Arkitektoa

Naiara Albizua: «Arkitektura politika da, eta egiten duzun guztian dago»

Durangokoa den arren, Naiara Albizua Katalunian trebatu da arkitekto gisara; hainbeste, non Kataluniako Arkitektura Gaztearen Bienaleko komisarioa izan baita. Arkitektura estudio bat ireki berri du: Objet A.

Naiara Albizua. NAIARA ALBIZUA
Naiara Albizua. NAIARA ALBIZUA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko otsailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vogue aldizkariaren arabera, Bartzelonako eszena sortzailearen eta kulturalaren erretratua egiteko, ezinbestekoak dira hamabi izen. Horietako bat arkitekto euskaldun batena da: Naiara Albizua (Durango, Bizkaia, 1996). Kataluniako Arkitektura Gaztearen Bienaleko komisarioa izan berri da Carmen Salasekin batera, eta harekin ireki berri du Objet A estudioa.

Nola iritsi da Durangoko arkitekto bat Kataluniako Arkitektura Gaztearen Bienaleko komisario izatera?

Bartzelonara etorri nintzen arkitektura ikastera, eta pandemia pasatu eta gutxira bukatu nuen. Urte asko denetariko estudioetan lanean pasatu ostean, Carmen Salas lagunak eta biok erabaki genuen deialdi ireki batera aurkeztea. AJAC Kataluniako Arkitekto Gazteen Taldeak deitu zuen, eta ideia bat aurkeztu behar genuen. Itxaropen gutxirekin, baina aurkeztu egin ginen. Halako arkitektura lehiaketetara jende asko aurkezten da, eta zuk baino gauza gehiago egin dituen jendearekin lehiatzen zara. Horrelako zerbait egiten genuen lehen aldia zen, eta zortea eduki genuen: arriskatu ziren.

Bienalean aldi honetako krisiei erreparatu diezue. Nola ari da arkitektura haietara egokitzen?

Guk leku abstraktu batetik abiatu genuen bienala, baina gero jabetu ginen proiektuak erakutsi behar genituela krisi orokortuaren testuinguru horretan... Arkitekturan dena geldoa da. Aurrez garatutako ideia batzuk dituen bezero batentzat diseinatzen duzu, bai bezero pribatu batentzat, bai erakunde publiko batentzat, eta hori aldatzea geldoa eta zaila da. Nahiz eta oso argi duzun nola egin behar diren gauzak, enkargu baten zerbitzura egon behar duzu...

Hori da bienalaren ondorioetako bat? Zaila dela...?

Ez! Bizi dugun errealitate prekarioari aurre egiteko moduetako bat da indibidualtasunetik egitea. Proiektu guztiek lantzen zuten errealitate hori modu batean edo bestean. Denak belaunaldi berekoak izateak eta errealitate hau partekatzeak irtenbide komun batzuk hartzea dakarkigu, arkitektura eta gizartea modu berean ikustea. Garrantzia eman diogu denetariko ikuspegietatik lan egiteari; ez da egongo irtenbide orokor bat.

Eta zer ideia errepikatu ziren?

Saiatu ginen bienal transbertsal bat egiten, ez zedila soilik arkitektonikoa izan. Arkitektoez gain, bestelakoak ere ekarri genituen, adibidez, Julia Nueno —Gazako genozidioaz aritu zen ikuspegi arkitektonikotik— eta Saul Baeza —datu biometrikoek Interneten duten presentzia ikertzen du—. Eta arkitektura beste ikuspegi batetik jorratzen dutenak ere etorri dira, jakina; adibidez, La Cuarta Piel kolektiboa. Arkitektura eraikia baino gehiago, zentro artistikoetako instalazio txikiak lantzen dituzte.

Izan ere, arkitektura ez dago gizartetik at.

Guk hasiera-hasieratik esan dugu: arkitektura politika da, eta egiten duzun guztian presente dago. Era isolatuan ulertzeak ez du zentzu handirik.

Arkitektura egiten denean, baina, faktore sozialak aintzat hartzen dira?

Zaila da kontuan ez izatea; beti ari zara gizarteko zatiren bati erantzuten.

Gizartearen menpe egon behar du arkitekturak, edo alderantziz?

Nire ustez, batak eragina du bestean. Edozein kasutan, arkitektura on batek gizartea hobetzen lagundu dezake. Hori argi dago. Arkitekturak garaian garaiko behar orokorrei erantzun behar die eta.

«Arkitektura on batek gizartea hobetzen lagundu dezake. Garaian garaiko beharrei erantzun behar die eta»

Prekaritatea da arkitekto gazteak gehien batzen dituena?

Guztiz. Aurreko belaunaldia etxebizitzaren krisi bete-betean atera zen unibertsitatetik, eta panorama prekario horrekin egin zuten topo. Gu sistema horren oinordekoak gara: gure sektorean hartu diren ohitura batzuetatik ateratzea zaila izango da. Soldatak eskasak dira, lanorduak asko, eta badakizu zuk alde egiten baduzu beste bat sartuko dela.

Carmen Salasekin estudio bat ireki berri duzu, ezta?

Bai! Arkitekturaren gauza ona zera da, ordenagailu bat edukita ja ireki dezakezula estudioa. Objet A izena ipini diogu. Jacques Lacanen ideia batetik dator: desirarekin eta fetitxearekin du lotura. Nire ustez, arkitekturaren erdia baino gehiago gauza bukoliko hori da, fetitxearekin lotutakoa.

Euskal Herrian birgaitzen dituzten eraikinak berdin-berdinak egiten dituzte, bada...

Eraikin zebra horiek, ezta? Masei saldu zaien ideia honekin dago lotuta: txalet moderno horizontala pisu bloke batean. Zenbat eta aseptikoago, orduan eta modernoago... Nahiz eta berez modernitateak ez zuen inoiz horri buruz hitz egin! Zabaldu den irudi bat da, oso inpertsonala, baina arrakasta duela dirudi...

Eta Euskal Herrian lan egin nahi zenuke?

Izugarri gustatuko litzaidake! Etxera itzultzea beti izango da opari bat.

lotsabako

Erreferente bat?
Andres Jaque. Arkitektoa ez ezik, pentsalari bat da.

Eraikin kuttun bat?
BAST – M26.

Irudi geometriko bat?
Poligono irregularra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA