Scott Frankek (The Queen’s Gambit) Jussi Adler-Olsen idazlearen eleberri arrakastatsuak hartu eta telesail formatura egokitu ditu. Istorioa Danimarkatik Eskoziara lekualdatuko da; zehazki, Edinburgora.
Carl Morck (Matthew Goode) izango da telesaileko protagonista nagusia, gertakari traumatiko baten ondorioz denbora luzean bajan egon den Edinburgoko polizia inspektorea. Lanera itzultzean, Q departamentua izenekoaren buru izendatuko dute, argitu gabeko kasuez arduratzen den unitate berri baten buru. Talde bat osatuko du Akram Salim siriar errefuxiatu eta polizia ohiarekin (Alexej Manvelov) eta Rose ofizialarekin (Leah Byrne). Ikertuko duten lehen kasua Merritt Lingard (Chloe Pirrie) fiskalaren desagerpena izango da; lau urte lehenago gertatu zen kasu hura, ferry batean . Elkarrekin, iraganaren arrakaletan galdutako egia bilatzen saiatuko dira.
Matthew Goodek antzezpen lan nabarmena egin du: kanpoko gogortasunaren eta barneko zaurgarritasunaren artean mugitzen den pertsonaia baten rola jokatzen du; House medikuaren oihartzunak dituen pertsona bat da, filtrorik gabea: zintzoa eta zuzena, baina jasanezin samarra. Merritt Lingard eta Akram Salim pertsonaiekin dituen elkarrizketei esker, umore dosi txiki batzuk tartekatuko dira; alde horretatik, ikusleek Slow Horses telesailaren kutsua nabarituko diote lanari, baina Dept. Q ilunagoa eta gordinagoa da. Bestalde, Kelly Macdonald aktore ezagunak introspekzio eta gizatasun une sakonak emango dizkio protagonistari; terapeutaren rola jokatuko du.
Gidoiak bi ibilbide nagusi jorratuko ditu: batetik, Morcken iraganeko pasarteetan eta haren borroka pertsonaletan zentratuko dena; bestetik, Q departamenduko kideek ikertuko duten kasua. Halako batean, bi bideen arteko loturak argitzen hasiko dira.
Istorio erakargarri batean, jariatzen duen iluntasunean eta pertsonaien garapenean, horretan guztian datza telesailaren arima. Generoaren klixeetatik askorik urruntzen ez bada ere, psikologiaz beteriko narrazioa estetika ilun eta zapaltzaile baten bitartez garatuko da une oro.
Telesailak ez du bide erraza aukeratuko: batzuetan erritmo motel samarra dauka, baina halako tarteak dira kontakizunari arnasa ematen diotenak eta pertsonaien barruko iluntasunetan sakontzeko leihoak zabalduko dituztenak. Zuzendaritzak eta gidoiak oreka dotorea lortu dute pertsonaien barne azterketa sakonaren eta misterioz beteriko istorioaren artean.
Generoaren zaleentzako ezinbesteko izenburua, euskarazko azpidatziekin ikusgai dagoena.
Jussi Adler-Olsen
Jussi Adler-Olsen idazle daniarra (Kopenhage, 1950) ezagun egin da azken urteotan berak idatzitako Dept. Q liburuak hainbat aldiz egokitu dituztelako zinemarako. Idazten dituen lanetan, krimenaren ikerketa tradizionalaz gain, sakon jorratzen ditu gizarte arazoak, instituzioetako bortizkeria eta pertsonaien zaurgarritasun psikologikoa. 2013 eta 2024 bitartean, Danimarkan sei film egin dituzte sagako lehen liburuetan oinarrituta. Sortzaile desberdinek zuzenduak diren arren, filmek nortasun bisual koherentea dute, tonu iluna eta giro hotza, liburuen espirituari leial. Film horiek arrakasta handia lortu dute Eskandinavian, eta, mundu osoan zabaltzeaz gain, nordic noir generoaren adibide adierazgarri bihurtu dira.
FITXA
- Sortzailea. Scott Frank.
- Herrialdea. Erresuma Batua.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Matthew Goode, Kelly MacDonald, Chloe Pirrie eta Alexej Manvelov.
- Non ikusi. Netflix.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50-55 minutu.
- Generoa. Thrillerra, polizia telesaila.