Argiaren erritua berpiztea

Argindarra iritsi aurretik, egunerokoak erabiltzen ziren kriseiluak etxeak eta lantegiak argiztatzeko, eta ezinbesteko tresna ziren herritarrentzat. Objektu hori gaurkotu dute aurten Bitaminek eta San Telmo museoak antolatutako HAU diseinu lehiaketan.

San Telmo museoko kriseilu bat. SAN TELMO MUSEOA
San Telmo museoko kriseilu bat. SAN TELMO MUSEOA
ane insausti barandiaran
Donostia
2026ko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mekanismoak ez du sekretu handirik. Ez da askorik behar, osagaiak gutxi baitira: kazola moduko euskarri bat, olioa eta metxa bat. Metxa horri su eman eta argia piztean, ordea, mundu oso bat zabaltzen da begien aurrean. Argindarra iritsi aurretik, egunerokoan erabiltzen ziren kriseiluak, eta, eguzkia gordetzean, ezinbestekoak izaten ziren etxeak eta lantokiak argiztatzeko. Errituetarako ere erabiltzen zituzten: tenpluetan, hileta eta botozko ekintzetarako, kasurako. Erritu bat sortzen zen, hortaz, olioa jasotzen zuen objektu horren bueltan.

Hain zuzen, objektu horixe hartu dute gaitzat San Telmo museoak eta Bitaminek aurtengo HAU diseinu lehiaketan. Objektu bat aukeratzen dute urtero, eta haren diseinua gaurkotzea izaten da parte hartzaileen erronka. Maite Errarte Aranzadi zientzia elkarteko etnografia saileko zuzendari eta lehiaketako epaimahaikidearen arabera, kriseilua asko erabili izan da euskal gizartean: «Egia da ez dela objektu esklusibo bat, Euskal Herrian bakarrik erabili dena. Baina, argindarra sortu aurretik, etxe guztietan izaten zen. San Telmo museoan erreferentziazko kriseilu bilduma polit bat dutenez, objektu aproposa da horrelako diseinu lehiaketa baterako».

«Ez da Euskal Herrian bakarrik erabili den objektu bat, baina, argindarra sortu aurretik, etxe guztietan izaten zen»

MAITE ERRARTE Aranzadiko etnografia saileko zuzendaria

Euskal Herrian ohiko objektua zen erakusgarri da euskaraz zenbat hitz dauden hura izendatzeko : kurtzulue deitzen zioten Bizkaian, eta kriseilua edo krisailua Gipuzkoan eta Nafarroan. Gainera, garaian garaiko herritarrek hainbat zereginetarako erabiltzen zituzten tresna horiek, Errartek azaldu duenez: «Botozko ekintzetarako erabiliko zituzten, errituetan, etxean, lanerako... Karburuzko lanpararen eta horrelakoen aurretik, meatzeetan erabiliko zituzten, txerria hiltzeko garaian, iluntzera arte luzatzen ziren lanetan... Horrelakoetan argia beharrezkoa zenez, lanerako erabiliko zuten kriseilua».

Zintzilikatzeko aukera ematen zuten kriseiluek, eramangarriak ziren, eta oinarri baten gainean ere jar zitezkeen. Funtzionamendu sinplea zuten, gainera, Errartek kontatu duenez: «Animalia koipe edo koipe begetal bidez funtzionatzen zuten. Kazola moduko bat daukate, moko itxurakoa sarri. Kazola hori olioz betetzen zuten —sukaldean erabilitako olioz, adibidez—, eta, gero, kotoizko metxa bihurritu bat edo trapu zati bat jarri, hura oliotan ondo busti, eta piztu egiten zuten».

Eredu ugari

Lehiaketarako eredu gisa aukeratutako kriseiluaren antzekoak errementariek egiten zituzten. Eredu hori gutxi gorabehera Erdi Arokoa izango dela azaldu du Errartek, baina sistema askoz ere lehenagokoa dela: «Modelo hori ziurrenik arabiarra izango da jatorriz, baina horrelako argi sistemak historiaurretik ezagutzen dira. Seguruenik, historiaurrean maskor bat erabiliko zuten, edo animalia baten burezurra buelta emanda, edo konkaboa zen zerbait... sistema berarekin».

Eta beste argiztapen eredu batzuk ere azaldu ditu etnografoak. Esate baterako, lucernae izenez ezagutzen diren lanparak jarri ditu adibidetzat. Gizakiak zeramika eta buztina erabiltzen hasi zirenean sortu zituzten horiek, buztin egosiz eginak baitaude: «Erromatar garaikoak dira, eta funtzionamendua berbera da: edukiontzian olioa sartu, kanporantz metxa bat jarri —trapuzkoa edo kotoizkoa—, eta su ematen zioten». 

Kriseilu sofistikatuago bat ere erakutsi du: Erdi Arokoaren antzerakoa da, baina bi kazola ditu bakarra izan beharrean, eta, bata bestearen gainean daudenez, kendu eta jarri egin daitezke. XVI-XVII. mendearen ingurukoa izango da hori, Errarteren hitzetan: «Aukera ematen du goitik erortzen den olioa beheko kazoletan jasotzeko pixkanaka, eta gero berriz ere aprobetxatzeko. Izan ere, goiko olioa erretzen den heinean, soberakina igo egingo da berriro, eta olio hori berriz ere erabili ahal izango da».

Gerora, kerosenozko eta karburozko lanparak ere sortu zituzten. Azken horiek meatzeetan erabiltzen ziren batik bat. Baina argindarra asmatu zenean, sistema berri hark gaina hartu zien ordura arteko kriseilu eredu guztiei: Thomas Alva Edisonen bonbilla 1879. urtekoa da. «Baina, bueno, Euskal Herrira eta lekurik pobreenetara XX. mendea ondo sartuta iritsiko zen», argitu du etnografoak. 

Lehiaketako epaimahaiko kide gisa, azaldu du aurkeztutako proiektuek objektu originalaren funtzioak errespetatzen ote zituzten ikustea hartu duela irizpidetzat: eramangarria izatea, forma aldetik kriseilua gogoraraztea... Uste du lehiaketa baliagarria izan daitekeela objektuei balioa emateko: «Polita da lehiaketa, modua ematen baitu objektu horiek zer garrantzi zuten gogoratzeko eta halako tresnak gaurkotzeko».

Gaur egunera ekartzea

Ikasketak amaitu berri dituen honetan, bigarrenez parte hartu du lehiaketan Sandra Hermosak. Parte hartu bakarrik ez, irabazi ere egin du, Halo izeneko proiektua aurkeztuta. «Proiektuen diseinuarekin lotuta dagoen eta asebeteko nauen zerbaiten bila nabilenez, parte hartu nahi nuen, eta ikusi zer erronka jar niezaiokeen neure buruari», adierazi du. 

Halo, lehiaketako proiektu irabazlea. SAN TELMO MUSEOAK UTZITAKOA
'Halo',  lehiaketa irabazi duen proiektua. SAN TELMO MUSEOAK UTZITAKOA

Hermosak kontatu duenez, lehiaketan ikusi baino lehen ez zuen ezagutzen kriseilua; ez zekien zer zen ere. Lanean nola hasi zen esplikatu du: «Ikertzen hasi, nola funtzionatzen zuen ikusi, eta hasieran iruditu zitzaidan kandela bat zela. Gero, lehiaketako enpresa kolaboratzaile etorri zitzaidan burura, Vellus lanpara enpresa, eta pentsatu nuen buelta bat eman beharko niokeela objektuari, eta beste ikuspegi batetik begiratu».

Bide horretan, amonaren laguntza ere izan zuen: hark azaldu zion nola erabiltzen zuten kriseilua. «Nik beste kriseilu bat neukan buruan, dorretxo baten modukoa, eta ez nekien informazio iturri gisa baliatu ahal izango nuen, ez zeukalako zerikusirik lehiaketarako jarritako ereduarekin. Baina amonak nola erabiltzen zuen jakiteak bide eman zidan harekin hitz egiteko, nola bizi izan ziren jakiteko, eta amonaren eta bilobaren arteko harreman hori bultzatzeko». Objektuak aitzakia izan baitaitezke bizipenak trukatzeko ere. 

«Lanpara pizten duzunekoa zeure buruarentzat duzun tarte bat da, errealitatetik deskonektatzeko tarte bat. Azken batean, modu automatikoan bizi gara»

SANDRA HERMOSA Lehiaketaren irabazlea

Diseinua gaurkotzearekin batera, gaur egun pil-pilean dagoen gai bat jorratzeko ere baliatu du objektua: hiperkonektibitatea, hain zuzen ere. «Lehen, kriseilua erabiltzen zuten josten, ehuntzen... aritzen ziren bitartean. Horregatik erabaki nuen Halo-k ukimenaren bitartez funtzionatuko zuela: lanpara pizten duzunekoa zeure buruarentzako tarte bat da, marraztu egin dezakegu, krotxeta egin... Nahi duzuna, errealitatetik deskonektatzeko. Azken batean, modu automatikoan bizi gara, eta ez dugu astirik izaten geure buruarekin egoteko eta gustuko ditugun gauzak egiteko».

Hortaz, argia piztea norbere buruarekin konektatzeko errituarekin lotu du Hermosak. Lotura emozional horretan dago gakoa, haren ustetan: «Niretzat, produktu batek funtzionatu dezan, lotura emozional bat eduki behar du erabiltzailearekin. Ez baita gauza bera ezer ere gogorarazten ez dizun aulki bat izatea, edo zerbait gogorarazten dizun kriseilu bat izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA