Begiek dir-dir egiten diote Alberto Gurreari jotari buruz hitz egiten duen bakoitzean. Txiki-txikitatik oso barrutik datorkion zaletasun horren begirunez, dotore jantzita etorri da elkarrizketara. Txapel eta gerriko gorriak, botoi gorridun alkandora zuria, praka zuriak, San Ferminen paparrekoa eta lepoko handi bat. Hari estimu berezia dio: altxor preziatua da. Umetan Raimundo Lanas jota abeslari ezagunaren alargunak oparitu zion. «Jotak guztia esan nahi du niretzat»
Txupinazoa botatzeko hautagaien artean egoteak zer esan nahi izan du zuretzat?
Guztia, amore ematear bainengoen. Hainbeste denbora dedikatu ostean, ez nuen fruiturik ikusten. Horregatik, garairik hoberenean etorri zait. Poz handia eman dit, egiten dudan horren inguruko itxaropena eman dit. Lehen aldiz txupinazoa botatzeko hautagaien artean egoteak adierazten du jota berriz taupadaka eta indarrez dagoela. Funtsezkoa da niretzat, baita jotarentzat ere.
Zer da jota zuretzat?
Guztia. Konexio moduko bat da, baita nire baitan ere. Oso txikitan hasi nintzen abesten, Andosilla [Nafarroa] nire herriko jota eskolan. Guztiok barruan dugun ume horrekin lotzen nau. Batzuek galdua izango dute, baina nire baitan hor jarraitzen du, ezkutuan. Nire erroak gogorarazten dizkit, nire aita zena, nire jota maisu zoragarria... Dena da ona.
Zer berezitasun du jota nafarrak?
Oso zabaldurik dago: lurralde bakoitzean presente dago. Beharbada, jota aragoiarrak eta nafarrak indar handiagoa dute kantatzeko orduan. Aragoikoa zoragarria da. Ezagutzeko aukera izan dut, eta oso zorrotza da. Estilo bakoitzak hitz asko izan ditzake. Jota nafarra, berriz, bakarra da. Estilo bakoitzak bere hitzak ditu. Askeagoa da. Beste bizitasun bat du.
Akademikoagoa da ala bere izaera herrikoiari eusten dio?
Arrazoi apur bat duzu. Lehenago kantatu egiten zen landa eremuan, tabernan, etxean... Ez zegoen hainbesteko zorroztasunik. Orain, jota eskolak daude, eta, bertako arduradunaren arabera, ikasleek bide hori hartzen dute. Nik beste bide bat hartu dut. Aspaldiko jota irakasle horietako bat izan nuen txikitan, eta horrek balio izan dit nire bidea egiteko.
Zein da bide hori? Zer berezitasun dituzu?
Nire estilo propioa dut. Egiarekin abesten dut, ez dut ezer ezkutatzen. Ez dut eztarriarekin kantatzen. Arimarekin abesten dut. Nire jota zuzenean doa bihotzetik ahora; ez da burutik pasatzen. Uste dut publikoak hori miresten duela eta egia hori baloratzen dakiela.
Teknika berezia duzula nabari zaizu, eztarrian ondulazio moduko bat duzula.
Denok amaitzeko modu berezi bat dugu, batez ere vibratoaren bidez. Notei eutsi behar diezu. Jota oso kantu atletikoa da. Ezerezetik abiatzen zara, eta bat-batean mendirik garaienera igo behar duzu, segundo batean. Oso kantu indartsua da. Eztarriari asko eskatzen dio, baina hori gutxienekoa da. Nik dena ematen dut, gorputz eta arima.
Abesteaz gain, musika eta hitzak jarri dizkiezu kantei. Zenbati?
250i.
Zer gairi buruz aritu zara?
Denborarik eta adinik ez duen horri buruz. Maitasunari buruz, esaterako. Unibertsala da. Maitasun gutun moduko bat da jota. Norbaiti eta zerbaiti idazten diozu. Maitasun gutun bat idatz diezaiokezu Tafallari, Iruñeari, Lizarrari, Erriberriri... Nafarroako herri eta hiri askori dedikatu diet jota.
Eta beste gairik?
Adibidez, genero indarkeriari eta bullying-ari. Hala eskatu zidaten, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Oso beharrezkoa da, eta 250 jotaren artean denetarik dago. Nire amonaren mototsari ere dedikatu diot bat.
Jota hain motza izanik, zer izan behar dute hitz on batzuek?
Egia. Jota entzun eta jendeak esatea badakiela zurea dela, zurea dela berez ez jakin arren. Hitzak oso sinpleak izan daitezke, baina bihotzera iritsi behar dute. Badut bat, oso xumea: Cogidicos de la mano (eskutik helduta). Han urrun ikusten ditut nire ama eta aita, eskutik helduta, lehen aldian bezala. Hain dira xumeak hitz horiek, baina hainbeste gordetzen dute...
Egun kantatzen diren jota gehienak iraganera begira daude. Egungo Nafarroari kantatu beharko liokete?
Bai, jakina. Bandera hori astintzen dut. Ongi dago jota klasikoa kantatzea, baina aurrera begiratu behar da. 70 urtetik gorako jarraitzaile guztiak hiltzen direnean, erreferentziarik gabe geldituko da jende gaztea. Garrantzitsua da jotak bere bidea egitea. Denak egiten du aurrera, zinemak eta musikak. Aldiz, ematen du folkloreak beti iraganera jo behar duela. Nor aldatu da? Ni horren alde borrokatzen naiz, eta jota kantariek esfortzu apur bat egin dezatela.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ez dut etorkizuna ikusten: nik beti orainari erreparatzen diot. Etorkizuna orainaren bidez sortzen da. Poesia eta musika da jota. Duela laurogei urteko jota bat kantatzen baduzu, ederra izan daiteke, baina jota horiek asko abestu izan dira. Aldatu egin behar dira.
Eta zergatik ez dira aldatzen?
Publikoa prest dago jota garaikideak entzuteko. Jota kantari batzuk, berriz, ez. Ematen du lau estrofa buruz ikastea antzezlan bat ikastea bezala dela.
Lotsabako
Jota bat sanferminetarako.Joten jota, San Fermini negarrarazi ziona.
Jota bat San Fermini. Kantatzen diozun hori, berdin zaio.Jota bat parrandarako.Edozein.
Jota bat entzierrorako. Baditut zenbait. Horietako bat.