Udako proposamenak

32 altxaldi baietz

Gaur hasi eta astelehenera arte ospatuko dituzte sanantolinak Lekeition. Ortziralean izanen da Antzara Eguna, eta herritarrak zain-zain daude.

Lekeitioko Antzara Eguna, 2022an.  ARITZ LOIOLA / FOKU
Lekeitioko Antzara Eguna, 2022an. ARITZ LOIOLA / FOKU
2025eko irailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txalupatik salto egin, eta antzarari heldu dio, arrain batek amuari bezala. Sokari tinko heldu, eta ziztu bizian altxatu dute harrapatzailea. Antzararen lepoari hatz puntekin helduta, belaunak dar-dar batean, gorantz eta beherantz dabil mutikoa, portu osoaren begiradapean. Ur gainean dantzan ari da, baina hegaldia ez da betirako, eta 32. altxaldian amua askatu, eta uretan akitu du. 

32 altxaldi, hori da Lekeitioko Antzara jokoaren errekorra. Surruputun kuadrillako Aitzol Negretek lortu zuen 2004an, Jabi Olaortua antzara komisioko presidenteak azaldu duenez. Ortziralean, Euskal Herriko hainbat gazte saiatuko dira marka hausten, 16:00etan hasita, Lekeitioko portuan (Bizkaia).

Olaortuak erran du iaz bertze marka bat hautsi zutela: «104 txalupak hartu zuten parte; gaztetxoek txalupa ateratzeko ilusioa mantentzen dute, eta adineko batzuei, berriz, kosta egiten zaie jubilatzea». Gero eta ontzi gehiago itsasoratzen direnez, herritarrei «lehentasuna» ematea erabaki zuten 1973an. 

Uretatik kanpo ere kaia kuxkuxeroz betetzen dela adierazi du presidenteak: «Ez dakit gehiago kabituko diren, herria gainezka egoten da, lekeitiarrentzat urteko egunik bereziena da eta».

«Ez dakit gehiago kabituko diren, herria gainezka egoten da, lekeitiarrentzat urteko egunik bereziena da eta»

JABI OLAORTUAAntzara batzordeko presidentea

Bestondoa pasatuta, hurrengo egunean banatuko dituzte sariak: «Antzararen burua hartuta altxaldi gehien egiten dituena izango da txapeldun absolutua. Txapeldunordearen postua, berriz, burua hartu ez, baina txapeldunak baino altxaldi gehiago egiten dituenak lortuko du. Dotoretasunari ere lekua emango diogu: besteak beste, itsasontziaren leloa, denbora eta jendearen janzkera hartuko ditugu kontuan».  

Besta akitu eta bi astera hasten dira hurrengo urteko prestaketekin. Aurten, adibidez, antzaren lepoak aldatu behar izan dituzte, iaz batzuk «akastunak» izan baitziren. «Horrez gain, kuadrillak elkartu ditugu, jaiari abiadura emateko ideiak elkarri emateko», esplikatu du Olaortuak. 

Izan ere, urtetik urtera gero eta ontzi gehiago animatzen dira, baina segurtasun kontuengatik ezin dute jaia denboran luzatu: «Gaua egitean urpekariek ez dute hain argi ikusten hondoa. Beraz, antzararengana iristeko denbora minutu eta erditik minutu eta laurdenera murriztea adostu dugu, eta azkarrenari hurrengo urtean zenbakia aukeratzen utziko diogu».

Segurtasun plana ere abuztuero egiten dute: «Udalak, Udaltzaingoak, Ertzaintzak, Osakidetzak, anbulatorioak eta Bizkaibusek hartzen dute parte». Horrela, Gurutze Gorria leku estrategikoetan paratzen dela azaldu du, eta lau urpekari ibiltzen dira uretan. 

Presidentearen erranetan, harrapatzaileek ezin dute 75 kilo baino gehiago pisatu: «Pisu hori aldatuz joan da; 1946tik 1950era bitarte, adibidez, 55 kilo ziren gehienez».

Antzara jokoaren bilakaera

XVII. mendetik daude datuak: «1634ko partida ekonomiko batean ikus daiteke udalak lau antzara ekarri zituela 28 errealen truke». 1986an zintzilikatu zuten azkenekoz antzara bat bizirik.

2006ko hegaztien gripearen harira, erakundeen debeku baten beldur, antzara mekaniko bat fabrikatu zuten, baina, azkenean, ez zen debekurik izan. 2014an atera zuten Antzartek berriz armairutik, aukera gisa: «Bosgarren urterako jada, talde gehiagok aukeratu zuten Antzartek. Horrela, 2022an, EAJk eta EH Bilduk aho batez erabaki zuten Antzartek bakarrik erabiltzea».

Antzarak moldatzeaz gain, kokalekua eta eguna bera ere aldatuz joan direla azaldu du Olaortuak: «Lehenago, zaldiz eta herriko plazan egiten zuten, San Roke jaietan. Gerora erabaki zuten San Antolin izendatzea herriko saindu, txanpon bat airean botata, gainera. Portura, berriz, XIX. mendearen amaieran egin zuten jauzi, garai horretan amaitu baitzuten egungo kaia». 

Antzara jokoaren ondoren, abentura gehiagorako gogoz gelditu direnek masta puntakoa edukiko dute zain. Izan ere, astelehenera bitarte, bestak ez du etenik izanen Lekeition.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.