ana galarraga aiestaran
Elhuyar Zientzia

Antropozenoa, izen bat baino gehiago

2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Ofizialki, ez zaio antropozeno deituko bizi dugun garai honi. Hala erabaki zuen duela hilabete pasatxo Kuaternarioko Estratigrafia Azpibatzordeak. Hortaz, Holozenoan jarraitzen dugu, azken 11.784 urteetan bezala.

Izango da sailkapen geologikoa hutsala irudituko zaionik; azken finean, izen-kontua baino ez da. Baina, «izena duena bada» esaera aintzat hartuz gero, auziak badu funtsa. Izan ere, sailkapen horretan, planetaren historia geologikoan arrastoa utzi duten fenomenoak bereizten dituzte, denbora-tarteak zehaztuta. Arrasto batzuk besteak baino esanguratsuagoak dira, eta, beraz, denbora-tarte handiagoen barruan, beste txikiago batzuk daude. Holozenoa, esaterako, garai bat da, eta Kuaternario periodoaren barruan dago; eta Kuaternarioa, Zenozoikoa izeneko aroan. Bestalde, Pleistozenoa bukatu zenean hasi zen Holozenoa, hau da, glaziazioa amaitu zenean. Izotza urtzean, itsas maila igo egin zen, eta horiek dira Holozenoaren ezaugarri nagusienetakoak, gure espeziea ugaritzearekin batera.

Eta, hain zuzen, gure espeziea Lurrean uzten ari den arrastoa hain da handia batzuen ustez, beste garai bat izendatzea proposatu baitute, Antropozeno izenekoa (antrophosgizaki da grekeraz, eta kainos, berri). Paul Crutzen kimikako Nobel saridunak erabili zuen lehen aldiz 2000. urtean, eta, geroztik, zientzialari askok euren egin dute, errealitatera ondo egokitzen delakoan ez ezik, baita gure jarduerak zenbaterainoko inpaktua duen adierazteko eta ohartarazteko aproposa delakoan ere. Hala, 2008an, nazioarteko talde batek izendapena ofizial bihurtzeko eskatu zion Nazioarteko Estratigrafia Batzordeari. Hamabost urte geroago, erabakia ezezkoa izan da. Baina eztabaida ez da amaitu.

Izan ere, batzordeko kideek ez dute ukatzen gizakia arrasto nabarmena uzten ari denik Lurrean. Ez dute argi, ordea, garai baten amaiera eta berri baten hasiera markatzeko nahikoa denik. Batetik, aipatu dute gure espeziearen eragina ez dela aldi berean gertatu Lurreko leku guztietan.

Bestetik, izendatzekotan, noiz hasi zen erabaki behar da, eta hasiera hori markatzen duen ebidentzia bat aurkeztu behar da. Proposamenean, Holozenoaren eta Antropozenoaren arteko muga bereizteko, Kanadako Crawford lakuaren hondoko sedimentuetako geruza bat aukeratu zuten. Izan ere, geruza horrek mikroplastikoak, erregai fosilen errautsak, eta leherketa nuklearrek askatutako plutonioa ditu; denak ere, giza jardueraren inpaktuaren adierazle garbiak. Azpibatzordeko kideek, ordea, ez dute ontzat jo. Eman dituzten arrazoien artean, hau: Antropozenotik kanpo geratuko lirateke hori baino lehenagoko beste gertakari esanguratsu batzuk, planetan eragin nabarmena izan duten arren; esaterako, nekazaritzaren agerpena.

Proposamena aurkeztu zutenak eta beste hainbat zientzialari ez datoz bat arrazoi horiekin, jakina. Haien arabera, gizakia gauetik goizera desagertuko balitz ere, atmosferan eta biosferan luze iraungo lukete eragindako aldaketek. Eta ez dute zalantzarik horrek beste garai batean gaudela adierazten duela. Eztabaida ez da eten, beraz; ezta planeta eraldatzen ari diren jarduerak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.