Berriketan flamenkoa eta txalaparta fusionatzen dituen proiektu bat da. 2008an abiatu zirenean, perkusioarekin eta dantzarekin hasi ziren, eta gaur egun musika tresna melodikoak (gitarra, esaterako) eta kantuak ere sartu dituzte ikuskizunean.
Mikel Aveirok eta Adrian Larrañagak joko dute txalaparta, eta gitarra, Aitor Escobarrek. Angel Lopez del Tororen ahotsak Jose Gil Giliyo-ren perkusio hotsekin bat egingo du. Musika horrek guztiak erritmoa eta melodia emango dizkie La Pulga-ren dantzei.
Andre Maria Zuriaren jaiak hasteko egun baten faltan, ez da ekitaldirik faltako gaur, aste osoan bezalaxe, Arabako hiriburuan.
Gaurkoan garrantzi handia eman diote kirolari, Andre Maria Zuriaren Jaietako Euskal Pilota Txapelketa eta Green Capital Emakumeen Pilota Txapelketa jokatuko baitira, Foru plazako pilotalekuan. Arratsaldean zesta punta jaialdia ere egingo dute, Olabe frontoian.
Bestalde, Blusa eta Nesken Batzordeko taldeek Gasteizko jaietarako egin dituzten pankartak aurkeztuko dituzte 18:00etan: Aihotz plazan egingo dute aurkezpena. Bihar, 18:00etan, Zeledon jaitsiko da, eta jaiak hasiko dira.