Enrike Solinis (Bilbo, 1974) Euskalbarrokensemble taldearen sortzailea da, eta lauta jotzen du horretan, besteak beste. Antzinako musika lantzen duten nazioarteko talderik handienetan jo du; besteak beste, Jordi Savallekin. Azken euskal printzesa emanaldia prestatu du, Nafarroako Erresumako doinuak eta literatura uztartuta. Gaur estreinatuko dute, 18:00etan, Ziortzako Kolegiatan ( Ziortza-Bolibar, Bizkaia).
Zein asmorekin sortu zenuen Euskalbarrokensemble?
Antzinako musika berreskuratzeko sortu nuen, euskal musika berreskuratzeko batez ere, 2006an. Horri buruz ez dago ia informaziorik, eta kontzertuak emateko adina lortu arte lanean aritu naiz. Bitxia da: antzinako musikako kontzertuak beti entzulez gainezka egoten dira, baina gero hemen ez zegoen hori lantzeko talderik. Goi mailako talde bat sortzea zen nire helburua, eta lortu egin dut. Gaurko kontzertuan gonbidatu batzuk izango ditugu gurekin jotzen, munduko onenak, eta, gainera, euskal musika jotzera etorriak.
Jordi Savallen itzalpean ari zarete?
Harekin jo dut munduan zehar, eta haren lanak iradokitako egitasmoa da hau. Garai bateko musika orduko literaturarekin lotzen du hark, gaia testuinguruan jartzeko eta emanaldia borobiltzeko. Savallen perkusionista Pedro Estevanek lagunduko digu gaur.
Hark Cant de la Sibilla katalanarekin eginikoa Nafarroko Erresumara ekarri nahi izan duzu?
Bai. Azken euskal printzesa egitasmoa beste lan handiago baten zati bat da, Nafarroako azken erregea izenekoaren zati bat. Hainbat testu eta orduko musika bildu ditugu programa horretan. Baina, krisia dela eta, programa handi horretatik zati txiki bat atera dugu, amodiozko poemei dagokiena. Hori da Azken euskal printzesa. Programa zabalak aurrekontu askoz handiagoa eskatzen du, eta musikari gehiago. Garai hartako aniztasuna islatzen du: musulmanak, kristauak, juduak... Horrenbeste kultura euskararen bitartez lotzen da. Euskal Herriko etorkizuneko memoria finkatzeko, ondo dago halako emanaldiak prestatzea. Izan ere, harrigarria da garai bateko euskarazko literatura. Goi mailakoa da, baita musika ere.
Musika aldetik zer entzungo dugu?
Gaiza Zenduan Lenizanok abestia, esaterako, Cancionero de Palacio-n dago jasoa. Hortik atera dugu Jançu Janto ere. Orduko euskara hizkuntza erromantzeekin dago nahastuta horretan, eta entzuleek asmatu beharko dute zer esan nahi duen. Oso zaila da halako testuak aurkitzea. Guk bildu egin ditugu orduko programa erakargarri bat osatzeko.
Nola eman diozue osotasuna?
Printzesaren figura aukeratu dugu. Entzuleak hausnartu behar du nor den azken printzesa hori. Agian, euskara bera da.
Ziortzakoa leku egokia da hasteko.
Propio egina dirudi halako kontzertuak emateko. Gainera, horren garaiko Pelegria naizela kanta joko dugu; Donejakue bideko ohiko kanta. Musika klasikoa baino errazagoa da entzuteko antzinako musika, folklorearekin lotura handia duelako.
Honek arrakasta badu, astia izango duzue 2012an Nafarroako azken erregea egitasmoa gauzatzeko?
2012ko urtetik harago joan behar dugula uste dut. Konkistaren urteurrena eztabaida alu bihurtzen ari da. Hemengo kultura gero ere jorratzea da garrantzitsuena, bestela McDonald'sen ilaran amaituko dugu guztiok.
Enrike Solinis. Musikaria
«Antzinako musikarako goi mailako talde bat sortu nahi nuen, eta lortu egin dut»
'Azken euskal printzesa' kontzertua emango du Solinisek, berak zuzenduriko taldearekin, Euskalbarrokensemblerekin. Munduko musikaririk hoberenak euskal musika jotzen jarriko dituela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu