Ia bada hilabete udaberrian sartu ginela, eta, urtero entzuten dugunez, hainbatek bikini operazioa hasteko joera izaten du. Nolanahi ere, argaltzen hasi aurretik benetan motibatuta gauden aztertu behar da, eta motibazio horren iturria zein den. Motibazio sakonik gabe oso zaila da aurrera egitea.
Zer da motibazioa?
Helburu jakin bat lortzeko egin beharreko esfortzuak burutzeko borondatea eta interesa. Bizitzako arlo guztietan izan dezakegun jarrerarekin zerikusia du. Berdin argaltze prozesu baten kasuan. Asmo hori baldin badugu, motibatuta egoteak errealitatearekiko jarrera aktiboa suposatzen du. Egiten ari zarenaren garrantziaz ohartarazi eta hori lortzeko borondatea landu. Bestalde, jarrera pasiboa hau litzateke: «Besteek edo zerbaitek—mirarizko dietak, zenbait produktuk, medikuek…— egingo dute nik behar dudana».
Zerk motibatzen nau?
Argaltzeko erabakia hartzen dudanean, non jartzen dut begirada? Ospakizun bereziren bat edo uda datorrela edo beste arrazoi batzuengatik —norbaitek esan digulako…— argaltzean soilik; hau da, nire begirada epe motzerakoa da? Edo argaldu ondoren bizi-kalitate hobea eramateko gure pisu egokian mantentzeko elikadura ohitura osasuntsuak ikasi eta barneratzean? Hori da epe luzerako begirada.
Galde iezaiozu zeure buruari zer den benetan lortu nahi duzuna, zergatik egiten duzun, aldaketa horrekin zein onura lortuko dituzun, zer utziko duzun alde batera eta abar. Horrek benetan elikadura ohitura-portaera, eta bizitza estiloa aldatzeko prest al zauden baloratzeko balio izango dizu; hau da, zure motibazio iturriak epe luze edo motzekoak diren hausnartzeko.
Modu osasuntsuan mehetzea epe luzerako prozesu bat da. Prozesu horretan helburuak elikatzen ikastea izan behar du, eta elikadura ohitura orekatu eta osasuntsuak eskuratu eta barneratzea. Horretarako osagaiak pazientzia, borondatea eta dieta egoki bat dira.
Ahaztu pilulak, kremak eta mirarizko dietak, epe motzera baino ez baitute eragiten. Aldaketak ez dira errazak, baina zure jarrera positiboa bada, kaltea baino gehiago onura ekarriko dizula sinesten baduzu, egin dezakezu.
Nola motibatu zeure burua?
•Zerrenda bat osatu, argaltzeko dituzun arrazoiekin. Tarteka horiek irakurtzeak motibazioa mantentzen lagunduko dizute.
•Aldiko helburu errealistak finkatu. Horiek lortzeak jarraitu eta helburu handiagoak lortzeko indarra emango dizu. Prozesuan jarraitzeko, zeure buruarengan konfiantza, ziurtasuna, animoa eta motibazioa. Helburuak zurrunegiak eta betetzeko zailak badira, ordea, frustrazioa eragingo dute, eta erraz utziko dugu hasitakoa.
•Pentsamendua kontrolatu. Dieta egitea ez da aspergarria. Helburua jaten ikastea da. Imajinazioz eta sormenez milaka plater ezberdin eta oso erakargarriak presta daitezke. Saiatu, ekin.
•Ez amore eman. Egun guztiak ez dira berdinak, batzuetan besteetan baino indar gehiago dugu. Etsi gabe, zure prozesua errespetatu. Baina beti aurrera begira.
Eta praktikan, nola egin?
Gizentasunaren jatorria aztertuko duen profesional batengana jo: Genetikoa den, hormonala, psikologikoa —kasu horretan jateko gogoa handitzen duen antsietatea edo arrazoia tratatu behar dira. Pertsonak izan ditzakeen gorabehera edo arazoei, modu osasuntsuan aurre egiteko errekurtsoak eskaini…—, nutrizionala… Hemen maiz aipatu izan dugun bezala, inoiz ez hasi zure kontura argaltzen, norbaitek utzitako dieta batekin eta abar.
Kausa jakin ondoren, dagokiona tratatu, beti elikadura orekatu eta ahal bada ariketa fisikoaz lagundu.
Erne profesionala aukeratzerakoan: profesional on bat jaten ikasteko prozesu bat eskaintzen diguna da, eta ez mirariak saltzen dizkiguna. Prozesu horretan eskaintzen digun dietaren ezaugarriek honako hauek izan behar dute:
•Pertsonalizatu.Bakoitzaren ezaugarri, bizitza eta ohiturak ezberdinak direlako.
•Behar genetikoa. Mehetu nahi duen pertsonaren behar genetikoen azpiko kcal kopurua —1.400 kcal baino gutxiagoko dietak ez dira komenigarriak—.
•Oreka. Orekatua izan behar du, eta kcal horietan beharrezko zuntz, bitamina eta gatz mineral beharrak ase behar ditu.
•Ohiturak. Pertsonaren ohiturak ahal den heinean errespetatu.
•Ordutegia. Pertsonaren ordutegi eta lan egoeratara moldatzea.
•Aniztasuna. Askotarikoa eta atsegina izatea.
•Lasterketa luzea. Gerora mantendu eta osasuna bultzatuko duten ohitura egokiak sustatzea.
•Mugak. Otorduetara mugatu behar da.
Hori guztia neurrizko ariketa fisikoarekin konbinatuz egin behar da. Haurren kasuan, gizentasuna saihestea da eraginkorrena. Horretarako, ezinbestekoa da dieta askotarikoa izatea, fruitu, barazki eta zituetan aberatsa, eta otorduak errespetatzea. Txiki txikitatik hasita errazagoa izango zaigu.
Laburbilduz
Beste osasun arazorik ez badago, argaltzeko denetik jan, elikatzen irakatsiko dizun profesional baten gidaritzapean. Osasuna zaintzea garrantzitsua da, baina ez obsesionatu argaltasunarekin. Gorputz eta izate bakoitzak bere erakargarritasun berezia du.
Osasuna. Elikadura
Argaltzeko motibazioa
Udaberriak aurrera egin eta uda gerturatzearekin batera, dieta 'miragarrien' peskizan hasi ohi da bat baino gehiago. Argaldu nahi dutenek aintzat hartu beharreko aholkuak dira hurrengoak. Guztien gainetik, bat: motibazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu