontra egiten du. Bestetik, gure ekarpen propioa antiespezismoa da. Animaliekin krudelak ez diren jaiak proposatzen ditugu. Eta hori jaien esparrutik kanpora ere daramagu, animaliei sufrimendurik eragin gabe bizi daitekeela zabalduta.

Zergatik da garrantzitsua ikuspegi animalista izatea jaietan?

BARAÑANO: Guk erakutsi nahi dugu posible dela jaiak egitea eta ondo pasatzea, pertsonei eta pertsonak ez diren animaliei sufriarazi barik. Azkenean, gizartean goikoek behekoak zapaltzen dituzte. Goian subjektu hegemonikoa dago: gizona, zuria, zisheteroa, ikasketaduna, desgaitasunik gabekoa... Eta behean, beste denok: pertsona arrazializatuak, emakumeak, gizakiak ez diren animaliak, lanbide estigmatizatzaileak dituztenak... Guk logika horiek apurtu nahi ditugu.

«Bilbon, aisialdiari dagokionez, zezenketak baino ez daude, zorionez. Baina animaliekiko biolentzia beste arlo askotan ikusten da: txosna gehienek bokatak dituzte txerri zatiekin»

IRENE BARAÑANOPiztiak konpartsako kidea
Zer da Bilboko jaietan zalantzan jarri beharrekoa, ikuspegi antiespezistari dagokionez?

JOSUNE FERNANDEZ: Gauza pila bat. Mundua biolentziaz betea dago, bai pertsonekiko —emakumeekiko, manteroekiko...— bai animaliekiko —zezen plazetan torturatzen dira...—.

BARAÑANO: Bilbon, aisialdiari dagokionez, zezenketak baino ez daude, zorionez. Baina animaliekiko biolentzia beste arlo askotan ikusten da: txosna gehienek bokatak dituzte txerri zatiekin.

Eta egunerokoan, zer jarri behar da zalantzan?

BARAÑANO: Antiespezismoaren parte oso garrantzitsu bat boikota da, uko egiten baitiegu produktu askori: jateko, janzteko eta aisialdiko ia produktu guztietan daude animaliak. Gehienetan, ez da beharrezkoa izaten. Atzean interes ekonomiko handiak daude, eta horregatik ez da aldatzen. Adibidez, supermerkatu guztietan bat-batean hanburgesa guztiak beganoak balira, jendeak erosiko lituzke.

FERNANDEZ: Horrez gain, interes faltak, ezjakintasunak eta sistemak informazioa ez errazteak ere eragina dauka.

Zezenketei lotuta, antolatzaileek diote indartsu daudela oraindik, baina iaz saio bat gutxiago egin zuten. Zein da zezenketen egoera gaur egun Bilbon?

FERNANDEZ: Pentsarazi nahi dute oso ondo doala, baina jendeak interes gutxiago du, geroz eta saio gutxiago daude...

BARAÑANO: Autobusak ekartzen dituzte, Valladolidetik adibidez; baina Bilbon zenbat afizionatu dago?

Zein da administrazioaren eta enpresen jarrera?

BARAÑANO: Bilboko konpartsek posta bat bidali genien hainbat enpresari, propaganda horren gaineko gure jarrera azaltzeko, eta kentzeko eskatzeko. Baina eurek jarraitzen dute jartzen, dirua dakarrelako. Eta udalaren jarrera ez dugu ulertzen.

«Ohiturak ez ditugu galdu nahi, baina esplotazioa badago edo indarkeriak badaude, horrek eboluzionatu behar du.»

JOSUNE FERNANDEZPiztiak konpartsako kidea
Marijaiari ere gutun bat idatzi diozue Bilboko konpartsek.

FERNANDEZ: Zezenketak antolatzen dituztenek Marijaiaren irudia erabili dute promozioa egiteko, eta gutun ireki bat idatzi genuen, kexa gisa [Egun gutxi geroago, udalak Marijaiaren irudia ez erabiltzeko eskatu zien enpresa horiei]. Bestalde, Bilboko konpartsak antitaurinoak dira; orduan, kontraesankorra da.

BARAÑANO: Marijaiaren erabilera araututa dago: ezin da Marijaia interes ekonomikoetarako erabili. Eta interes ekonomikoetarako erabiltzeaz gain, zezenketen promozioa egiteko erabili dute.

Askotan esaten da ohiturak babestu behar direla. Zer uste duzue?

BARAÑANO: Tauromakia ohitura bat da, baina tauromakiaren aurkako mugimendua zergatik ez? Ehunka urte ditu horrek ere. Esan ohi da aisialdia edo folklorea dela. Folkloreaz ari bagara, asko galdu dugu bidean: zezenketak gladiatoreen borroketatik datoz, eta gladiatoreen borrokak galdu dira. Hori galera bat da? Emakumeen ablazio genitala ohitura bat da; eutsi behar diogu?

FERNANDEZ: Ohiturak ez ditugu galdu nahi, baina esplotazioa badago edo indarkeriak badaude, horrek eboluzionatu behar du. Posible da hori gertatzea. Adibidez, herri kiroletan idi probak egiten dira, eta oraintxe bertan posible da harriak idiek eraman beharrean pertsonek eramatea. Hori da ohitura eboluzionatzea. Piztiak-en lana da erakustea gauza espezista guztietarako alternatibak daudela.

Hamahiru urte daramatza Piztiak-ek Bilboko konpartsetan. Zer aldatu da ordutik?

BARAÑANO: Gu geu. Sortu ginenean konpartsa animalista zen; orain intersekzionalak gara: lehen animalistak ginen, eta orain antiespezistak gara. Horrek esan nahi du zapalkuntza guztiak hartzen ditugula kontuan, ez bakarrik mugimendu animalistaren aldarrikapenak.

Zer lortu da?

FERNANDEZ: Antiespezismoari ikusgarritasuna ematea eta beste edozein borroka bezalakoa dela ikusaraztea. Piztiak-ek hainbat egitasmo bultzatu ditu. Adibidez, egunero txapelketa gastronomiko bat egiten da Bilboko Aste Nagusian, eta egun batez plater begetala prestatzen da. Hamahiru urtez, urtero espazio antiespezista bat eraikitzen dugu. San Tomasen herri bazkaria egiten da: indaba begetalak. Gero, Bilboko konpartsetan egiten diren bazkarietan aukera beganoa bermatzen da. Denok jaien barne sentitzeko.

BARAÑANO: Gauza hauek guztiak guk bultzatu ditugu, baina erabakia Bilboko konpartsek hartu dute. Konpartsek eta gizarteak apurka-apurka errespetatzen dute beganismoa, baina falta da oraindik animaliak errespetatzea. Elkar laguntzeko kolektibo nahiko polita lortu dugu, elkarren etxe izateko, antiespeziston etxe, baita aisialdi komunitate polita sortzea ere.

lotsabako

Egitarauko jarduerarik gustukoena?
BARAÑANO: Hardcore gaua. FERNANDEZ: Behar neurodibergenteei buruzko gogoeta kolektiboa.

Afaririk gustukoena?
BARAÑANO: Sinkuartelen tofu ketuaren ogitartekoa. FERNANDEZ: Piztiak-en duruma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA