Ezarian. Argi Aldian

Arabako gasa, zertarako?

Koldo Nuñez Betelu.
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Kanadan bizi nintzenean Halloween festa ezagutu nuen. Umeak mozorrotuta etxez etxe gozoki eskean, kalabazak eta kandelak. Orokorrean, ospakizun hori Ipar Amerikarekin lotu ohi dugu, baina Siria, Libano, Jordania eta Palestinako kristauek oso antzeko tradizioa segitzen dute. Herri horietan, Santu Guztien egunean izan beharrean, beranduago izaten da: alegia, abenduaren 4an, Santa Barbara egunean hain zuzen ere. Han ere, umeak mozorrotu eta kandelekin apainduriko etxeetara eskean hurbiltzen dira kantuka. Izan ere, kristaua zela-eta ez atxilotzeko, mozorroak erabili omen zituen ihes egin zuenean Santa Barbarak. Erromatarrek preso hartu zutenean, hiltzera kondenatu, eta aitak berak, Dioscoro erregeak, moztu zion burua mendi baten tontorrean. Hori egin bezain laster, tximista bat lehertu zen bertan, eta aita hil zuen hark. Hortik dator lehergailuak erabiltzen dituztenen eta antzeko profesioen patroia izatearen arrazoia; geologoena ere bada.

Baina Kanadan egon nintzen urteetan Halloween ez zen izan ezagutu nuen gauza interesgarri bakarra. Albertako probintzian bizi izan nintzen, Kanadako hidrokarburoen lurraldean, alegia. Bertan, gasa eta petrolioa oso kopuru handietan ekoizten da duela mende batetik hona, eta oraindik asko dago azaleratzeko. Hidrokarburo horietako asko Devoniarreko kareharri eta dolomitetan dago gordeta. Arroka horiek belaki itxurako estromatoporidoek eratu zituzten, eta ikaragarrizko porositate handia dute. Poro horien arteko komunikazioa oso handia da, eta, ondorioz, hidrokarburoak erraz mugi daitezke. Hortaz, arroka horien gaineko Triasikoko ebaporitak zulatzen direnean, erraz ekar daitezke azalera, hala gasa, nola petrolioa, bertako presio naturalari esker. Horiek hidrokarburo konbentzionalak dira.

Ipar Amerikako beste zenbait tokitan ez da horrela gertatzen. Izatez, poroak elkarrekin lotuta ez dauzkaten arroketan edo porositate gutxikoetan ere badaude, halaber, hidrokarburoak. Horiei hidrokarburo ez-konbentzional esaten diete. Behar handirik ez zegoenean, hidrokarburo ez-konbentzionalak, besterik gabe, baztertu egiten ziren. Baina egoera aldatu egin da. Poliki-poliki hidrokarburoen erretserbak murrizten ari dira, eta, era berean, gure gizarteak gero eta gehiago kontsumitzen ditu. Horren aurrean, erauzketa-teknika berriak garatu dira, eta hasiak gara dagoeneko gas ez-konbentzionala ekoizten. Jakina, hori ez da erraza, gasa ez baitago lur azpian libre, arroketan harrapatuta baizik. Izan ere, arrokei itsatsita bainoago, arroken poroetan eta arrakaletan egoten da preso. Hortaz, arrokak apurtu egin behar dira, eta gasa gorantz bultzatu. Horretarako, lehergailuak erabiltzen dira batzuetan, arrokak zartatzeko, eta beste batzuetan ura presio handipean, edo biak batera. Gainera, kasu askotan, urari hainbat eta hainbat osagai kimiko kutsagarri gehitzen dizkiote arroka desegiteko.

Kanada eta Euskal Herriko geologia oso desberdinak dira, baina bi gizarteok hidrokarburoak erabiltzen ditugu lehengai gisa. Kanadan behar beste eta gehiago dute lur azpian. Aldiz, gurean orain arte oso gutxi aurkitu dute. Dena den, duela aste gutxi jakin dugu Arabako lurrazpiko Enara eremuan gas ez-konbentzional asko egon daitekeela, Euskadiren hurrengo 60 urteetako beharrak asetzeko adina. Hori bai, gas ez-konbentzionala da. Orain arte esan dutenaren arabera, ura baino ez da erabiliko gas hori azalera ekartzeko. Baina milioika eta milioika metro kubiko beharko dira. Nondik aterako dugu ur hori? Bertako akuiferoetatik? Eta behin erabilita, nola garbituko dugu ura? Izan ere, osagai kimikorik erabiliko ez balitz ere, ura zikindu eta kutsa daiteke arrokek eduki ditzaketen metal eta beste hainbat osagairekin, arazo txikiena esatearren.

Erakundeek gogoz bultzatu ohi dute gas naturalaren erabilera, eta, ondorioz, berri pozgarri gisa gizarteratu dute hedabide askok Arabako gasaren aurkikuntza. Izan ere, Euskadik ez du gas naturalaren erreserbarik; gas guztia kanpoan erosten du. Hala ere, munduko leku anitzetan, esaterako AEBetan, Erresuma Batuan eta Frantzian, askok eta askok zalantzan jarri dute gas ez-konbentzionala ekoiztearen egokitasuna, eta moratoriak bultzatu dituzte. Garestia baita oso gas horren ekoizpena, bai eurotan, bai ingurumenean duen kostuaren aldetik. Ikusi besterik ez dago hedabide garrantzitsu askok azken boladan kaleratutako artikuluak, esaterako The New York Times bera ere. Zalantzak eta kritikak ugariak dira. Zertarako jarraitu, orduan, gasa eta hidrokarburoak erabiltzearen aldeko apustua egiten, eta ez energia berriztagarrien aldekoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.