ArkiTetak taldeko kideak

Irati Azkue eta Maddalen Laskurain: «Arkitektura ez da besteak nola biziko diren zure bulegotik erabakitzea soilik»

Badira emakume arkitektoak, badira arkitekto feministak. Baina isilarazi egin dituzte, ezkutatu. ArkiTetak taldeak, baina, plazara ekarri ditu, haiek aitortu: erreferente askorekin 'hiztetaldiak' egin.

Irati Azkue, Itziar Lizarzaburu, Lide Arzamendi eta Maddalen Laskurain, ostiralean, beren pabiloian. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Azkue, Itziar Lizarzaburu, Lide Arzamendi eta Maddalen Laskurain, ostiralean, beren pabiloian. IÑIGO URIZ / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2025eko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arkitektura ikasketak bukatu berri dituzte, eta ez daude konforme jasotakoarekin: emakume arkitektoen ahotsa ez diete transmititu, ez diete erreferenterik eman. Horri buelta emateko sortu dute ArkiTetak taldea. Eta horregatik eraiki dute berotegi bat EHUren Arkitektura Fakultatearen aurrean, Donostian; horrekin lotutako hiztetaldiak antolatzen ari dira han, Mugak Arkitektura Bienalaren barruan. Bost arkitekto feminista dira ArkiTetak: Maddalen Laskurain, Irati Azkue, Lide Arzamendi, Itziar Lizarzaburu eta Miren Garro. Laskurainek (Soraluze, Gipuzkoa, 2001) eta Azkuek (Orio, Gipuzkoa, 1996) bosten izenean hitz egin dute.

Googleri azkar galdetuta, munduko bost arkitekto nabarmenetatik lau gizonak dira.

MADDALEN LASKURAIN: Bai. Gaur egun oraindik horrela da, eta hau sortu dugu erreferente falta izan dugulako ikasketetan.

IRATI AZKUE: Eta esfortzu aktibo bat egin behar duzulako zuk zeure kasa aztertzeko zer emakume erreferente ditugun; ez bakarrik emakumeak, baizik eta gizonak ez direnak. Ikasketetan izen asko ikasten ditugu, eta denak gizonak dira orokorrean. Emakume arkitektoak ezkutatu egin dituzte.

Zuek arkitektoak zarete, eta arkiTetak ere bai. Zergatik erabaki duzue bata eta bestea izatea?

LASKURAIN: Guk ikasketa hauek aukeratu genituen, gustatu zitzaigun, eta bukaerara arte segitu dugu. ArkiTetak sortu genuen falta hori nabaritzen genuelako, eta zerbait egin nahi genuelako. Gutun bat idatzi genuen, eta hemen gaude orain, saio hauekin.

AZKUE: Euskara neutroa da, baina egia da arkitekto hitzarekin segur aski burura aurrenik gizon bat etorriko zaigula, eta horregatik feminizatu dugu nahita izena, garbi gera zedin zertaz den hau.

Erreferente falta hori nabaritu duzue irakasleen artean?

LASKURAIN: Proiektuak izeneko ikasgaian gure irakasle guztiak gizonak izan dira. Emakume bat bazegoen, baina guri ez zigun eman.

AZKUE: Eta nabaritzen da.

LASKURAIN: Historian, irudigintzan... eduki ditugu emakumeak, baina alor teknikoagoan beti gailendu dira gizonak.

AZKUE: Barneratu dugu emakumeak garenez ez garela iritsiko Proiektuak irakasgaiko irakasle izatera. Edo zailagoa dela: erreferente faltak berekin dakar pentsatzea guk beste bide batzuk hartu behar ditugula.

LASKURAIN: Horregatik dira hizlariak ez-maskulinoak. Ahalegin bat izan da haiei ahotsa emateko.

«Erreferente faltak berekin dakar pentsatzea guk beste bide batzuk hartu behar ditugula»

IRATI AZKUEArkiTetak taldeko kidea
Hainbeste irakasle gizon izateak ba al du eragina arbelera ateratzeko unean?

AZKUE: Hortik ere sortu zen. Masterrean ikusi genuen geure burua zentsuratzen genuela, uste genuelako ez geneukala nahikoa lan eginda aurkeztera edo zuzentzera ateratzeko. Gutxietsi egiten genuen geure burua.

LASKURAIN: Konfiantza faltagatik.

AZKUE: Eta ikusten genuen gure lagun mutilak, edozer gauza edukita ere, nahiko ausart sentitzen direla. Guk ere gauzak egitea badaukagula sinisteko ere muntatu dugu hau.

Hiztetaldiak, alegia.

LASKURAIN: Erreferente falta horri erantzuna eman nahi diogu zazpi saiotan, geure interesetik sortutako gaiak jorratuz.

Berotegi bat da zuen pabiloia.

LASKURAIN: Eskala domestiko bat eman diogu, hizlariak eta entzuleak gustura sentitzeko.

AZKUE: Helburuetako bat izan da espazio publikora ateratzea hitzaldi hauek.

Eta hizlari denak ez dira arkitektoak.

AZKUE: Hitzaldiak diziplina artekoak izateko interesa genuen.

LASKURAIN: Adibidez, Eutsi-n [lehen hiztetaldia, zaintzaz] Izaskun Chinchilla eta Atxu Amann arkitektoak etorri ziren, baina Lore Lujanbio filosofoa eta Txirikordako hiru biztanle ere bai.

Arkitektura, beraz, ez da etxeak eraikitzea bakarrik.

AZKUE: Ez. Arkitektura ez da beste batzuk nola biziko diren zure bulegotik erabakitzea soilik.

LASKURAIN: Jendearentzat eraikitzen edo proiektatzen dugun heinean, jendearekin harremanetan egon behar dugu, eta hori plazaratu nahi dugu.

«Jende askoren artean egiten den diziplina bat da: ez da arkitekto bat, talde bat da»

MADDALEN LASKURAINArkiTetak taldeko kidea
Eta hiri paisaiari erreparatu behar zaio. Horri buruz egin duzue Errotu.

LASKURAIN: Orain egiten den arkitektura beti berdina da: eraikin zuri eta beltz hori. Hiri bakoitzak daukan nortasuna arkitekturan adierazi egin behar da, eta ez du denak berdina izan behar. Jendeak harremana du eraikinekin.

Eta ofizioari berari begiratu diozue Bideratu-n.

LASKURAIN: Ikusi genuen hobera doala emakume arkitektoen egoera, baina baita lan asko dugula ere.

Hitzaldi gehiago egin dituzue, eta beste batzuk dituzue aurretik. Bada mugarri bat?

LASKURAIN: Esan behar da hau bosten artean egin dugula; batek ezingo zuen egin. Arkitektoaren irudia izan da pertsona bakarrarena, bera bakarrik lanean...

AZKUE: Eta ezinezkoa da. Inoiz ez da izan pertsona bat.

LASKURAIN: Eta gaur egun kooperatiba asko daude. Hau bosten artean egin dugu, lagunak eduki ditugu muntatzen laguntzen... Jende askoren artean egiten den diziplina bat da: ez da arkitekto bat, talde bat da.

Hiztetaldiak bukatuko dira, baina arkiTetek segituko duzue?

LASKURAIN: Bai, segituko dugu.

AZKUE: Gustatuko litzaiguke ez gelditzea anekdota batean.

lotsabako

Erreferente bana?
AZKUE: Tatiana Bilbao.
LASKURAIN: AMA bulegoa.

Arkitektura ikuspegi feministatik irakurtzeko...
BIEK:
Mujeres, casas y ciudades, Zaida Muxirena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.