Antigeno bat Kolonen bidaide

Kristobal Kolon nabigatzailearen jatorriari buruzko ikerketa genetikoak eta hipotesiek zabalik daude oraindik. Joxe Mari Ertzilla historiazale eta ikertzailearen ustez, HLA-B27 antigenoak haren osasun arazoak azaltzen ditu, eta jatorriz agota zela erakusten du.

Granadako Unibertsitatea ari da zuzentzen Kristobal Kolonen azterketa genetikoa. GRANADAKO UNIBERTSITATEA / EFE.
jakes goikoetxea
Zarautz
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Maiatzaren 26ko astean, Gipuzkoako hamar laguni listuaren laginak hartu zizkieten, eta Granadako Unibertsitatera (Espainia) bidali zituzten. Garai bateko agoten ondorengoak ziren hamar lagun horiek: Agote abizena zutenak batzuk; Agote abizena eduki gabe ere, agoten abizenak zituztenak besteak. Jose Antonio Lorente Granadako Unibertsitateko Auzi Medikuntzako katedradunari bidali zizkioten, listu lagin horietatik azido desoxirribonukleikoa, DNA, erauzteko. Zertarako? Haien DNA laginak Kristobal Kolon nabigatzailearen DNArekin alderatzeko. Lorente ari da Kristobal Kolon nabigatzailearen jatorriari buruzko ikerketa genetikoa zuzentzen.

Joxe Mari Ertzilla oriotarrak bideratu zuen agoten ondorengoen DNA jasotzeko eta bidaltzeko prozesua. Maiatzean bildutako DNA laginek Kolonenarekin bat eginez gero, agoten Baztango (Nafarroa) ondorengoenak bildu eta bidali nahi ditu, Arizkungo Bozate eta Aintzialde auzoetakoenak.

Mediku dentista erretiratua da Ertzilla. Historiazale amorratua. Azken urteetan, Kolonen jatorriari buruzko ikertzailea. Kolonen bizitza, hari buruzko agiriak, haren osasun egoerari buruzko erreferentziak... ikertu ditu, eta, horiek guztiak bateratuta, hipotesi bat txirikordatu eta garatu du: Kolon agota eta euskalduna zen. Ainhize-Monjolosekoa (Nafarroa Beherea). Osasun arazo dezente zituen populazioa zen agotena, eta umiliatu eta estigmatizatu egiten zituzten. Heretikotzat ere hartzen zituzten.

Ertzillaren arabera, Kolon agota eta euskalduna izateak azalduko lituzke haren bizimodua, osasun arazo kronikoak eta hainbat jokabide. Kristobal Kolonen DNA geografikoari buruzko ikerketa batean bildu ditu bere hipotesia eta ateratako ondorioak.

Ertzillaren ikerketaren oinarri nagusietako bat antigeno bat da: HLA-B27. Agoten artean ohikoa zen antigenoa, agoten eta beste hainbat gizatalderen bereizgarria. Baltiko aldetik, Suedia ingurutik, Europan zehar zabaldu zen, aurrena Polonia iparraldetik Erdialdeko Mendigunera, Borgoñara. Gero, handik, Lemovicensis eta Tolosako bideetatik, Izuraraino (Nafarroa Beherea), Donejakue bideei jarraituz. Uste dute antigeno horren zabalkundeak sortu zituela zenbait populazio, agotak besteak beste.

Ertzillaren iritziz, kolondarrak migratzaile okzitandarrak ziren, eta Languedoc aldetik iritsi ziren Izurara. Garai hartan, Nafarroako Erresumaren zatia zen Nafarroa Beherea: Seigarren Merindadea, Bortuz Bestaldeko Merindadea.

Gizakien leukozitoen —globulu zurien— antigenoa da HLA (human leukocyte antigen). Leukozitoen azalean dagoen proteina multzo bat. Proteina horiek gorputzaren immunitate sistemari laguntzen diote bere zelulak eta substantzia arrotzak bereizten.

