Alvaro Arrizabalaga. Arkeologoa

«Arkeologia oparoaldiaren amaiera ikusiko dugu aurki, murrizketak direla eta»

Euskal Herriaren, euskararen eta historiaurrearen inguruan azken boladan zabalduriko teoria asko arrazoiketa zirkularraren ondorio direla dio Arrizabalaga irakasleak. Gaur mintzatuko da Donostian.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Alvaro Arrizabalagak (Oñati, Gipuzkoa, 1965) historiaurrea irakasten du EHUn. Azken urteotako indusketarik garrantzitsuenetan aritu da; Irikaitzen, Lezetxikin eta Praileaitzen, besteak beste. Atzo Donostiako San Telmo museoan Historiaurrearen abenturak erakusketa zabaldu zela eta, bertan hitzaldi bat emango du gaur, 19:30ean: Historiaurreko ehiztari-ibiltariak Gipuzkoan.

Zer gertatu da azken urteotan horrenbeste aurkikuntza egiteko historiaurrearen inguruan?

Batzuetan, emaitzak ugaritu egiten dira. Zientziak askotan horrela funtzionatzen du: aldi batzuetan, lan egiten da ikerketa taldeak osatzen, esaterako, eta gero garai kritikoa sortzen da talde horiek emaitzak lortzen hasten direnean. 1982. urtera arte, historiaurreko indusketa bakarra zegoen Gipuzkoan. Geroztik, asko ugaritu dira ikerketa taldeak eta indusketak, eta horrek fruituak ematen ditu azkenean.

Gaurko krisiarekin, berriz atzera?

Beharbada, oparoaldi honen amaiera laster ikusiko dugu. Azken bi urteetan nahikotxo jaitsi dira aurrekontuak, eta arrisku handia dago datorren udan zailtasun handiak izateko indusketak egiteko. Aurten, esaterako, duela 13 urteko aurrekontua izan dugu Zestoako Irikaitz aztarnategian. Noski, taldeak murriztu behar izan ditugu, eta indusketa egunak gutxitu.

Eguraldiaz kexatzen gara orain, baina nork aukeratzen zuen hemen bizitzea garai haietan?

Pirinioak bi norabideetan gurutzatzeko pasabidea da hau. Beraz,Iberiar penintsula populatzeko korridore gisa erabili zuten: Oria ibaiaren arroak oso populazio gutxi zuen, baina kostaldean, Bidaso, Urumea eta Urola aldean, aztarnategi asko daude. Debarroa lurraldean sakontzeko erabiltzen zuten, eta Ebroren arrora sartzeko. Korridore hori Lapurdin luzatzen zen, baina Tolosako bidea [Okzitania] hartzen zuen gero, Landak basamortua zirelako pleistozeno osoan.

Beraz, euskarak irauteko arrazoia Euskal Herria bakartuta egon izana dela diotenek ez dakite zer dioten?

Euskal Herria pasabidea izan da beti, Paleolitoan eta ondoren. Ez da inoiz uharte bat izan.

Zer deritzezu Euskal Herria «Paleolitoko oasi» gisa aurkezten dutenei?

Arkeologiaren aldetik, Euskal Herriak ez du berezitasunik; izatekotan, Kantauri alde osoak luke, eta hor Euskal Herriak inork baino gutxiago. Askoz aztarnategi eta haitzuloetako arte gehiago dago Asturiasen eta Kantabrian. Oso mitifikatuta dauzkagu historiaurreko elementu batzuk, arrazoiketa zirkularrak eraginda: britainiar uharteetan, esaterako, Paleolitoan populaziorik egotea ezinezkoa zela esaten zuten, oso iparrean daudelako. Ondorioz, inor ez zebilen aztarnategi bila. Agertu ziren arte.

Eta uharteotako lehen biztanleak Euskal Herritik joan zirela dioen teoriaz zer diozu?

Ingalaterrako aztarnategi batean jartzen zuten musika oso ezaguna egin zitzaidan behin. Tomas San Miguelena zen, eta kreditoetan zera zioen: «Agian euskara zen Ingalaterrako Mesolitoko hizkuntza». Gehiago hitz egin beharko genuke arkeologook, hizkuntzalariok eta genetistak, ez erabiltzeko besteen informazioa era arinean. Badira Amerikako kontinentea Euskal Herriko Solutre aldiko aztarnategietatik populatuta dagoela diotenak. Kutsu arrazista du horrek, gainera: Europako abizenak dituzten AEBetako arkeologoek nahiago lukete euren herrialdeko populazioa Europatik joan izana, Asiatik joana izan beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.