Aralar, Amezketatik

Joxe Mari Oterminek eta Dani Sagastumek 'Aralar, non bizia berritzen den' liburua ondu dute. Amezketa, artzaintza eta Aralar ditu jomuga liburuak, datu eta pasadizo asko jasota. Baita argazki ikusgarriak ere.

'Aralar, non bizia berritzen den' liburuaren azaleko argazkia. DANI SAGASTUME
'Aralar, non bizia berritzen den' liburuaren azaleko argazkia. DANI SAGASTUME
urtzi urkizu
Donostia
2026ko maiatzaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amezketa herriko (Gipuzkoa) artzainengan jarri du arreta Joxe Mari Otermin kazetari eta idazleak —EITBn hainbat ardura lan bete zituen luzaroan— bere azkeneko liburuan. Herri horretako Dani Sagastume argazkilari eta kameraria izan du bidaide egitasmoan. Eta emaitza edizio landuko 345 orrialde dira. Amezketako Udalaren laguntzaz eman dute argitara Aralar, non bizia berritzen den lana.

2026a Larreen eta Artzaingoaren Nazioarteko Urtea izango zela jakin zuen Oterminek duela urtebete. «Nahiko aitzakia iruditu zitzaigun Amezketa-Aralar edo, bestela esanda, Aralar-Amezketa binomioari begiralditxo bat emateko», azaldu du Oterminek. Horrez gain, 93 urte dituen artzain batek makina bat istorio kontatu zizkion. «Hau joaten denean, istorio hauek galdu egingo dira», pentsatu zuen Oterminek. Ez dira galdu, ordea.

Sagastumek eta Oterminek dokumental baten filmaketan kointziditu zuten. «Grabaketa amaitutakoan, Joxe Mariri esan nion: 'Ni ere Amezketakoa naiz'», gogoratu du Sagastumek. Eta, hara non, Otermin egun batzuk lehenago Sagastumeren webean ibilia zen haren argazkiak ikusten. Berehala jarri ziren ados liburuaren proiektuan elkarrekin aritzeko. «Azken batean, liburua zerbait baldin bada, zera da, Aralar Amezketatik ikusita», nabarmendu du Oterminek.

Aralarren inguruko liburuak badira. Baina artzainen izenak aurkitzen eta liburura eramaten saiatu da Otermin oraingoan. Argazkiei dagokienez, Sagastumek azaldu du «goitik» egindako argazki asko atera zituela: «Dronea baliatu genuen argazki askotarako. Eta saiatu gara jendeak gutxiago ezagutzen duen ikuspuntu batetik tokiak erakusken. Amezketako ikuspegitik, bai, baina beste angulu batekin».

Amezketa Aralar non bizia berritzen den liburuaren argazki bat
Amezketa, Aralar, non bizia berritzen den liburuan. DANI SAGASTUME

Aralarko artzaintzan barna, historia eta ikuspegi zabala ematen dute egileek liburuan. Noizdanikoa ote da artzaintza Aralarren? galdera du izenburu azpiataletako batek. «Adituen ustez, sei mila urte inguru izan daitezke lehenbiziko gizakiak Aralarrera heldu zirenetik. Lehenbizikoak, diote, ehiztari-biltzaileak omen ziren; hurrengoak sedentarizazioari esker, mendiratutako era guztietako ganaduak baliatzen zituztenak», idatzi du Oterminek liburuan. Joxean Mujika arkeologoaren arabera, txabolarik zaharrena orain 4.700-4.800 urtekoa da. Historian aurrera eginez, Oterminek idatzi du Amezketak Aralar mendiarekin izan duen harremana eta lotura nekez uler daitekeela Enirio-Aralar mankomunitatetik kanpo. «Aralarko larre eta arboladiak komunean erabiltzeko usadioak, gutxienez, XIV. mendean ditu sustraiak».

Amezketako historiaren kontu gehiago ere bildu ditu Oterminek. XVIII. mendekoak tartean —Amezketako kartzela gainezka 1792an izena du ataletako batek—. Enirio-Aralarko basoen gorabeherak, ikazkinen bizimodua eta beste hamaika kontu dokumentatu ditu. Artzaintzaren lau urtaroetan murgiltzen da ondotik idazlea.

Amezketa Aralar non bizia berritzen den liburuaren argazki bat
Aralar, non bizia berritzen den liburuaren argazki bat. DANI SAGASTUME

«Udaberrian bi ezaugarri daude: gazta asko egitea eta ile mozketa», adierazi du Oterminek. Liburuko beste azpiatal batek, bestalde, Udazkenarekin, Aralar menditik kostaldera du izena. Negualdia beheko larreetara igarotzearen gaiak badu bere terminologia. Transhumantzia zabaldua da. «Hiztegi batean ikusi dut 'sasoiko migrazioa' esaten zaiola artzainek egin behar izaten zutenari, hau da, artaldeak lekuz aldatzeari», utzi du idatzia Oterminek. Amezketako artzainek negua non ematen zuten ere kontatzen du idazleak. 

Baserrien eta azienden datuak

«Joan Mari Lekuonak esaten zuen azkazalarekin azalean zauritxo bat eginez gero segituan baserria agertzen dela. Amezketan hori eginez gero, artzainak ageri dira», azaldu du Oterminek. Horri segika, zeuden datuak berreskuratu eta txukun plazaratu ditu liburuan. Oraingoak eta lehengoak, grafikoetan. 1881eko eta 1882ko baserrien eta azienden datuak, kasurako. Baita 1897an egindako erroldakoak ere. Gero 1908koak datoz. Eta 1934koak, eta, azken horretan, artzainen izen-abizenen zerrenda. Izen horiek guztiak jasotzeari garrantzi handia eman dio Oterminek.

Amezketako artzainen ezaugarriei dagokienez, Oterminek azpimarratu du «oso artzain profesionalak» zirela. «Lehen eta orain, batzuek baserria eta artzaintza uztartzen zituzten. Eta beste batzuk soil-soiilik artzaintzari lotzen zitzaizkion». Gaineratu du izen propio batzuk ez direla ahaztekoak. «Lazaro Altuna artzain handi horietako bat izan zen».

Sagastumek atera dituen argazki berriekin batera, garai bateko argazki ugari dakar liburuak. Jose Mari Karrera artzainari 1944. urtean Jesus Elosegik eta Pilar Sansineneak ateratakoak deigarriak dira, kasurako. «Argazkilariak artzainarekin duen gertutasunak arreta ematen du. Artzaina oso ohikoak ez diren posturetan azaltzea eragin zuen», aipatu du Sagastumek.

Jose Maria Karrera artzaia 1944an Amezketan
Jose Maria Karrera artzaina, etzanda, 1944an. JESUS ELOSEGI

Izen propio gehiago ageri dira liburuan: Inazio Artano Sagastume —95 urte ditu—, Xexilio Goñi, Dionixio Goitia, Anastasio Balerdi, Iñaki Artano eta Maria Jesus Garaikoetxea, Paskual Lekuona, Pako Lertxundi, Jabier Agirrezabala, Fruktuoso Izeta, Ignazio Zulaika, Jose Antonio Irastorza eta beste hainbat. Haien ibilerak bildu ditu Oterminek. Fernando Amezketarrak Elordi txabolan bizi izandakoak ere ageri dira, labur bada ere.

Makila, gazta eta mondejua

Sagastumek nabarmendu du Oterminek «ideia polita» izan zuela artzain makilari atal berezitu bat eskainita. Makilaren erabilera eta estetika aztertu ditu idazleak. Eta orrialde horietan ageri diren argazki zahar eta berriak ere bereziak dira. «Atal originala» dela uste dute bi egileek.

Ez dira Euskal Herriko artzainak makilarekin dabiltzan bakarrak, noski. Oterminek zera kontatu du: «Max Roving youtuber alemaniarra Aljerian zebilen, bigarren mailako errepideetan barrena. Horietatik apartatu, eta sasoiko gizaseme batekin egin zuen topo: luzea soinez, oliba koloreko bonbatxo praka zabal-zabalak, elastiko estu koloretsua... eta esku batean, makila... Aljerian ere artzainak makila eskuan...». Atal horretarako, Sagastumek Beñat Eraso artzainari argazki batzuk atera dizkio, propio makila erabiltzeko postura erakusten dutenak. Zuri-beltzezkoak dira.

Amezketa Aralar non bizia berritzen den liburuaren argazki bat
Beñat Eraso artzaina, Aralar, non bizia berritzen den liburuko argazki batean. DANI SAGASTUME

Liburuaren ataletan, era berean, erlijiotasunari eskainitako bat bada. «San Migelen egindako lapurretek film baterako ematen dute», azaldu du Oterminek. Artzain bertsolariak ere aipatu ditu, baina idazleak pena du garai bateko bertsoak jasota ez daudelako. «Saio bakar bateko bertsoak daude jasoak, 36ko gerra garaiko batekoak. Han Iñaki Alkain eta Lukas Artano bertsolariak aritu ziren kantuan».

Gaur egungo artzainen bizimodura ere heltzen da liburua. Etorkizuna hemen da: Oteiza-Goikoa atalean, Jon Ander Goñi eta Ainhoa Zuriarrain ageri dira. Gazta nola egiten duten kontatzen dute bertan. Sagastumek, halaber, gogoratu du mondejuak ere baduela bere garrantzia inguruan. Haren usaina iristen da Sagastumek berak ateratako argazkietatik. «Mondejua oso preziatua da Amezketan; etxe askotan egiten dute».

1991. urtetik gerozko datuen grafiko argigarri bat ere bada liburuaren amaiera aldera; 2025eko datuak dio Aralarren badirela 14.680 ardi, 1.080 behi eta 1.033 behor. 

Pello Zabala zenak ardi latxari jarritako bertso batzuekin hasten da liburua. Eta bukaera ere, Arantzazuko fraide euskaltzaleak egindako bertso batekin eman diote.

Dani Sagastume eta Joxe Mari Otermin 'Aralar, non bizia berritzen den' liburuaren egileak.
Dani Sagastume eta Joxe Mari Otermin 'Aralar, non bizia berritzen den' liburuaren egileak, Donostian, maiatzaren 13an. JON URBE / FOKU

Liburua Amezketako udaletxean aurkeztu zuten, apirilaren 31n. «Uste dut Amezketako jendeak estimatuko duela», dio Oterminek. «Baten batek aipatu dit ez dela irakurketaren zalea, baina ez zuela imajinatzen Amezketako historiarekin halako libururik egin zitekeenik, eta igande arratsaldeak liburua irakurtzen pasatzen dituela». Oterminek eta Sagastumek aitortu dute «oso ondo» pasatu dutela liburua egiten. Arreta Amezketan jarria dela azpimarratu du Oterminek, baina. «Oso Amezketakoa da».

Bidera Zerbitzuak (BERRIA Taldea) arduratu da liburuaren diseinuaz eta maketazioaz. Sagastumek nabarmendu du «sekulako lana» egin dutela arlo horretan. 

Oterminek —1948an jaioa da— beste zazpi liburu idatzi ditu Amezketako gaiak ikertuta (Salin saila). Eta buruan badu hurrengoa: Aralarko meategien inguruko lan bat. Buruan bakarrik ez, hasia da zerbaitetan. Iritsiko da hori ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA