Antzarek ematen diete sona, baina hegazti sintetiko horiek jarduera guztien arteko beste bat bilakatu dira kasik Lekeitioko sanantolinetan (Bizkaia). Eguerdirako, antzara jaia hasteko lauzpabost ordu falta direla, jendetza bildua dago udaletxeko plazan eta portuan; zuriz eta mahonaren kolorez tindatutako olde bat, txosnaguneko karparen azpian eta beste gerizpe batzuetan aterpetu dena. Gazte taldeak botilekin zamatuta dabiltza hara eta hona, bazkaltzeko eta edateko toki baten bila; batzuek autobuseko txartelarekin ebaki dute supermerkatu batean erositako enpanada, tresna egokiagorik ezean. Antzara jaia hasi orduko, Antzara Egunean erabat murgilduta dago Lekeitio.
Portuko tabernetako batzuk zarratuta daude, baina terraza batean lekua topatu dute Maribik, Marijek eta haien bi lagunek. Tragoak ekarri dizkiete jada, eta berriketan ari dira, eroso, nahiz eta dagoeneko zarata handia dagoen inguru horretan. «Ez gara hemengoak!», ohartarazi dute, baina ia lekeitiartzat jo daitezke daborduko, 50 urte baino gehiago daramatzate-eta Lekeition uda pasatzen, eta beste horrenbeste Antzara Egunera etortzen. «Egun berezia da, ohitura bat da-eta, hemengoa. Ez da egun normal bat», nabarmendu du Maribik.

Bizkaiko hainbat txokotatik datoz lau emakumeak: Ondarroakoa da Maribi, Gernika-Lumokoa Marije, eta gainerako bietako bat Getxokoa eta bestea Bilbokoa. Mende erdian jai eguna aldatuz joan dela esplikatu dute. Lehen, beste modu batean ibiltzen ziren: senarrekin batera joaten ziren Lekeitiora, eta kanpoan bazkaltzen zuten Antzara Egunean. Orain, lauretako hiru alargunak dira, eta hauspoa ere ez da lehengo bera. Trankilago ibiltzen dira: terraza batean jesarri, eta egon; hori izan da azken urteetako plana. «Orain, ahal duguna egiten dugu», esan du Marijek, umorez. Edozelan ere, leku ona aukeratu dute antzara jaia ikusteko. «Gustatzen zaigu. Baina hainbeste urtetan ikusi eta gero...», onartu du.
Palestina ere gogoan
Portutik harago hedatu da jai giroa. Ainhoa Zarragoikoetxea eta Ainhoa Anparan udaletxearen aurreko plazan gelditu dira, eta, oraingoz, barraken burrunbak girotzen du haien eguna, ez tiraldien zenbaketarenak. Maribiren eta Marijeren lagun taldea legez, haiek ere sarri egondakoak dira antzaretan, baina aspaldi etorri barik zeuden. Orain dela bederatzi urte umea eduki zuela kontatu du Anparanek, eta Zarragoikoetxeak erantsi du haurrak koskortu direnean animatu direla ostera ere. Eguerdi alderako ailegatu dira, eta azken aldiaz geroztik urte mordoa pasatu den arren, ez dute igarri jaia asko aldatu denik. «Arrazoi askogatik gustatzen zaigu: antzara jaiak ere giro ona ekartzen du», balioetsi du Zarragoikoetxeak. Porturantz egin dute beste lagun batzuekin batera. Antzara jaia ikustera, beharbada? «Agian bai, agian ez», erantzun du Zarragoikoetxeak. «Ikusiko dugu zelan doan eguna».
«Arrazoi askogatik gustatzen zaigu Antzara Eguna: antzara jaiak ere giro ona ekartzen du»
AINHOA ZARRAGOIKOETXEA Antzara Egunaren zalea
Bitartean, autobusak etengabe ailegatzen ari dira herrira, eta, errefortzuak antolatu dituzten arren, jendez gainezka datoz ibilgailu guzti-guztiak. Heldu berriek porturantz jo dute zuzenean. Kuadrillak prest daude ontzietan, puntual. Palestinako bandera mordo bat astintzen ari dira; aurten, ikurrina ia-ia ordezkatu egin dute hango koloreek. Lehen tiraldian, harridura oihu bat bota du ikusleetako batek; handik gutxira, txilio egin dute malekoira bildutako beste askok ere, ikusita parte hartzaileak lehen altxaldian apurtu diola lepoa antzara sintetikoari. Baina erreakzioa berehala irentsi dute tabernetako musika ozenak eta txosnetako zaratotsak.