Arabiar jatorriko hitzen lilura

Arabismoak ez dira falta euskaran. Egunerokoan arabiar jatorriko hainbat hitz erabiltzen ditugu: 'alkate', 'azoka', 'izara'... Ikerketa akademiko sakona egitea falta da. Koldo Mitxelenak iradoki zuen bazirela euskarak zuzenean hartutako maileguak.

Arabiar jatorriko euskarazko hitzak. ZALDIEROA
Arabiar jatorriko euskarazko hitzak. ZALDIEROA
Kristina Berasain Tristan.
Gasteiz
2025eko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Anjel Lertxundik Letrak kalekantoitik liburu liluragarrian erranairu eta hitz bitxien bilduma egin zuen, eta tartean arabiar jatorriko euskarazko hainbat hitz aletu zituen: aldaba, alkandora, azoka... Albiste hitza ere jaso zuen idazleak, eta arabierazko albiriste hitzetik datorrela zehaztu. Al-bisara hitzean omen dauka oinarria azken horrek, berri ona adierazi nahi duen hitzean, alegia. «Gure hiztegi bat a letran zabaltzen baldin badugu, ikaragarri ugariak dira arabiar jatorriko hitzak. Kontatu egin beharko nituzke, eta inoiz egon naiz horretarako puntuan, baina al artikuluarekin hasten diren gehienak behintzat arabiar jatorrikoak dira». Blanca Urgell (Gasteiz, 1962) liluratuta dago arabismoekin.

Filologoak jakin-min handia dauka, bereziki a letraz haratago hiztegian ezkutatzen diren beste hitzekin: «Badira a eta al letrekin hasten diren asko, baina badira bilatzen zailagoak diren beste batzuk, horren ebidenteak ez direnak. Non egongo dira hiztegian sakabanatuta?». Urgellek Koldo Mitxelenaren Euskararen iraganaz liburua itzuli zuen, hizkuntzalariaren liburu ospetsuenetakoa izan zena gaurko irakurle euskaldunari hurbiltzeko asmoz, eta bertan topatu zituen horren bistakoak ez diren bi hitz: «Bat arra(a) da. Ez da hitz arrunta, ez da hitz ezaguna, neurri bat adierazten baitu. Baina aipatzen duen bigarrena denok ezagutzen dugu, tira, berez bi dira, familiako kideak: gutuna eta kutuna. Liburu eta amuleto hitzetatik datoz, eta, mailegu asko bezala, bizitza propioa hartu dute euskaran». 

«Gure hiztegi bat ‘a’ letratik zabaltzen baldin badugu, ikaragarri ugariak dira arabiar jatorriko hitzak. Kontatu beharko nituzke»

BLANCA URGELLFilologoa

Mitxelenak berak zioen euskaran arabismoak ez direla faltan, eta atorra eta izara hitzak ere aipatzen zituen, haren ustez erromantzearen bidez sartu baitziren. Urgellen hitzetan, ziurrenik gaztelaniatik sartu ziren hitz gehienak, baina, aipatutako bi horiek, gutuna eta kutuna, euskaldunek zuzenean arabiarretik hartutako hitzak izan ziren: «Mitxelenak hala iradoki zuen, euskarak zuzenean hartutako arabismoak izan litezkeela. Euskal Herrian bizi izan ziren, gure artean eta gure aldamenean, urte pila batez, beraz, suposatu behar dugu orduko euskaldunek arabiera nahiko entzuten zutela». 

BLANCA URGELL FILOLOGOA
Blanca Urgell filologoak jakin-min handia dauka arabismoen inguruan. Lan sakon bat falta dela dio. BERRIA

Orotariko Euskal Hiztegian ere ibili da arakatzen filologoa, eta, bertan beste bi altxor topatu ditu: alaroza eta alagoza. «Ziurrenik gaztelaniatik hartuak dira, edo ez, zeren gaztelaniaz ere oso bakanak dira. Alagoza ezkontza hitzetan agertzen da; familiaren begiradatik kanpo elkarri ezkon-hitza ematen zioten bikoteek erabiltzen zuten formula hori. Badago Artaxoan [Nafarroa] dokumentu bat non mutilak neskari alarozatzat hartzen duela esaten dion. Oso hitz polita da. Askotan auzitara jotzen zuten emakumeek bikotekideak emandako hitz hori betearaz zedin». Orotariko Euskal Hiztegian badago beste aldaera bat: alagoza ezkonsaria eta dotea esateko erabiltzen zela aipatzen da. «Manuel Larramendik jaso zuen hitz hori bere hiztegian; beraz, ahozko euskaratik hartutakoa da. Hala erabiliko zen nonbait...».

