DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Manex Mujika: «Antzoki Zaharrari 'Bilintx' izena jartzea ez litzateke txarra izango»

Donostiako Bilintxi Balantxa bertso elkarteko partaide eta bertsolaria da Mujika. Bilintxen heriotzaren 150. urteurrenaren bueltan egin duten lanketaz gain, hiriko toki oso desberdinetan ari dira bertso saioak egiten, «megafonia txiki batekin».

Manex Mujika bertsolaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Manex Mujika bertsolaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aiete auzokoa da Manex Mujika (Donostia, 1976). Iaz, azaroaren 21ean, Donostiako bertsolarien arteko txapelketa irabazi zuen: Bilintx saria. Atzo, berriz, gai jartzaile aritu zen Bilintxen bizitzaren inguruko bertso saioan. Ziurtzat jo du Bilintxi Balantxa bertso elkartean jarraituko dutela Indalezio Bizkarrondoren ondarea herritarrei zabaltzen.

Uztailaren 22an 150 urte bete ziren Indalezio Bizkarrondo Bilintx hil zela. Horrelako urteurren batek zer esan nahi du Donostiako bertsolari eta bertsozaleentzat?

Bilintx da Donostiako bertsolaririik ezagunena, historiako Donostiako bertsolaria. Eta bada zeozer. Bilintxen figura erreibindikatzeko beste aukera bat da efemeridea.

Nolako ekitaldiak antolatu dituzue?

Gauza txikiak egin ditugu. Duela urte pare bat hasi ginen bertso eskolarekin, bertsotan aritzeko. Eta bertso eskola izanik, eragiletza lanak ere egiten hasi gara. Maiatzaren 23an, Bertso potajia izeneko eguna antolatu genuen, Bilintx kalean bertan, Parte Zaharrean. Balkoitik balkoirako saio bat ere egin zen, Bilintxen omenez.

Zer moduzkoa izan zen eguna?

Oso polita. Oso erraz joan zen dena. Donostia inguruan gabiltzan bertsolari, bertsozale eta jarraitzaileak elkartzeko egun bat izatea nahi genuen, elkar ezagutzeko. Bere funtzioa bete zuen. Luze joan zen: 11:00etan hasi eta 23:00etan bukatu genuen.

Behin mozkor batek esan omen zion "agur, Bilintx", eta Bilintxek erantzun: "Agur, balantx". Hortik hartu zuen elkarteak Bilintxi Balantxa izena, ezta?

Bai, hitz joko erraza da Bilintxi Balantxa elkartzea. Ni taldera gehitu nintzenean martxan zegoen, eta izena aurretik jarrita zeukaten. Bertsotan hasiberriak ziren edo hasten ari ziren lauzpabost gazte elkartu ziren duela bost urte inguru, eta asmoa bertsotan egitea zen. Gero, beterano batzuk ere batu gara, eta ez hain beterano batzuk ere bai. 

Iaz, azaroaren 21ean, Bilintx saria Donostiako bertsolarien txapelketa irabazi zenuen. Berezia izango zen zuretzat.

Bai, bai, hala da. Ilusioa egin zidan horrelako zerbait antolatu ahal izateak berak. Gazteei kontatu ohi diet 1999ko herri arteko txapelketan Donostian ezin izan genuela talderik atera; ez ginen kapaz izan hirukote bat osatzeko ere. Gaur egun dauden aukerekin alderatuz gero... Bilintx sarian hemezortzi lagunek parte hartu genuen, eta hori bakarrik, niretzat, garaipen bat izan da: poz handi bat. Aurten ikusiko dugu: datekin hor gabiltza, baina irailaren bukaeratik urriaren erdialdera antolatzeko asmoa dugu.

Donostiar askok ezagutzen dituzte Bilintxek bizi izandakoak. Beste askok, berriz, ez. Film bat egiteko moduko bizitza izan zuen Bilintxek. Zer pasarte interesgarri nabarmenduko zenituzke?

Donostian bertan, irudi bat zabaldu izan da Bilintxi buruz: zorigaitzezko koitadu batena. Egia da txikitan eskaileretatik erori eta aurpegia desitxuratu zitzaiola, eta zezenak harrapatu zuela sokamuturrean. Antzoki Zaharrean denda txiki bat jarri zuten senar-emazteek, eta diru asko lapurtu zieten. Ezinezko maitasunen inguruko haren bertsoak hor daude; baina, era berean, Bilintxi sagardotegia gustatzen zitzaion, lagunartea gustatzen zitzaion, eta bertsotan bat-batean egiten zuen. Badira haren beste bertso batzuk, kritika soziala zutenak, bera liberala izaki. Espainiako idazle batzuen aldetik, orduan modan zegoen erromantizismoa jaso zuen. Asko irakurritakoa zen. Bertsoetan kritika soziala egiteko joera zuen, pixka bat umorez landuta. Niretzat, Bilintxen bertso politenak horiek dira. Eta, noski, bizitza horrek guztiak film tragikomiko baterako adina emango luke.

Hurrengo urteurrenerako?

Hemendik bost urtera 200 urte beteko dira Bilintx jaio zela. Igual hasi beharko dugu pentsatzen horrelako zerbaitetan.

Agintariek aintzat hartzen al dute Bilintx? Estitxu Zabalak Irutxuloko Hitza-n idatzi zuen ahaztuta daukatela.

Kale bat badu, baina ez dakit Donostian kale txikiagorik egongo ote den [Antzoki Zaharraren atzealdean]. Gainera, duela urte gutxi, kale hori ospetsu egin zen Amaia Montero kantariaren grafiti bat egin zutelako. Orduko hartan, pentsatu nuen Bilintxen kartel bat jarri behar genuela. Agian, Antzoki Zaharrari berari Bilintx izena jartzea ez litzateke txarra izango, bertako atezain lanetan aritu zela kontuan hartuta. Bilintx bada nor Euskal Herrian, bertsolaritzaren munduan. 1831n jaio zen, eta bost urte barrurako badugu lana.

Hori iritsi bitartean, noiz eta non aritzen zarete bertsotan zuen bertso eskolan?

Astelehenero elkartzen gara kurtsoan zehar Donostiako Parte Zaharreko Arrano elkartean. Egunaren arabera kopurua alda daiteke, baina hamar lagunen bueltan elkartzen gara. Gehiegi, akaso. Hamar baldin bagara, bi taldetan banatzen saiatzen gara.

Eta hortik kanpora ere ateratzen zarete bertsotan egitera, ezta?

Bai, megafonia txiki bat badaukagu. Urte eta erdi badira halakoak egiten ditugula: Donostiako toki bat hautatzen dugu, eta bertso saio bat egiten dugu bertan. Batzuetan, kanpoko norbaiti deitzen diogu. Aurrenekoa Haizearen Orrazian egin genuen; gero, Aieteko parkean; eta azkenekoa, Santa Klara uhartean, abuztuaren 7an. Bitxia izan zen, uharteko chiringuito-koa. Batzuek ez zuten ezer ulertuko, baina errespetuz zeuden denak. Plazak sortu beharko ditugu, gure bila ez baita inor etorriko.

Bilintxi Balantxa elkarteko kideek Bilintxen omenez egindako bertsoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA