Indarkeria normaltzat jotzen denean, noiz da gehiegizkoa? Aro Modernoan, senarrak hiltzeko arriskua zuten andre batzuek dibortzioa eskatu zuten. Gutxi izan ziren, baina garai hartako gizartearen «isla ona» dira, desberdintasun ekonomiko eta sozialen berri ematen baitute, baita sexuen arteko dinamikena ere. Hala uste du Nere Jone Intxaustegi Jauregi Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak (Bilbo, 1986). Gaiaren inguruko hitzaldi bat eman zuen herenegun, Bilboko Foru Liburutegian. Aukerak aukera, ordea, senar ohia hiltzean baino ez ziren erabat askatzen emakumeak.
Ematen du dibortzioa eskubide modernoa dela, XX. mendean lortutakoa. Baina aurretik ere egon ziren kasuak.
Kontua da dibortzio mota ezberdinak direla. Lehen, elizatik baino ez zen posible ezkontzea; dibortzio eklesiastikoa zegoen, gaur egun bezala. Senar-emazteak bakoitza bere etxean bizi ziren, baina ezin ziren berriro ezkondu bikotekide ohia bizirik zegoen bitartean. Gaur egun ere, dibortzio zibila lortzen baduzu berriro ezkon zaitezke, baina ez elizatik.
Zuzenbide kanonikoaren bidez dibortziatzen ziren. Zer rol zuten elizgizonek?
Gotzainek epailearen tokia zeukaten dibortzio epaiketetan. Bizkaiko eta Arabako emakumeek Calahorrara joan behar zuten, eta Gipuzkoako gehienek, Iruñera. Baina emakume haiek nola zekiten Calahorrara joan behar zutela eta zer pauso eman behar zituzten? Bi kasutan oso argi ikusi dut, eta beste batzuetatik ere ondorioztatu daiteke: emazteen bizitza arriskuan ikusten zutenean, apaizek esaten zieten zeozer egin behar zutela. Senarrekin ere hitz egiten zuten, baina batzuetan ez zieten jaramonik egiten. Elizaren rola bikoitza zen: alde batetik, ez zuten dibortziorik nahi, horrek desegonkortasuna sor zezakeen-eta gizartean; beste alde batetik, ikusten zutenean ez zegoela beste konponbiderik, tramiteak hastera animatzen zituzten emakumeak.
Epaiketa publikoak zirela nabarmendu duzu.
Senar-emazteek edo haien abokatuek kontu guztiak azaldu behar zituzten gotzainaren aurrean, eta gauza delikatuak ziren. Garai hartan, desberdina zen Elizarekin zeukaten harremana. Bakoitzak bere testiguak eramaten zituen. Pribatutasunik ez zen existitzen. Gainera, euskal populazioan gehienek euskaraz baino ez zekiten, baina Calahorrako gotzainak ez zekien euskaraz; itzulpena egin beharra zegoen. Zenbat hitz eta gertaera geratuko ziren bidean... Eskribauek edo apaizek itzultzen zuten guztia.
Ez ziren itzulpen neutroak izango...
Nik zalantza daukat, eta beste ikertzaile batzuek ere nabarmendu dute: emakumeek benetan esan zutena agertzen da dokumentuetan?
«Elizaren rola bikoitza zen: alde batetik, ez zuten dibortziorik nahi; beste alde batetik, ikusten zutenean ez zegoela beste konponbiderik, tramiteak hastera animatzen zituzten emakumeak»
Besteak beste, XVII. eta XVIII. mendeetan Gasteizen izandako bost dibortzio kasu aztertu dituzu; hirutan, tratu txarrak ziren motiboa.
Dibortzio gehien-gehienak emakumeek eskatzen zituzten, eta ia beti tratu txarrak salatzen zituzten. Epaiketa batzuetan, hogei pertsonak hartu zuten parte, eta askotan medikuak ere deklaratzen zuen: hark ziurtatzen zuen emakumea artatu zuela, abortuak izan zituela tratu txarren ondorioz... Sententzien berri dugun kasuetan, emakumeen ehuneko handi batek lortzen zuen dibortzioa.
Beste zer arrazoi egoten ziren?
Gizonek ere eskatzen zuten, baina oso bestelako arrazoiengatik: normalean, uste zutelako seme-alabak ez zirela beraienak. Eta emakumeei dagokienez, tratu txarrez gainera, beste gauza batzuk ere aipatzen zituzten. Adibidez, senarraren alkoholismoa, eta horrek eragindako indarkeria. Edo dotea xahutu zuela alkohola edaten edo apustuetan. Adulterioa ere aipatzen zuten: gizonak beste emakume batekin harremanak izan, eta emazteari gaixotasunen bat kutsatu ziola; gainera, sexu bidezko gaixotasun batzuk oso agerikoak ziren, azalean igartzen ziren. Batzuetan, emakumeek ez zuten dibortzioa eskatzen, baizik eta dotea itzultzeko, bizitzeko behar baitzuten.
Zer gertatzen zitzaien dibortziatzen ziren emakumeei?
Asko familiakoengana joaten ziren. Edo komentu batera: han egoten ziren epaiketak iraun bitartean, eta, askotan, hor geratzen ziren bizitzen, leku oso seguruak ziren eta; gizarte hartan, emakume bat bakarrik egotea etxean... Eta seme-alabei zer gertatzen zitzaien? Donostiako eta Bilboko kasu batzuetan, adibidez, emakumeak alaba txikiekin sartu ziren komentura. Edo familia jartzen zen haurren tutore; aitonak, batez ere. Kontuan eduki behar da senar-emazteek zenbat urte zituzten: beste kasu batean, senar-emazteak zaharrak ziren ordurako, eta emakumea apaiza zen semearekin geratu zen bizitzen.
Gutxi gorabehera, zer adinekin eskatzen zuten dibortzioa?
Denetarik dago: ezkondu eta sei hilabetera eskatzen zutenak, edo hamar urtera, edo 30era... 60 urteko emakumeek ere eskatzen zuten. Bizitzak ematen dizun esperientziak eta mentalitateak halako erabakiak hartzera eroan zaitzake.
Legeak zer eskubide aitortzen zizkien emakume dibortziatuei? Garai hartan ezkontzak babes ekonomikoa eta prestigio soziala ematen zituela kontuan hartuta...
Legearen aurrean, oraindik ezkonduta zeuden; hori da arazoa. Negozio askotarako, senarraren baimena behar zuten, eta, dibortziatu ostean, batzuek ez zieten ematen.
lotsabako
Dibortzio kasu bat?
Donostiako Okendo familiarena. Oso aberatsak ziren. Emazteak dibortzioa lortu zuen, senarrarekin bueltatu, eta seme-alaba gehiago izan zituen, eta berriro banatu ziren.Mende bat?
XVI., XVII. eta XVIII. mendeak ditut gogokoen.