«Asko dago sakontzeko»

Litekeena da arabismoen zerrenda guk pentsatutakoa baino luzeagoa izatea: aduana, albaitari, aldaba, alkandora, atabal, aguazil, alkaterna, alkohola, almibarra, arroza, azafraia, anega, azeituna, azukrea, azuzena, galiboa, matraka, noria, limoia, laranja, talaia... Kontua da inork ez dituela behar bezala ikertu. Urgellen ustez, hutsune bat dago, esparru akademikoan apenas aztertu baita. «Hori falta dugu. Asko dago sakontzeko. Eragozpena da behar bezalako ikerketa bat egiteko arabiera menperatu behar dela, ez bakarrik euskara. Nire itxaropena zera da, gurean arabiera dakiten horrenbeste gazte izanik, noizbait lortuko dugula horietakoren batek tesi bat egitea. Nik ikasleei amua botatzen diet beti». Euskal Herriko Unibertsitateko filologia irakasleak beti egiten die erreferentzia arabismoei: «Euskararen historia irakasgaian latinezko maileguetatik erromantze maileguetara pasatzen gara, eta tartean badaude arabieraren maileguak, eta aipatu egiten dizkiet berariaz».

Musulmanak VIII. mendean sartu ziren Euskal Herrian. 715. urterako hainbat lurralde okupatu zituzten, bereziki hegoaldean. Araba eta Nafarroa hegoaldean aurkitu dira bereziki kultura haren arrastoak, tartean toponimian, artxiboetan, artelanetan eta zutik iraun duten meskiten hondakinetan. Banukasitarrek Ebroko bailara ere gobernatu zuten eta haietako zenbait euskaldunak omen ziren. Zortzi mendez bizi izan ziren han musulmanak, harik eta 1516an errege katolikoek kristautasunera bihurtu ez ziren mudejarrak kanporatzeko agindua betearazi zuten arte —berez 1502ko otsailaren 12an ezarri zuten agindu hori, betearazi baino hamalau urte lehenago—.

«‘Algarabia’ hitz hori beldurgarria da, hau da, ‘zarata’, ‘anabasa’ hitzaren jatorria ‘al-arabiya’ da. ‘Algara’ hitza hortik datoror»

PATXI ZUBIZARRETAIdazlea

«Arabieraz idatzitako liburuak erre egiten zituzten. Granadan [Espainia] eta Valentzian [Herrialde Katalanak] dokumentatuta dago pasarte hori. Mundu hori kendu nahi zuten... Algarabia hitza beldurgarria da, hau da, zarata, anabasa hitzaren jatorria al-arabiya da. Algara hitza hortik dator». Patxi Zubizarreta (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) pasioz mintzatzen da mundu arabiarraz: «Ez da lilura, baina esan dezaket bizitzari begiratzeko modu horren bidez beste mundu bat deskubritu nuela. Mendebaldean Descartes daukagu: 'Pentsatzen dut; beraz, banaiz'. Nik mundu arabiarrean aurkitu dut beste ikuspuntu bat: 'Sentitzen dut; beraz, banaiz. Negar egiten dut; beraz, banaiz. Amets egiten dut; beraz, banaiz'. Hori oso inportantea izan da niretzat. Mendebaldea oso arrazionala da, oso kartesiarra. Beraiek eskuin-ezker idazten dute, eta ez ezker-eskuin...».