Pertsona bakoitzak HLA geneen konbinazio ezberdina du, eta leukozitoen azaleko antigeno ezberdinak kodetzen ditu. Pertsonen %5-10 inguruk dute.

Eta zer garrantzi du HLA-B27 antigenoak Kristobal Kolon nabigatzailearen bizitzan? «Haren bizitza, bai dokumentatuta dagoena, bai oinarrizkoa, antigenoaren paraleloan joan zen beti», Ertzillaren arabera.

Gaixotasun autoimmuneak

Ez dago frogatuta Kristobal Kolonek eta Diego anaiak HLA-B27 antigenoa zutenik. Baina, Ertzillaren ustez, Kristobal Kolonek HLA-B27 antigenoa izateak azaltzen ditu bizitzan izan zituen hainbat osasun arazo. Izan ere, HLA-B27a dutenek aukera gehiago dituzte gaixotasun autoimmune batzuk izateko: espondilitis ankilosatzailea edo ankilopoietikoa, bereziki bizkarrezurreko giltzadurei eragiten dien gaitza, eta ornoak batu egiten dituena; gazte-artritis idiopatikoa; sacroileitisa, giltzadura sakroiliakoaren inflamazioa; aurreko ubeitis akutua, begietako hantura; bizkarrezur bifidoa, ornoen babesik ez daukan bizkar muina; eta artritis erreaktiboa, infekzio batek eragindako artritis mota —mota horretakoa da Reiterren sindromea—. Giltzaduren eta uretraren hantura eta konjuntibitisa eragiten ditu Reiterren sindromeak.

HLA-B27ak ez ditu gaixotasun horiek sortzen, baina gaixotasun horiek dituzten gehienek antigeno hori dute. Herritarren %10ek baino gutxiagok daukate HLA-B27a; baina Reiterren sindromeagatik ospitaleratutako kasu larrien %80k daukate, eta espondilitis ankilosatzailea duten %90 inguruk.

Diegoren hezurren azterketa eta Kristobalen historia klinikoa ikusita, osasun arazo horiek guztiak izan zituzten, denak HLA-B27ak eragindakoak. «Kristobalek betidanik izan zuen gaixotasun kronikoa Reiterren sindromea izan zen», uste du Ertzillak. «Hesteetako germenek aktibatu zioten. Hark eragin zion heriotza».

2010eko hamarkadan ikertu zituzten Kristobalen eta Diegoren hezurrak. Ikerketa antropologikoan ikusi zuten Kristobal Kolon hil zenean 50 eta 70 urte artean zituela, eta haren garaiera ertaina zela. Diego Kolonen hezurrak aztertu eta gero, berriz, ondorioztatu zuten hil zenean oso gaixo zegoela eta hainbat osasun arazo zituela: eskuin eskua guztiz gogortua zuela, artikulazioak erabat batuak, eta gerrialdeko bosgarren ornoa (L5) errain hezurrari batuta.

Kolonen kronologia klinikoa egin du Ertzillak, eta bertan ageri dira «elbarritutako» hankak, «erresumina» pixa egitean, herrenak, malaria... Herrena eta makur-makur eginda ibiltzea ziren agoten bereizgarrietako batzuk, artritisak eraginak.

Kolonen eta Koloni buruzko idatzietan ageri da lo egiteko zailtasuna. Artritis iraunkorrak sortua dela uste du. «Reiterren sindromean, oinazea handiagoa da geldirik egotean, mugitzean baino; min handiagoa egiten du gauean, egunean baino».

Ertzillak egindako azken ikerketan Kolonen irudi bat ageri da, nahiko ezezaguna, eta, bertan, Kolonek garezur brakizefaloa du, ezpain finak, lepo motza, masail irtenak eta desitxuratutako belarri bat. «Agoten ezaugarriak dira horiek guztiak». Desitxuratutako belarria nabarmendu du: «Deformatutako belarria da, azalore itxurakoa. Agoten bereizgarria da, kondritisak, giltzaduren hanturak, eragindakoa». Ez du gingilik; gingilak eta belarriak bat egiten dute.

