Iazko ikasturtean 1.000 mintzalagun inguru elkartzen ziren astean behin, Araban, euskaraz aritzeko. Hain justu, mintzalagunen festa egingo dute gaur, Arabako Mintza Eguna ospatuko baitute, Murgian. Lurralde osoko mintzalagunak biltzea da asmoa. Topaguneak eta Zuia kuadrillako Mintzalagunek antolatu dute egun osoko egitarau zabala, festa giroan euskara sustatzen jarraitzeko.
Mintzapraktika egitasmoan parte hartzen duten berbalagun guztiak biltzeaz gain, Arabako euskaldun guztiei egin diete deia hara joan daitezen. Mugimenduaren tamaina ezagutzera eman, eta, bide batez, parte hartzaileen arteko harreman sare euskaldunak indartu nahi dituzte.
Zuia kuadrillako kultur taldearen ongietorriarekin ekingo diote egunari, 10:30ean, eta inguruko bazterrak ezagutuko dituzte, ondoren; Zuia eta Euskal Herriko mitologia lotzen dituen ibilbide gidatuarekin. Hizkuntzarekin jolastea egokituko zaie, gero. 12:00etako mintza probetan, esaera zaharrak, berba pasak eta palindromoak osatu beharko dituzte. Kantu jiran berotuko dituzte eztarriak bazkaldu aurretik, eta herri bazkaria 14:30ean antolatu dute.
Arratsaldean jarraituko du jaiak. 16:30ean, bertsoa, antzerkia eta kantua uztartuko dituen saioa izango da, eta 17:30ean, Azido Folkloriko taldearekin dantzaldia. Maldan Behera eta Garraxika taldeen kontzertuekin amaituko dute eguna, 20:00etan, herriko gaztelekuan.
Gero eta indartsuagoa
Donostiako Bagera elkarteak sortu zuen mintzapraktika egitasmoa, 1993an. Pixkanaka proiektua haziz joan da, eta gaur egun, 4.800 mintzalagun baino gehiago daude Euskal Herrian, 80 herritan banatuta. Euskaraz hitz egin eta hainbat jarduerak egiteko astean behin elkartzen diren bospasei laguneko taldeak izaten dira normalean. Azken urteetan hiri handietako egitasmoek hartu dute indarra, batez ere, eta Araban ere gero eta harrera hobea izan du.
Arabako Mintza Eguna izango da gaur Murgian, mintzalagunak biltzeko
Mintza probak, kantu jira, herri bazkaria, dantzaldia eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu