ATZEKOZ AURRERA. Jordi Calvo. Centre Delaseko kidea

«Armagintza inbertsio segurua da bankuentzat»

Calvok dioenez, banku ia denek daukate inbertsioren bat armagintza sektorean. Azken hamar urteetan, horren inguruko ikerketak eta kontzientzia sortzeko kanpaina egiten ari da.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2016ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Bakearen eta armagabetzearen inguruan kontzientzia bultzatzen du Kataluniako Centre Delas elkarteak. Bertako kide da Jordi Calvo (Castello, Herrialde Katalanak, 1975), eta, besteak beste, arma industria nola finantzatzen den ikertu du. BBVAk ostiralean egin zuen akziodunen batzarra dela-eta etorri da Bilbora, banka armatuaren inguruko kanpaina bertan zabaltzeko. Gerrarako aurrezten duzu? izeneko hitzaldia eman zuen.

Galdera zuk bota duzu: gerrarako aurrezten al dugu?

Bankuaren arabera, bai. Gehienok banku tradizional batean daukagu dirua, etikoa ez den batean, eta, horrela, gerrarentzat aurrezten edo laguntzen ari gara. Bankuak daukan diruaren %7 edo %10 bakarrik dago eskuragarri; gainerako guztia nahi duen horretarako erabiltzen du.

Armagintza industrian inbertitzen duten bankuen inguruko ikerketak egin izan dituzu, eta horietan BBVA da txapeldun...

Bai, banka armatuaren inguruan egin ditugun ikerketa guztietan BBVA izan da beti, alde handiz, industria horretan gehien inbertitu duen bankua. Iturri gutxi dauzkagu eskura, eta horietako bat arma nuklearretan egiten diren inbertsioen ingurukoa da. Horietan azaltzen dira BBVA, Santander, Sabadell... Bestalde, Espainian armak ekoizten dituzten enpresa garrantzitsuenak ere ikertzen ditugu, horietan nork inbertitu duen jakiteko, eta antzeko izenak errepikatzen dira hor ere.

Inbertsio segurua da armagintza bankuentzat?

Bai, oso segurua da. Esango nuke dagoen inbertsiorik seguruena dela, armen enpresa ia denen erosleak estatuak edo defentsa ministerioak direlako. Armekin Calatravaren zubiekin bezala gertatzen da: prezio bat jartzen diote hasieran, eta, behin eskaria ekoitzita daukatela, prezioa bikoiztu egiten dute. Eta, noski, dirua denona denez, eztabaidarik ez dago, eta estatuak bi aldiz pentsatu gabe ordaintzen du. Bankuek badakite industria estrategiko bat dela, estatuak babestuta dagoela, azkenean beti ordaintzen delako. Beraz, inbertsio oso segurua.

Hor hasten da banka armatuaren eta etikoaren arteko ezberdintasuna.

Hala da. Banka armatuak ez dauka mugarik armen industrian inbertitzeko, lehenesten dena irabaziak direlako. Irabazi seguruak nahi badituzu, arma industrian inbertitzeko aukera dago, eta gehienek egiten dute hori. Hori egingo ez dutela bermatzen duten bakarrak dira banku etikoak, baina gutxi dira. Egia da badirela aurrezki kutxa batzuk kritikekin sentiberagoak direnak. Ikerketetan euren izenak azaldu direnean min eman die, eta euren ekarpenaren zati bat kendu dute armagintzatik. Baina horregatik ez dira etiko bihurtzen.

Banku etikoen kontzeptua ez da berria, baina badirudi gizartera ez dela iristen. Zergatik?

Gu kanpaina honekin duela hamar urte hasi ginen. Eta, hasieran, jendeak ez zituen bankua eta armak lotzen. Orain, badago horren inguruko kontzientzia bat. Batzuk informatzen saiatzen dira, eta badago kontzientzia bat bankuek badutela ardura etiko bat. Denbora beharko da, ordea, jendea bankuz aldatzeko. Baina ni baikorra naiz. Ez da erraza trantsizio hori egitea, eta, horregatik, gomendio bera egiten dut beti: ez egin aldaketa bat-batean. Zabaldu kontu bat banku etiko batean, eta jarri euro bat. Denborarekin joango zara ikusten zein alde dagoen.

Azken urtean gerrak areagotu egin dira. Esan daiteke banku batzuk gustura egongo direla?

Zaila da gerrak eta armagintza zuzenean lotzea. Noski, denok pentsatzen dugu herrialde bat bonbardatzera doazenean sektore hori gustura egongo dela, enpresa horien negozioa ondo joango delako. Baina zuzeneko lotura egitea zaila da. Horregatik ikusten dute bankuek sektore erakargarri moduan. Baina, pentsa, Espainiako armagintza enpresen zorra %73 da, eta euren ekoizpena bankuetatik lortzen duten dirutik bideratzen dute. Finantzaketarik lortuko ez balute, lau armatik hiru ez lirateke existituko. Bistan da horrek sekulako eragina izango lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.