Ikerketa, atzeratuta

Kristobal Kolonen jatorriari buruzko hainbat teoria sortu, garatu eta zabaldu dira aspalditik. Herrialdeen arteko lehia ere izan da, eta, 1492. urtean Amerikara iritsi zen nabigatzailea berenganatzeko, nabigatzaileaz jabetzeko, italiarra, portugaldarra, katalana, galiziarra... zela esan izan dute.

Abian da Kristobal Kolonen jatorria argitzeko ikerketa genetikoa. Berez, iragarri zuten 2021eko urrian jakinaraziko zituztela ikerketaren emaitzak, baina oraindik ez dute ezer esan. Munduko bost laborategi ari dira hezurrak aztertzen, bakoitza bere kontura, eta gero ondorioak bateratuko dituzte. Ikerketari buruzko dokumentalak grabatzen ari da Story Productions ekoiztetxea, TVE Espainiako telebista publikoarentzat. Duela urte batzuk, Kolonen DNA alderatu zuten haren ondorengoak izan zitezkeen dozenaka lagunen DNArekin, baina ez zuten baieztatu ahaidetasunik zegoenik.

Ez da azterketa erraza. Ezta gaur egungo teknologia berrienak erabilita ere. Kristobal Koloni dagokionez, lau hezur zati dituzte, almendra baten neurrikoak. Zaharrak dira, eta baldintza kaskarretan daude.

Ezingo dute esan Kolon non jaio zen, zein herrialdetan. «Kolondarrek ez baitute izango jaio ziren lekuko ezaugarri genetikorik, leinuaren jatorrizko eskualdekoak baizik, funtsean migratzaileak baitira», zehaztu du Ertzillak.

Haren haplotaldea argitu ahal izango dute, hau da, zein den haren populazio genetikoa, haren DNA zein eskualdetako populazioetakoa den. Horrek ez luke baztertuko inolako teoriarik, eskualde jakin bateko populazioarekin bat datorren DNA edukita ere migrazioak ohikoak baitziren, eta haren jatorria aldarrikatzen duten edozein herrialdetan jaioa izan baitzitekeen. Ez dirudi, beraz, Kolonen jatorriari buruzko misterioa argituko denik, eta hipotesiek zabalik jarraituko dute.

Hala ere, Ertzillari zaila iruditzen zaio Kolonen hezurren DNAren azterketan antigeno hori agertzea, «hezurrak oso hondatuta baitaude». «Hala ere», jarraitu du, «kasu honetan azterketa forentseak genetikoak bezainbesteko garrantzia edo handiagoa dauka HLA-B27 antigenoa zutela erakusteko».

Ertzillaren itxaropena da azterketa genetikoan R1B-DF27 haplotaldea edo haplotalde horren M153 azpitaldea ager daitezkeela, eta, hala balitz, haren euskal jatorria baieztatuko litzateke: «Bi horietakoren bat badu, ez dago eztabaidarik: euskalduna da. Baina Kolonek jatorri gaskoia du». Euskaldunen eta gaskoien azpitalde genetikoa da M153a.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko biologo talde bat Bozateko agoteen DNA ikertzen ari da, haien jatorria argitzeko. Urteak daramatzate ikertzen, baina ez dute emaitzarik kaleratu.

Agoten gaur egungo ondorengoek kolondarrek duela hainbat mende zituzten ezaugarri genetikoak dituzte, eta kolondarrek duela bost mende baino gehiago izan zituzten gaixotasun berak dituzte.

Ertzillaren hipotesiaren zutabeetako bat da HLA-B27 antigenoa. Agoten antigenoa. Ez bakarra. Arrazoibide medikoarekin batera, historikoa ere osatu du: heretikotzat hartua ez izateko ezkutatzen zuela jatorria, bizitzako eta bidaietako bidaideen jatorria, erabilitako toponimia, armarriak, hizkuntzak, janzkera... Kristobal Kolon ikertzen du Ertzillak, baina ez da hari buruzko ikerketa bakarrik: «Kristobal Kolon deskubritzen ari garenean, agotak deskubritzen ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.