PATXI ZUBIZARRETA
Patxi Zubizarreta idazleak hainbat idazle arabiarren obrak itzuli ditu euskarara. Begirada aldatu diotela dio. ANDONI CANELLADA / FOKU

Idazleak Naguib Mahfuz eta Abdala Taia idazle arabiarren hainbat obra itzuli ditu euskarara, baita autore anonimoek idatzitako eta ikoniko izan diren beste liburu batzuk ere, tartean, Aladin, Simbad marinela eta Mila gau eta bat gehiago. «Xeherezadek hitzaren dohaina zuen, eta, erregearena bezala, gure arimak ere laztantzen eta elikatzen ditu. Gure liburuetan akotazioak dira, ‘erantzun zion, argudiatu zuen, konkluitu zuen, segitu zuen’, eta Naguib Mahfuz irakurtzen duzu eta esaten du, ‘zatoz hona, desiozko begirada batekin’. Begiek hitz egiten dute. Eta koloreak... Sarrionandiak ere esaten zuen luzaroan euskal literatura zuri-beltzean izan zela». 

«Denok gara afrikarrak»

Eric-Emmanuel Schimitten Ibrahim jauna eta Koranaren loreak ere euskaratu ditu Zubizarretak. Afrikako deskubrimenduak markatu zuen gaztetan: «Marokora autobus batean joan nintzen, litera autobus batean, bakar-bakarrik. Marrakexera joaten bazara, ohartzen zara barrura begira bizi dela hango kultura. Kanpotik oso leku ziztrinak topatzen dituzu, baina barrutik oso leku ederrak, eta lorategiak... Hango idazleak deskubritu nituen: Mohamed Xukri, Fatima Bernisi. Dreams of Trespass liburua euskaraz egon dadin desiratzen nago. Harem batean jaio zen idazlea. Oso liburu ederra da». 

Arantzazu Royok eta Xabier Olarrak egindako itzulpenak goraipatu ditu Zubizarretak: «Xukriren Ogi hutsa itzuli zuen Royok. Oso gordina da; miseria gorrian bizi izan zen, gose, indarkeria, prostituzio eta drogazaleen giroan. Royok eta Olarrak Alaa Al-Aswaniren Jacobian eraikina ere itzuli zuten. Beste liburu eder bat».

Zubizarreta arabiera ikasten aritu zen urtebetez. Berak ere Lertxundiri irakurri dizkio jatorri arabiarra duten euskarazko hitzak: «Bospasei aipatzen ditu, azoka, esaterako. Ordizian, nire herrian, asko erabiltzen da. Villaprankako peria deitzen zioten baserritarrek; feria latinetik dator, eta gero azoka erabiltzen hasi zen jendea, pentsatuta oso gurea dela, baina arabiera da. Ezjakintasun hutsa da». Zerrenda luzeago batean irakurri berri du idazleak beste arabismo bat, alondegia: «Nire herrian ere badago alondegia».

Denak Afrikatik datozela uste du Zubizarretak. «Erromatarrak asko aipatzen dira, baina haiek greziarren zabaltzaileak izan ziren; eta greziarrak, egiptoarrenak; eta haiek, txinatarrenak; eta denok gatoz Afrikatik. Eduardo Galeanok ere hala esaten zuen. Adam eta Eva beltzak zirela esaten zuen». Ispiluak liburuan, hala dio Galeanok: «Afrikan abiatu zen jendearen bidaia munduan. Handik abiarazi gure aitona-amonek planetaren konkista. Bideek helmugak sortu zituzten eta eguzkiak kolore banaketan ihardun. Gizon-emakumeok gaur, lurreko ortzadar, zeruko ortzadarra baino anitz koloretsuago gara; baina etorkin afrikarrak guztiok. Zuri-zurienak ere Afrikatik datoz-eta».

Zubizarretak Xalbadorren Odolaren mintzoa liburua ere ekarri du gogora. «Poema sorta batean muga aipatzen du, gosez eta hotzez hil ziren gizon beltzak aipatzen ditu. Oso poema hunkigarria da. Orduan Afrika Pirinioetan hasten zela esaten zuten. Gero Gibraltarrera iritsi zen muga, baina hamalau kilometro baino ez dira. Kontinentea bat da. Denok gara afrikarrak».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.